Lerro dislokatua. Trastorno beltza.
Deshumanizazioari ihes egiteko hainbat estrategia erabiliko du Canok "Pasaia Blues"en.
1-Lerro zuzenak deshumanizaziora garamatzanez, "Pasaia Blues"en sistema, pertsonaiak inguratzen dituen sistema politikoa ez bezala (lerro zuzen kronologikoan oinarritua), justua izango da, baina desordenatua. Canok nahiago du anabasa arteza ordena injustua baino. Hori dela eta daude atalak era kubista poliedriko batez antolatuta, kronologikoa baino sekretuagoa eta iradokorragoa den taxu baten arabera; izan ere, “Zai” ataleko pasartean Olatz eta Marta eta Cesar Telleria zain dauden bezala, “Zoi” atalean berriz pasarterik zoienak dauzkagu; ezinezkoa ematen du, berriz, “Bele”ko pasarteak (kasurako, belearen ametsa, aurrena Hildako Ekibokatuaren aurpegia eta gero Camaronena hartuko duen belea, Martaren eskuetan bihotz bilakatuko dena) “Bele” atalaz landa irudikatzeak, eta zer esanik ez “Arma”koak edo, areago, “Tiro” zein “Blues”ekoak.
2-Lerro zuzenari muzinak, kausa eta ondorioa ere ukituko ditu. Etengabe aurrera doan denbora bakarrak ondorioa kausa eta gero erakutsi ohi du. Bere gontzetarik jalgiaraziko du denbora molde hori Canok. “Pasaia Blues”en, Hamletek zioen bezala, “the time is out of joint”.
“Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”en ez dago ia kausazko lokailurik. “Pasaia Blues”en, berriz, kausen eta ondorioen arteko harremana epileptikoa da, sakabanatua, trastornatua. Ondorioa kausa baino lehen ageri da maiz, atzekoz aurrera: aurrena beltzunea eta ondoren masailekoa, edo bestela Ertzaintzaren satorra ETAren komandoan infiltratu baino lehen jarriko dute Madril hankaz gora satorraren informazio bat dela eta.
3-Kausaren eta ondorioaren arteko harreman epileptiko hori, gainera, unibertso osoaren gaineko ikuspuntu koherente hertsi itogarri baten baitan dago kokatua. Roberto Boaza komisarioburua mintzatuko zaigu argi kosmologiaz, Trintxerpeko jatetxe batean karramarroak bazkaldu bitartean.
“Pasaia Blues”en betiereko itzulera ez da estoikoena, jatorrizko biribila sute orokorrak burutu ondoren lehenbiziko errepikapenak kalkatuko duela dioena, eta gero bigarrenak, eta abar. Baina Nietzscheren zenbait arrazoibide badarabil ere, Nietzscherena ere ez da zehazki, Canok fisika modernoa aintzat hartu baitu.
Mugatua da Unibertsoa, materia eta indar kopurua zehatza da, nahiz ikaragarri handia izan. Denbora infinitu baten baitan, eta denbora infinitua denez, materia eta indar finituen konbinazio posible guztiek gertatuak behar dute dagoeneko. Errepikatzea litzateke izatearen funtsa. Horretan bat egingo lukete Canok eta Nietzschek.
Arazo bitan desberdinduko lirateke.
Batetik, Nietzschek betiereko itzulera zamarik astunena (iraganetik datozkigun errua eta damua) paretik kentzeko baliatuko du, iragana ere asmatu ahal izateko: betiereko itzulera alai honen arabera, nolakoa datorren unea, halakoa izango baita iraganean behin eta berriro.
Canok ostera etsimenduz erantzungo dio betiereko itzulerari: geroa iragana lakoa izango denez, ez dago zereginik, datorrena datorrela eta kito. Ez ditu Nietzschek bezala mugarri pasatuak askatasun dantza batean kolokan jarriko. Iragana errepikatzera kondenatuko gaitu. Benetako berritasuna ukatuz patuaren ezinbestekotasuna du azpimarratuko: Cesar Telleriak aurre-aurrean izan arren ikusi nahi ez eta txatarrara eramango duen patua, hain goibel.
Bestetik, Canok Nietzschek ezin ezagutu izan zituen datuez hornitu du bere ikuspuntua.
Dirudienez, unibertsoa Big Bang-az geroztik hedatzen ari bada ere, bertako materia mugatuak kopuru jakin bat gaindituko balu, orduan egunen batean topea jo eta grabitazioaren eraginez unibertsoa berriro elkartzen hasiko litzateke. Gaur egun ezagutzen dugun materia kopuruak etengabeko hedatzea ziurtatuko luke, denbora kronologikoa. Hala ere, ez dakigu zenbat materia gordetzen duten zulo beltzek. Astrofisikoek diotenez, neurri jakin batera helduko balitz, orduan bai, unibertsoa halako batean kuxkurtzen hasiko litzateke eta Big Bang-a baino lehenagoko arrautza kosmiko berdinera itzuliko ginateke, Big Crunch batez bilduz azkenik arrautzazko ernamuinera.
Zentzu honetan konplikatuko du “Pasaia Blues”en gertaeren antolakuntzak betiereko itzulerari buruzko ohiko ikuspuntua. Zenbaitetan ematen baitu Big Bang-etik hedatzera beharrean hedatzearen topetik Big Crunch-erako bidean gaudela, atzeraka bizi garela. Itzulbide horretan, jakina, ondorioa kausa baino lehen agertuko da, aurrena satorra akabatzea eta gero satorrarekin txortaldia. “Pasaia Blues”en ez dakigu zehazki unibertsoa hedatzen ari den ala honez gero itzulbidean ote gauden, Big Crunch-erantz. Betiereko itzulerak eta zulo beltzek erabakiko dute “Pasaia Blues”, metafora kosmikoek zeharkaturiko nobela. Amesgaiztoak gela zulo itogarrietan daude kokaturik, etakideek gela itogarrietan egingo dituzte, bero txundigarriko azaroan, eta Pasaia bera unibertso hertsi itogarri batean datza. “Pasaia Blues”ekoa, hedatzen ala estutzen ari ote garen zalantzan dabiltzan mugen baitan iragana errepikatzera kondenatzen duen denbora moldea duzu. Zulo beltzek gordetzen dituzte sekretuok, zulo beltz naturalek (galaxietakoek), baina baita gizatiarrek ere (bainerakoek eta donutsetakoek).