Ireneren lehenbiziko ametsa
"Antzerti obra bailitzan, andrearen ametsak zazpi atal izan zituen, bakoitza bere eszenatoki eta pertsonaiekin; zenbaitetan, autobusaren mugimendu baldarren batek esnatzeko zorian jarritakoan eta, atal horiek pentsamendu izpiak edo oroitzapenak erantsi zitzaizkien, hala nola oinez dabilenaren zapatei lurra eta belarrak eransten zaizkien, eta une haietan antzerti obrak galdu egiten zuen bere naturaleza erabateko eta bakarra, eta zerbait nahasi bihurtzen zen, ez soilik amets, baita kontzientziaren mende sortutako irudien erakusle ere.
Ametsaren lehenengo atalaren eszenak lorategi zabal batean jokatzen ziren, hamar bat urte lehenago, berak hogeita zazpi zituenean.
-Ikustezue? Laster loretan jarriko dira –esan zuen eszenatoki hartan azalduz aristokrata itxurako gizon edadetu batek. Bere zilar euskarriko makila gereziondo zerrenda bati buruz zuzendua zeukan. Gereziondoen adarrak kimuz beteta zeuden.
-Goizegi, ez? Elurra egin dezake oraindik –erantzun zion berak burdin landuko baranda batetik. Baranda hura, harrizko etxe eder baten loggia-ri zegokion.
-Kostalde honetan ez dut uste. Lehengoan irakurri nuenez, Biarritzen ez du elurrik egin martxoan 1921etik -esan zuen hirugarren batek tartean sartuz. Oso itxura delikatuko mutil bat zen, hogeita hiru edo hogeita lau urtekoa, eta oso apalki ematen zen aditzera. Gezurra zirudien bera izatea aristokrataren etxean bildutako talderik erradikalenaren teorikoa.
Talderik erradikalenaren teorikoa, errepikatu zuen andreak lo eta esna egoeren mugetaraino joanez, eta bapatean eszena osoa argitu zitzaion. Beraiek, bera eta beste 15 bat pertsona -borroka armatuarekin lotutako 4 talde desberdinen partaideak, denak ere-, Biarritz inguruko aristokrata batek eskura jarritako palazioan bilduta zeuden, estrategia bateratu bat lortzeko modurik bat ote zenentz aztertzeko. Bilera hasi eta hiru egun geroago, akordioa orokorra zen salbu eta puntu batean: mota guztietako bankuak erasotu behar al ziren? Ala, alde batera utzi behar ziren Euskal Herrian eta Euskal Herriko diruarekin altxatutakoak? Desberdintasun hura zela eta, itxura delikatuko mutila eta bere taldea alde batean gelditzen ziren, eta gainerako guztiak bestean. Hain zuzen ere, gereziondoen inguruan aristokratak piztutako hizketaldi tribialak enfrentamenduak sortu egonezina arintzea zuen helburu.
-Jaitsiko al gara lorategira? -esan zion aristokratak loggian bildutako jende taldeari-. Eser gintezke magnolioaren azpiko mahai borobilean eta aperitif bat hartu. Ordubete baino gehiago falta da afarirako.
Taldeak baiezkoa eman zion zurrumurrutsu. Mutil delikatua beragana zuzendu zen.
-Zu izatera, jertse bat hartuko nuke. Egonean hotz dago.
Harritu egiten zuen mutil hark, kosta egiten zitzaion bere bi aldeak batzea. Pertsona berbera izan al zitekeen bileretan hain gogor hitzegiten zuena -banku guzti-guztiak izan behar dute talde iraultzaile baten helburu- eta jertsea jartzeko kontseilatzen ziona? Baina ez zegoen dudarik. Pertsona berbera zen. Bilera hartan, Larrea deitzen zioten.
Autobusak bozina jo zion norbaiti, eta andreak altxatu egin zuen golkorantz erorita zeukan burua. Erabat esnatu aurretik, ordea, ametsean murgildu zen berriro eta bigarren eszena bat ikusi zuen, aurrenekoaren segida. Bertan, bileran parte hartutako gehienak magnoliaren azpiko mahaiaren inguruan eserita zeuden; ilunbetan, zeren eta zuhaitzaren itzalak jan egiten baitzuen arratsaldeari gelditzen zitzaion argi urria.
