Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Harrizko estalpeak

Harrizko estalpeak

Enrike Gisasola 2019/03/05 19:45
1941. urtea urakanarena izan zen. Otsailaren 15 eta 16aren arteko gaueko haizeteak izua ekarri zuen kantauri aldera. Donostiako metereologi zentruak sekula estatuan neurtutako haize-bolada handiena jaso zuen, 199km/h-koa. Hondamendia. Ufada izugarriek trena errailetatik atera eta Urola ibaira bota zuten hogeitaka hildako eraginez.
Harrizko estalpeak

labe-gaina

 

Teilatu ugari eraman zituen haize lupuak, ia gehienak. Gurea ere bai. Teila arabiar ia denak eraman zituen. Etxea estalkirik gabe gelditu zen, labe-gaina ez beste dena. Gurdia bera ere auzoko Abontza baserriko atarian agertu omen zen hurrengo goizean. Etxetarrak ikaratuta pasa zuten gau beldurgarria, gordeta, munduaren azkena zetorrelakoan.

Biharamonean argitu zuen horratio. Neguko goiz ilun eta hotzean zerbait inprobisatu beharra zegoen premia larrian. Konturatu ziren hizebean zegoen ardi-txabola osorik zegoela. Etxe nagusitik 500 metro ingurura harlauza eta teilazko estalpe ederra omen zen. Txabolari txapela erantzi eta besteari jartzeari ekin zioten.

 Teilaturik gabe gelditu ondoren, harri hutsean egindako txabolaren aztarnak 2019an.

Teilatua kendu ondoren, harri hutsean jasotako txabola zaharraren aztarnak 2019an. 

 

Harlauza erraldoiak ziren, astunak oso. Nola edo hala jarri zituzten ertza eginaz orma zaharren gainean. Ondoren, erdia bete teilekin, osoak batzuk eta erdi puskatuak beste asko, azalera  osoa amaitu arte.

Arestian esan bezela, haize zitalak teilatu ia osoa eraman zuen, ez dena. Laberaren estalpea ez zen mugitu. Orduan bezela orain ere hor dirau, kieto, harrizkoa baita. Teilakatutako harlauza handiek osatzen dute 30m-ko estalpea. Haizeari aurre egiteko ezinhobea  izanik ere, eraikitzeko zaila eta itoginerako joera handia du.  Bada, zergatik horrelako lanak hartu horren eskasa den estalpea lortzeko?

Materiala debaldekoa izateak ez zen arrazoi txikia izango horrelako hautua egiteko orduko maizter behartsuentzat. Baina bada bestelako hipotesirik harlauzen eraikuntza neketsua justifkatuko lukeena eta aditu batek mahaigaineratu ziguna orain urte batzuk : Jakinekoa denez teila jabetzaren ikur da. Mugarrietan lurperatu ohi zen edota itsasora jaurti bermeotarrek urtero gogorarazten diguten modura. Teilarik gabeko eremuak jabegorik-eza adierazi nahiko balu? edota Jabego partekatua?

Zentzua badu. Izan ere, garitik ogirako lanetan auzolana ohikoa zen gure arbasoentzat. Gariaren laborantzako lanabesak ere halatsu auzoaren jabego ziren, izan garijotzekoa,  izan haizatzekoa. Etxez etxe ibiltzen ziren premiaren arabera. Harlauzapeko labea ere auzoarena ote zen ba?  

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?