Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Lubanak eta mugarriak

Lubanak eta mugarriak

Enrike Gisasola 2019/01/18 19:26
Aspaldian auzoko batek astoratuta nauka. Ez da baserrian bizi, hutsik dago bere etxea eta baso-zelaiak neronek erabiltzearen trukean bere jabegoko lurrak markatzen laguntzen diot. Dozenaka porlanezko mojoi erosi zituen horretarako eta takean-potean deitzen dit jarri beharraren matrakarekin. Ez da erreza asebetetzen. Den-denak jartzea nahi ditu puntu estrategikoetan eta ganoraz. Bere lurrak ondo markatuta gauzak garbi utzi nahi die bere ondorengoei. Izan ere, gazteek ez dute baserriaren ezagutzarik, ez dakite non hasi eta amaitzen diren eurenak izango diren lur-ondasunak. Gainera, batek daki non diren mugarriak.
Lubanak eta mugarriak

lubana

 

 

Lurra baliabide  mugatua  da. Lurraldea zatitu eta banatuta dugu partzela eta sailetan. Jabetza-mosaiko ikusgarria osatu da urteen poderioz, itxura batean lur-baliabidearen izaera publikoaren inguruko eztabaida handirik gabe. Izan ere, Eibarren ia denak partikularrenak dira. Arrateko gaina eta beste pusketa txiki batzuk kenduta gainerako lurzoruaren jabeak banakakoak dira, gehien gehienak baserritarrenak. Hau ez da beti horrela izan: XIX . menderarte  mendi-sail gehienak komunalak ziren eta bertan egiten ziren ustiaketak zorrotz arautuak zeuden. Gerora Udalek  desamortizazioan saldu egin zituzten herri-lurrok zorperatutako Estatuak aginduta. Orduantxe ugaritu ziren mugarri eta lubanak. Historialariek diote horixe izan zela Karlismoaren benetako hazia, nekazari lurjabe/lurgabe haiek matxinatzera eraman zituen arrazoia, lurraren pribatizazioa.porlanezko mojoi berria

Gaur egunean jartzen diren polanezko mugarrietako bat

 

Garai hauetan ere baserritarren arteko liskarrerako gai nagusia lurraren jabetza da. Seguraski baliabide horrek familiaren  biziraupena eta aberastasuna baldintzatzen dituelako. Lehenago, ekoizpenerako faktore nagusia zen, gaur berriz, batez ere espekulazioarako lehengai gozoa. Horrexegatik munta handikoa da jabegoa egoki markatzea. Ororografiako berezko elementuak ahazteke, errekak, gainak, hegiak,..., gure inguru honetan bi eraikuntza erabili ohi dira berariaz horretarako aintzinatik: Mugarriak eta lubanak.

 mugarriak

Mugarriak bi harlauza singlez osatuta dago. Jabegoen arteko mugetako erpinetan egoten dira. Zutik, erdiraino lurperatuta, lur-eremuaren ertzetan kokatzen dira angelu zehatza osatuz. Horrela, harlauza bakoitzaren orientazioak  hurrengo erpineko harlauzarainoko lerro imaginarioa "ikustea" ahalbideratzen du. 

Mugarriak   jartzea oso erreza da, eta merkea. Baina modu berean, errezak kentzeko edo aldatzeko. Zenbat gatazka eta auzi ireki  ote da  mugarriak "mugitu" direnaren salaketapean. Era berean, desegiteko ere errezak fenomeno natural zein deskuidoengatik, direla lurjausi, landaredi, uholde edota baso-lanak besteak beste.

Horren jakinean eta liskarrak behin betiko amaitzeko lubanak eraikitzea onena. Nik bi motatakoak ikusi ditut: Jabegoen arteko muga-lerroan zehar egindako zanga sakon erara ageri da batzuetan. Beste batzuetan berriz,  metro bete  garaieraraino  harri hutsean egindako horma luzea izaten da. Bere garaian lantegi handia izandakoa, gaur egun  zalantzak uxatzeko sistema eraginkorrena bihurtu da. Planoak plano, ortofoto, eta katastroak katastro,   lur-baliabidea banatu eta bakea jartzeko primerakoa da lubana, Txinako Harresi Handia leztxe ia-ia, hain ikusgarri eta ezaguna ez izan arren. 

lubana

 Haitzarteko lubana

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2019/01/25 10:26
Nik, Altzolan, gure etxe osteko pinudietan ezaguti nituen mugarriak harlauza sendoak ziren, bi ertz edo alde zuzenak, landuak zituen, besteak bere horretan utziak, bakoitzak markatzen zuen jabetzaren noranzkoa, Harlauzari azpian teila gorri xehetuaren zatitxuak jartzen zitzaizkion, harri hura mugarria zela bermatzko. Mugarri bakoitzaren alboan lizar bat landatuta zegoen, lizarra argia edo zurizka denez, baso ilunean berehala ikusi ahal zen mugarriaren ertz zuzenari jarraituz, non zen hurrengo mugarria.
Duela bost urte behintzat han zeuden oraindik mugarri eta lizarrok. Nire gaztaroko oroitzapenak.
Sosola
Sosola dio:
2019/01/27 20:35
Aupa Jon:
Halaxe da bai, lizarrak eta urkiak ere terrenuak markatzeko erabiltzen dira azalaren kolore zurizka lagun.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2019/01/29 21:11
Interesgarrixa, betiko moduan, Enrike! ;)
Aurreko iruzkiñetan aittatu dozuezen lizar edo urkixak "ipiñuak" dira gure inguruan, berbia erdi-galduta dagon arren. Nik neuk hiztun zahar-zahar pare bati bakarrik entzunda. Ez dakit gaur egungo basarrittarren artian oindiokan erabiltzen ete dan izen hori. Zuek, Enrike?
http://www.eibarko-euskara.eus/node/9549
Enrike Sosola
Enrike Sosola dio:
2019/01/30 19:28
Ez Asier, ez jata ezaguna egiten, baina galdetuko dot ia zer esaten desten ingurukuak. Edozelan be susmua dakat Mandiola-parte honetan arbolia ez dala hainbeste erabili muga-markatzat.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?