Bera ere mahai hartan zegoen, ideia bat buruan zuela, edo zehatzago, ideia batek burua hartzen ziola. Bai, bilera bukatzeko egun bakar bat falta zen, eta handik aurrera, talde desberdinetakoak zirenez, Larrea eta biek ez zuten elkar ikusiko.
Apurka, mahaikideen elkarrizketa arina erdizka bakarrik jarraituz -gainera, aristokratak hitzegiten zuen gehiena, eta gizon hura aspergarria egiten zitzaion-, ideia hark ideia biki bat sortu zuen bere gogoan, alegia ezin zuela bereizketa hura ametitu, nola edo hala luzatu egin behar ziola eskua Larrea esaten zioten mutil hari, eta luzatu, zergatik ez, orduantxe bertan eta zentzu hertsian, egiazki. Bere alboan Yeti esaten zioten bere taldekidea zegoen, eta haren hurrena, Larrea. Bai, heldu egingo zion eskutik.
Aristokratak pasadizo bat kontatu berria zuen, eta mahaiko denek barre egiten zuten; berak ez, ordea, bera aztoratua baitzegoen une hartan buruan zerabiltzan pentsamenduak zirela eta. Bapatean, zentzua hartzen zien bileretan gertatutako hainbat fenomenori. Esate baterako, ez zitzaiola sekula burutik pasa mutil haren argudioei aurre egitea, edo areago, molestatu egiten zela norbaitek, baita bere taldekoren batek ere, zakarki hitzegiten bazion. Eta atseden tarteetan, afari eta bazkarietan bezala, harengandik hurbil kokatzen ahalegintzen zela.
Bermut pixka bat edan eta edariarekin batera etorritako azeituna jan zuen. Onartu behar ote zuen? Esan behar ote zuen hitza? Urtebete baino gehiago zeraman dibortziaturik. Maiteminduta ote zegoen?
Aristokratak kontu kontari jarraitu zuen, arratsalde hartako bileraren tentsioa arintzearren orduan ere, eta bere bermutaren ontzi lodia, eskuan zeukana, alde batera zein bestera mugitzen zuen.
Ontzi hartan zegoen azeitunari begira gelditu zen bera.
-Azeituna ahora eramaten duenean, eskutik helduko diot Larreari -pentsatu zuen. Ez zirudien operazio erraza, zeren eta Yetiren bizkar atzetik pasa beharko baitzuen besoa, sekretuki, inork ikusi gabe. Zer gertatuko zen bere taldekoren batek ikusten bazuen? Eta zer gertatuko zen Larreak bere eskua arbuiatzen bazuen? Pentsamendu haiek taupadaka jarri zioten bihotza. Egia magnoliaren azpi hura gero eta ilunago zegoela, baina arriskua ere -lotsagarri gelditzekoa, edo mutil hura betirako galtzekoa -gero eta handiagoa iruditzen zitzaion.
Seinalearen zain jarri eta handik gutxira, aristokrata ontziari begira gelditu zen, zerbaiten bila bezala, eta jarraian -berari eternalak egin zitzaizkion une haiek-, txotxari ezin helduz ibili zen. Lortu zuen azkenean, eta azeituna bere ahoan ezkutatu zen.
Aristokratak mahai gainean utzi zuen txotxa, eta berak atzeraka bota zuen gorputza. Jarraian, postura hartan bospasei segundu mantendu eta gero, ezkerreko besoa Yetiren atzekaldetik pasatzen hasi zen.
-Noiz afaldu behar dugu? Gosetuta nago -esan zuen mahaikide batek. Bere besoa kolpetik gelditu zen.
-Aurrena buka ditzagun gure bermutak -esan zuen aristokratak.
Larrea eta Yetiren artean berak uste baino tarte handiagoa zegoen, eta bere besoaren bi halako beharko zituzkeela konturatu zen. Zailtasun hari, gainera, bigarren bat gehitu zitzaion, zeren eta gorputza okertu eta besoa areago eramaten saiatu zenean, Yetik, bere posturaren zioa gaizki ulertuz edo, besarkatu eta beragana erakarri baitzuen.
