Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Zoruan zuloa

Zoruan zuloa

Enrike Gisasola 2019/03/17 11:28
Atari, pegora, korta eta artokian harlauzazko zoruak ezagutu ditut. Gaur egun, atari eta pegorakoak mantentzen dira bakarrik. Urteen poderioz eta ibiliaren ibiliaz majo pulidutako harri garauak osatzen dute zola. Porlanik ez zeneko garaikoak. Franco-ren hilotza estaltzen duen Markinako harri beltzaren inbidia gutxi dute horietako batzuk. Gurean bestelako sorpresa gordetzen zuten harritzarrok.
Zoruan zuloa

Ateiko harlauzak

 

Halaxe ziren ba. Pertsonen hankapeko zoruaren parekoan ibili ohi ziren abereak ere.  Zer gutxiago eguneroko hiru otorduak "kristauak" baino lehenago egiten zuten "behi sakratuentzat". Harri demasak eta lauak elkarrekin bat eginda kokatzen ziren inolako orerik gabe. Puzzle itxurosoak ximaurra pilatzen zen tokitik asketarainoko zabalera hartzen zuen . Ganbelak ere arkupe ederretan ziren, eta txahalek berriz, harlauza landuetan sartu behar izaten zuten burua bazkatu  nahi bazuten.

 

Pegorako zorua

 

Polita, autentikoa,  baina mantenimendu handia eskatzen zuena. Izan ere, abere handiak zerabiltzaten gainean harriok. Eguneroko joan-etorriek eta abereen eginkariek harritzarron elkarguneak ireki egiten zituzten. Behien apatx zorrotzak harri-bitartean sartu eta puzzlea desegin egiten zen sarri. Zuloak eta tarteak handitu ahala min hartzeko arriskua ere bai, animaliek zein pertsonek. Zoruko harriak deskolokatu (gora Amuriza!) egin ohi ziren, ondorioz  burdinazko palanka hartu eta birkolokatzeko lan neketsu eta zikinean jardun beharra zegoen ia astero.

Horrexegatik, 25 bat urte badira zorua aldatu zela. Porlana botatzea erabaki genuen. Harlauzak hormigoi azpian ezkutatzea bekatua izango zela-eta, atera eta bestelako erabilpena ematea otu zitzaigun. Banan-banan kanporatzeari ekin zitzaion ekarri berria genuen traktore txikiaz eta..... hara!: Uztarriko behietako baten aurreko bi hanken azpiko harlauzapean zuloa agertu zen. Baziren lehenago ere kortako ezkutalekuen inguruko istorioak gurean. Zurezko arka handiren baten ohiartzunak heldu zitzaizkidan. Baina jakinminez  tira egin arren, ez nuen sekula haren kokapen eta ezaugarriez "ustelduta dago honezkero" baino gehiago jakiterik lortu.

Harlauzapekoa txikia zen, 1m sakon eta beste bat zabal asko jota. Ezkutaleku aproposa, behien arteko handienaren hankapean. Jakin nuenez, gerraosteko arrazionamendu garaikoa zen. Nahi baino maizago hamaiketakoa egin eta uzta errekisatzera  etortzen ziren txapel okerren bistatik zati bat ezkutatzea zen asmoa.

Txiribueltadun salto mortala orain: Gerra haren su ustez itzalduaren kedarretatik garra biztu zenean, zuloak ohiko egin zitzaizkigun. Hain ohiko, ezen "zulo" espainoleko hiztegiak berak ere bere egin baitu. Armategiak, bahituak, propaganda,dirua...ordezkatu zituzten hamarkadetan garai bateko gari eta artoak. Eta egun? zer ezkutatzen da lurzoruan? Gaur egun, lurzoruak kapitala ezkutatzen du zulorik egin beharrik gabe.  Lukroa xede duen nakaritza-eredu jakinaren etekinak, eta sektoretik kanpo eginiko irabaziak ezkutatzeko toki aproposa iruditu zaie lurzorua jauntxo batzueri. Suitza eta burtsa jadanik ez bide dira seguruak.  Baserririk salgai dagoen galdezka dabiltza.  Osborneren zezen beltz espaniarraren aurreko hankek segurtasun handia ematen bait dute, eman ere. Galdetu bestela  Francoren momiaren hobiko zaindarieri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?