Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Mugartea (II)

Mugartea (II)

Enrike Gisasola 2018/12/09 10:25
Aittitta biak ihardun zuten gerran: batak 6 urte (?) egin omen zituen baserritik kanpora. Besteak, Paco komunistak 10 urteko kartzela-propina jaso zuen gerezi-denbora amaitu zenean. Bigarrenari ez nion txintik atera ahal izan urte haietaz. Baserrikoari bai, seguruenik elkarrekin pasatako denbora askoz luzeagoa izan zelako, baina betiere, kostata.
Mugartea (II)

kainua

 

Zehatzagoa izateko kontu hau ez da 36-ko gerrakoa. Lehenagokoa da,  34-ko erreboluziokoa. Eibartarrek, armak eskuan, iraultza aldarrikatu zutenekoa. Tiro-hotsak ere izan ziren tartean, eta baita hildakoak ere. Pistoladun gazte sozialista  haietaz zera zioen gure Jose zaharrak: "bazterrak nahasten jardun zutela baina armada espainiarra azaldu zenean azkar eman zutela amore. Bat baino gehiago gainera, sozialista-errepublikazale izatetik elizatar amorratu  bihurtu  zen pistolak muga-zuloetan lagata". 

Muga-zuloak kainu-zuloak baino ez dira. Mugarteen zati oso garrantzitsua dira, izan ere, beraiei esker ura bideratzen da. Horrela, kainua trabatzen denean, ez dago drenaiarik eta uraren pisuak mugartea amiltzea ekar dezake, lur-jausia eraginez. Zoritxarrez mantenimentu-faltak, hau da, kainu zaharrok bete eta ez garbitzearen  ondorioz,  galdu egin ditugu mugarte ugari  han eta hemen.

 Esan gabe doa, kainuak harrizkoak dira. Harlauza bereziak apartatu eta horretarako erabiltzen zituzten sakonera handian, ubide lauki eta pendizdunak eraikiz. Nik, bi motatakoak ikusi ditut: Handiak eta txikiak. 

Txikiak ugariagoak dira eta belardi zein soroetan 25 metro inguruko tartearekin paraleloki luzatzen dira lurpean mugarte-ilada zeharkatuz.

Kainu handietan pertsona erraz sar daiteke, eta drenai-premia handiari erantzuteko izan ziren eraikiak. Batzutan soroa lautadan  egonik eta euri-ura pilatzea  kaltegarria zelako uzta jasotzea nahi bazen.  Edota bestetan, jatorrian errekastoak izanik, gero hauek betelana eginda estali zirenean, ur-emari handiari irteeera emateko. 

Amaitzeko goazen berriro kontu zaharretara, orain bai, gerra-kontuetara. Sosolako Maiorazgoa Euzkadi defendatzera joan baino lehen  agindu-sententzia bota omen zuen: "gertatzen dana gertatzen dala, deskuidatuta ere, ez gero hanka  egin etxetik". Horrela, Eibar bonbardatzeari ekiten ziotenean,  familia osoa ezkutatzen omen zen  etxaburuko kainu-zuloan. Hortxe goian duzuen argazkiako horretan. 

Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2018/12/09 21:34
Polita Enrike! Tamalez aurreko astean Mutrikura Kalbarixotik joan nintzen, eta Astigarribiako errepideko mugarte zati handi bat eraitsi dute, errepidea zabaltzeko. Lasai, jarriko dizkigute hormigoizkoak, hori sobran dago eta!
Leire
Leire dio:
2018/12/13 14:08
Aupa, Enrike!
Ze interesantia! Mugen kontua faszinantia da!
Ederto zabiz blogakin! Animo!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2018/12/18 18:53
Bai horixe, Leire. ;) Oso interesgarrixa, Enrike. Segi gogor ;)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?