-Hotz pittin bat egiten du, ez? -esan zuen aristokrataren ondoan eserita zegoen batek, eta bizpahiru baiezko gaineratu zitzaizkion iritziari. Une batetik bestera, jendea mahaitik altxatzen hasiko zen.
Hitzik gabe, bere taldekidearen besarkadatik libratu eta azken saio bat egin zuen Larreagana. Ahalik eta gehiena luzatu zituen bere beso, esku eta behatzak, bereziki indizea.
Probabilitate guztien aurka, zerbait inefablea gertatu zen orduan. Bere behatz indizeak beste norbaiten behatz indizea ukitu zuen bete-betean, bera izutuz noski, zeren eta ustegabea izugarria izaten baita estraineko unean. Ordea segituan, nahiz eta ilun egon, Larrearen besoa ikusi zuen begi zirrikituarekin. Beragana luzatuta zegoen.
Ametsaren irudiak zirela eta, andreak berritu egin zuen kontakto sotil hark sortu zirrara, eta kuxkurtu egin zen autobusaren salatxoko eserlekuan. Hurrengo unean, ordea, autobusa -benetan hegaka zihoan, 160an edo- bidearen sakon batean kulunkatu zen berari zorabio moduko bat eragin eta begiak irekiaraziz. Une batez, leihoz bestaldean, pinudi artean kokaturiko herrixka bat ikusi zuen, eta haren gaineko zeru urdina. Ondo zegoela pentsatu zuen, ondo zegoela urdintasun hura. Jarraian, begiak berriro itxi eta lorategiko eszena berreskuratzen ahalegindu zen.
Alferrik, ordea. Ametsak beste norabide bat hartua zuen, eta eszena berri bat azaldu zitzaion gogoan. Bertan, bera eta Yeti izeneko taldekidea akuario batean zeuden. Balea baten hezurdura erraldoia osorik gordetzen zuen solairuan, hain zuzen ere.
-Zein jostaketatan zabiltza? -galdetu zion Yetik.
-Ez dizut ulertzen -erantzun zion berak balearen isats hezurrerantz urrunduz. Ziztada bat sentitu zuen buruan.
-Egon zaitez geldirik, mesedez. Esan behar dizudana oso serioa da -esan zion Yetik. Bere tamaina zela eta, ez zitzaion mugitzea gustatzen.
-Hezur horiei begiratu bat emanez hitzegitea naturalagoa dela iruditzen zait. Susmoak sor ditzakegu bestela.
Egun hartan akuarioa bisitatzen ari ziren eskola umeak azaldu zitzaizkion bapatean. Koloretako arrainen kaiola-ontzien inguruan biltzen ziren gehienak, eta olagarroenean beste batzuk. Lanprea beltzen ondoan berriz neska koxkor bakar bat zegoen. Bera ote zen? Bera ote zen umetan? Baina ametsak ekarritako galdera horiek sortu orduko desegin ziren, eta Yetiren aurpegia ikusi zuen berriro.
-Oso ondo ulertzen didazu. Mutil horrekin zabiltza, Larrearekin. Elkar ikusten duzue. Badakigu. Inolako dudarik gabe, gainera. Inolako dudarik gabe.
Bere itxuraz bestera, ez zen gizon zakarra. Hasperen egin zuen, eta balearen saihets hezur batetik pasa zuen eskua.
-Nork esan du? Seguritateko jendeak?
-Oso arriskutsua da organizazioarentzat. Oso arriskutsua. Yetik bi aldiz esaten zituen gauzak. Iltzea oholean bezalaxe, ideia ondo sartua gera zedila.
-Zergatik da arriskutsua?
Hitzak ahotik ateratzen zitzaizkion, baina bere baitan inolako oihartzunik sortu gabe. Itxuraz absurdoak ziren gaiak etortzen zitzaizkion burura. Hezur haien jabe izandako baleak zer neurri ote zituen, esate baterako.
