Autouzkigrafia
Ez nuen jakin seinaleak behar bezala irakurtzen.
Behin batean, lagun homosexual batekin etikaz solasean ari nintzela, nik etika abegitsu baten alde egin nuen, hospitalitatearen alde, eta berak norberaren gorputzean beste bati sartzen uzteak abegi ona garatzen laguntzen duela erantzun zidan. Zorionekoak direla emakumeak oro har, baina gizonok berriz aukera eder hori alferrik galtzen ohi dugula. Popatik ematen utz niezaion nahi zuen. Argudio panoplia aberatsa erabili zuen barren.
Uda honen hasieran, urtero bezala ia, Frantziako Itzuliaren gaineko Juan Luis Zabalaren eta Julen Gabiriaren artikuluek berotuta, alaben txirrindua hartu eta Bakioraino joan nintzen Bermeotik. Aulkitxotik jaistean kolpe txar bat hartu nuen koxis aldean. Astebetegarrenera oinazea sentitzen hasi nintzen eremu latz horretan, baina uzki aldean gehiago hezurrean berean baino. Erredurazko ziztada ikaragarri batzuk ziren, bizpahiru ordu zirautenak, eserita zein zutunik nabari zirenak, lo nahiz esna.
Arazoaren galaxiaren izarrak piztuz zihoazen pittinka-pittinka. Era berri batez hasi nintzen Japoniako bandera ikusten. Arratek abuztuan zenbait gauetan lo egin ezinik egongelara joan, telebista piztu eta "Las chicas de la piruleta" bezalako porno heteroaz gainera "Amigos de retaguardia", "La herramienta del carpintero", "Por detrás" eta "Los Sementales de la Pradera" homoak ere ikusi zituen, baita biharamunean kontatu ere.
Gero iloba bi etorri zitzaizkigun Irundik, lau eta zazpi urtekoak. Nagusiak gau batez egundoko garrasiak egin zituen: mina uzkian. Zorionez, xixare kontuak baino ez.
Hala ere, garai hartan “Happiness” filma ikusi nuen telebistan, biziki polita. Bertan, psikoanalista pedofilo batek bere semearen eskolakide delikatu bat, mutikoa, etxera lotara erakarri eta bortxatu egingo du. Biolatuaren gurasoak biharamunean ohartu egingo dira, mutikoaren ipurdiko minagatik.
Amesgaizto bat izan nuen: ilobak gurean egon ondoren, bietan nagusiak arrebaren etxean bertan egiten zituen oinazezko garrasiak. Geroxeago, gure familia osoak (gurasoak, anai-arrebak, izeba-osabak...) telebistan "Happiness" ikusten zuen. Ondorioz, zemaiz begiratzen zidaten niri tinki. Izerdi patsetan blai iratzarri nintzen.
Jakinminak internetera bultzatu eta eri baten blog hunkigarrian "miles de españoles sufrimos en silencio" irakurri nuen, zeren, bloglariak zioenez, Espainia aldean ipurdiko gaixotasunak ezkutatu egiten baitira, marikoitzat joko ote zaituzten.
Bien bitartean, edozein gisaz, uzkiko mina ez zitzaidan leuntzen. EHUko Atxagaren hitzaldiak ifernuko zulotik nituen aditu. Alboan nuen Juan Luis Zabalari nire arazoaren berri eman nion, baina harrigarriro ez zen batere errudun sentitu, barkamenik ez zidan eskatu behintzat.
Uste nuen oinazeak berez utziko ninduela. Beldurra nion eskolak ematen berriro hasi beharrari. Baina Bermeon Andra Maritan ez dute ez uzkirik ez deus sendatzen eta irailaren hasieran Bilbora joan nintzen. Uzkilogoak fisura bati antzeman eta belarri-makilatxo bat Hemoal-ez (hemorroideak zaintzeko toailatxo berezia) inguratu eta estali, Betadinez ongi busti eta egunean hiru aldiz ipurtzulotik sartzeko agindu zidan. Aldi berean, oinazea apaltzeko pilulak eta pilula horiek urdailari egiten dioten kaltea apaltzeko pilula gehiago.
Baina ez da aski. Hogeita seian kolonoskopia bat egingo didate eta ondoren ebakuntza, epiduralak gozatua. Bezpera komunean pasako omen dut, purga gogor batzuk hartu beharko baititut, kolona goitik behera garbitzeko.
Eta orain, amildegi ertzean, nire buruari galdetzen diot, Joxe Arantzabalek bezain larri: eta nola kontatu alabei?
Esate baterako hauxe: medikuak kamilan edo eskuohean belaunikarazi ninduen, ukondoetan apoiarazi eta ipurdia gorantz jarrarazi. Gero ipurtzuloa ahalik eta gehien zabaldu eta azkenik hatzen bat, ez nekike xuxen zehazten pototsa ala luzea, barruraino inkatu zidan.
Baina ez ote du abegikortasunak hori eta askoz ere gehiago merezi? Bai, poetak idatzi bezala, dana emon biar yako matte dan uzkitasunari.
Eta?