Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Harmailak

Harmailak

Enrike Gisasola 2019/01/08 19:48
Karta-jokoan egiten zen gurean. Astero egun bat joko-eguna zen, normalean asteazkena. Jokalariak etortzen ziren arratsaldeko lauretarako eta bederatziak puntuan alde egiten zuten. Kulapean beti eta andrak gehienetan: Josefina, Agustina, Rosa, Ezekiela,.... Eta jakina, diruarekin, bestela ez dago jokorik. Legarretik gora, kotxean etortzerik ez zegoenez, oinazerik gabe oinezean. Denbora urre denez, bide motzenetik, harmailetatik, bi punturen arteko distantziarik motzena lerro zuzena dela frogatuz.
Harmailak

harmailak

 

    Harmailak kaletik baserrira zuzenean, zigizagarik gabe igotzeko bidea zen. Mendiaren hegian zehar aitzurraz koskak egin eta harlauza pausatzen da. Metro bakoitzeko hiru-lau bat maila egokitzen zaizkio. Zabalean metroa eskas eta sakoneran harriak ematen duena, beti ere, hanka jartzeko lain azalera garbia ziurtatuz.

      Harmailetako bide malkartsua eta gauez arriskutsua zen. Beherakoan, ilargi-argirik gabe, linterna edo farolarekin ibili behar ipurdiz gora joaterik nahi ez bazenuen, batez ere egun euritsuetan. Behetik gora berriz, ez zen lagungarririk behar, hain ondo zeuden jarrita harriok ezeze. Itsu-itsuan joanda ere, ez zen hankapekorik ikusi beharrik, bertan harria egongo zela segurantzia osoa zegoelako. Hori bai, bazterreko sasi eta basoan denetik ikusi eta entzuten zen:  piztiak batzuetan, sorgin eta mamuak bestetan, itzalak beti, eta uda partean ipurtargiak.

      Gure etxetik kalerako harmailetako bideak 500 metro inguru izango zituen. Metroko 3-4 maila kontatuta guztira 1000 izango zirela kalkulatu dut. Gaur, jatorrizkoaren herena-edo geldituko da. Ez da erabiltzen eta ondorioz belartzak estali du ia. Beste bi herenak Ermuko eskonbreran daude beste milaka toneladaren azpian. Izan ere, bertara eraman zituzten harmailak Eibarko sahietsbidea egin eta mendi-zatia jan zutenean. Guk bariantea lurrazpitik egitea eskatu arren, ingeniariek hori ezinezkoa zela esan ziguten, argudiatuz tunela aldapan geratuko zela eta araudiak ez duela halakorik baimentzen (?). Ondorioak begibistakoak:

1. Tunela egiteak eskatuko lukeen baino askoz harri eta material gehiago garraiatu ondoren eskonbrotara, Ermuko urbanismoak bere zabalkunderako espazio berria lortu du, mendian eta aparte samar  bada-ere.  

2. Lau ziren ordurarte gure etxaldea zeharkatzen zuten herri-kaskotik etxeko atarirainoko bideak: Elizbidea (hildakoak eramateko), asto-bidea (esnetiarako), harmailetako bidea (atajua) eta bide berria (kotxeentzako berariaz egina). Lauretatik bakarra gelditzen da. Ezetz asmatu zein?

3. Ez da jokalaririk ageri aspaldian Sosola partean, nahiz eta ni, orain ere, linternarekin andra-laguntzen joateko  prest egon.

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?