-Bera eta bere taldexka horretako guztiak poliziaren kontrolpean daude.
-Hori ez da egia.
Itsasoan bizi zela, zein ote bale haren abiada igeri egiterakoan? Eta noraino murgiltzen ote? Ehun metroetaraino bai? Galderak bere kabuz bezala etortzen zitzaizkion burura.
-Egia da. Poliziak panpinak bezala mugitzen ditu. Seguru asko, zu ere detektatua egongo zara honez gero.
-Badakit beraiek beste estrategia bat daramatela, baina poliziaren kontrolpean daudela esatea sektario baten iritzia iruditzen zait.
-Zuen harreman horiek ezinezkoak dira. Banatu egin behar duzue. Lehenbailehen. Ez naiz brometan ari. Organizazioaren agindua da.
-Pentsatuko dut.
-Ez da pentsatzeko kontua edo ez pentsatzekoa! Arren! Kontura zaitez! Agindu bat da! Ulertzen? Agindu bat da! Yetik kolpetik utzi zion garrasi egiteari.
-Agindu bat da. Agindu bat –berresan zion gero, besoa bizkar gainetik pasa eta goxoki hitz egiten ziola. Negarrez hasi zen bera. Azkenean, mezua joana zitzaion kontzientziaren barrura. Bai, ulertzen zuen. Larrea ez zuen gehiago ikusiko. Edo bai, beste aldi batez ikusiko zuen, just to say godd bye.
Une batez, erdizka esnatu eta itsututa gelditu zen eguzkiaren argiarekin. Begiak irekitzeko gauza izan zenean, desertu itxurako lur bat zeharkatzen ari zirela konturatu zen. Handik gutxira, autobusak beste kilometro bat egin zuenean, argindarraren zuntoi metaliko batzuk ikusi zituen, eta hamarren bat bele zuntoi haietako baten inguruan hegaka.
-Lo nago -pentsatu zuen burua bestaldera jiratu eta beste irudi batzuen bila. Izan berri zuen ametsari heldu nahi zion ostera.
Tarte luze samar bat egin zen begiak itxita eta autobusaren behe partean sentitzen zituen elkarrizketak jarraituz. Azkenean, ahotsak urrundu egiten zirela iruditu zitzaion, eta lore bat ikusi zuen. More koloreko geranio bat bainugela baten leiho pinportadunaren atzealdean.
-Eta zuk, zer nahi duzu? Uztea? -esan zuen Larreak eszenan azalduz. Dutxa bat hartzen ari zen, eta ur beroak gorridurak sortzen zizkion sorbalda eta beso txurietan.
-Badakizu ezetz -erantzun zion berak bainugelako aulki batetik. Gorputza toaja haundi batean bildua zeukan, eta zigarro bat erretzen ari zen.
-Zenbat aukera dauzkagu? -esan zuen Larreak dutxaren ura moztuz-. Ez asko, nire ustez. Nik ezin dizut eskatu nire organizazioan sar zaitezen, eta zuk berdin, ezin didazu zure jendearekin joan nadin eskatu. Ez litzateke serioa. Gainera, egia osoa esateko, zure jendeak ez ninduke onartuko.
Larreak baineran egiten zituen mugimenduen arabera, kristalaren atzealdeko geranioa azaldu eta ezkutatu egiten zitzaion bistatik.
-Beraz, bi aukera. Edo jarraitzen dugu orain arte bezala, talde diziplinari uko eginez, edo despeditu egiten gara gaur.
Aristokrataren etxean ezagutu eta aurreneko aldiz tentsioa zegoen beraien artean.
-Ez dugu gure kasua Romeo eta Julietarenarekin nahastu behar. Gu ez gara hain gazteak –esan zuen Larreak toaja hartu eta lehortzen hasiz. Irribarre egiten zuen, baina bere golkorako bezala.
-Zenbat urte zituzten Romeo eta Julietak? -galdetu zion berak. Hartzear zeuden erabakiaren hurbiltasunak eztarria marrantatzen zion, eta erlats sortzen zitzaizkion hitzak.
-Romeok ez dakit, baina Julietak hamabost edo hamasei.
-Egia, orduan. Gu baino askozaz ere gazteagoak ziren. -Hasperen egin zuen-. Oso ondo, jaztera noa.
-Zer pentsatzen duzu? Ez didala inporta? -esan zion Larreak atzetik etorri eta gelan sartuz.
Ametsean ez zitzaion galdera haren hurrengorik azaldu. Horren ordez egun hartako azken eszena ikusi zuen, biak egondako etxearen atarian. Larreak, autoaren motorra piztu eta gero, leihatila jaisteari ekin zion handik eskua atera eta, abiatzearekin batera, pasaeran, bere eskua ukitzeko. Ordea egun hartan, aristokrataren etxeko lorategian ez bezala, despedidaren urduritasunagatik agian, huts egin zuten, eta beraien eskuak ez ziren airean egokitu.
Itxura batera Larreak duda egin zuen, frenatu eta jestu hura ondo osatu ala aurrera jarraitu, zeren eta autoaren motorrak geldiketa hots bat egin baitzuen, baina azkenean bigarren aukerari heldu zion. Kalean aurrera urruntzen ikusi zuen berak. Betiko, zeren Larrea hondartza batean hilda azalduko baitzen 15 egun geroago. Poliziak jarritako enbuskada batean, egunkariek ekarri zutenez.
BatPatean, Yetiren aurpegia azaldu zen eszenan.
-Andreek dena nahasten duzue! Dena nahasten duzue! -oihutu zion-. Nola esan dezakezu guk saldu genuela? Guk eliminatu nahi izan bagenu guk geuk emango genion tiroa! Guk geuk! Ulertzen? Ez gara poliziari txibatazoak ematen ibiltzen, bazenekiela uste nuen. Begira, gauza bat egingo dugu. Oso urduri zaude. Joan zaitez Parisera hamar egun pasatzera eta lasai zaitez.
-Ez dut Parisera joan nahi. Nahiago dut ekintza batean parte hartzea.
-Dena nahasten duzue! Dena! -Yetik tira egiten zion bizarrari, eta imintzioak egiten zituen- Bada ez! Ez duzu inongo ekintzatan parte hartuko! Parisera joango zara! Edo areago oraindik, hiru hilabete egongo zara organizaziotik apartatuta!
Ahots berri bat sartu zen eszena hartan.
-Oso jende arriskutsua da, dudarik gabe zioen ahotsak. Gizonezkoarena zen.- Urte asko pasatzen dituzten diziplina gogor baten menpean eta basatikeriak egiten, eta gero ezin dira eguneroko bizitzara egokitu. Vietnamgo gerran ibilitako soldaduak bezala.
-Lehengo egunean, horren inguruko film bat jarri genuen bideoan. Vietnamgo beterano batek supermerkatu bateko jendea bahitzen zuen marmelada pote baten gorabeheragatik. Gizonari erantzuten ziona autobuseko azafata zen, dudarik gabe. Berataz ari ote ziren? Berehala, gizonezkoak arrazoi eman zion bere beldurrari.
-Begiraiozu, orain lo dago eta emakume arrunt bat ematen du. Baina egun bat darama gartzelaz kanpo eta dagoeneko egin du bere azioa. Gizon bat zehar markatuta utzi du gaur goizean. Sekulako zauriak egin dizkio labana batekin. Labana batekin edo beste zerbaitekin, zeren ebakiak ez baitira garbiak. Ez dakit beharbada hortzekiko labana horietako batekin egin dio eraso. Horregatik nago autobus honetan, berriro gartzelara eramateko. Auskalo zer egingo duen bestela.
Andreak antza hartu zion ahots hari. Ez al zen Bartzelonako geltokian pospolo batekin azaldutakoa? Ez al zen korbata gorriko hura? Galdera hari erantzun aurretik, belaunean jo zion zerbaitek, eta bera garrasika hasi zen.
Eserlekuan zutitu eta begiak zabaldu zituen. Apur bat harrituta, ordurarteko guztia, garrasia barne, ametsaren alderdian gertatutako zerbait zela konturatu zen, eta bere inguruko guztia soseguz zegoela. (54-66 orr.)