Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Josefinalektoa?

Josefinalektoa?

Enrike Gisasola 2026/01/28 20:25
Geolektoa eremu geografiko txiki eta zehatzean soilik erabiltzen den hikuntza-aldaera bereziari esaten zaio. Gure sukaldean ia egunero entzuten genuen amamaren ahotik. Ea gure ataritik haruntzagoko biderik egindakoa den.....

Aspalditik izan dut gogoa galdetegi hau hona ekartzekoa. Nagi ibili naiz hemen idazteko, sare sozialen amaraunean katiatuta, edo lelotuta...batek daki. Idatzi txiki hau berriro ekiteko pizgarri izango al da.

Goazen harira, hona: 

Amama zanak (Errebalen jaiotakoa)  sarri ibiltzen zuen,takian-potian, ia inori ez zaio ezagun egiten-eze, orain arte nik galdetutakoei behintzat.

Azpiri baserriko Alberto Sarasketa izan zen bakarra ezaguna egiten  zaiola aitortu zidana, segurtasun gutxirekin-eze.

Amari ere galdetu diot, eta berak ere baietz-baietz halaxe zala, seguru; tio Jose Luisek, buruari hazka egin eta muturra okertu-eze.

Eskualdelektoa, edota sukaldelektoa dala diosta Antxon Narbaizak, ni sinistu ezinda nago-eze.

Ahaztutako esamoldea aproposa begitatzen zait hainbat testuingurutan, hemen gehitxo ibili dudanaren gorputzaldi arraroarekin geratu naiz-eze.

 

Baduzue "-eze" horren lorrotzik zuen inguruan?

Amatiño
Amatiño dio:
2026/01/29 12:47
Ez dakit ba... Behar bada ez da orain askorik erabiltzen. Seguru gero gazteen artean galtzen ari dela. Baina nik esango nuke ez dela inondik ere geolektoa, hainbat euskalkiren tradizioan erabili izan dela.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2026/01/29 14:01
Gure aitxitxa Juanito Elgoibartarrak asko erabiltzen zuen. Hementxe adibidez 2:20 minutuan https://ahotsak.eus/elgoibar/pasarteak/egb-030-001/ Gaur egun oso gutxi entzuten dut.
Oier G
Oier G dio:
2026/02/01 00:46
Gurian "uste eze" entzun izan juat sarri ("emoten dau", edo "badirudi" esanahixakin, gitxi gora behera) "uste eze etxeko jabia bera dala!" adibidez. "Hain da eze" be erabiltzen juat nik, baiña hori ez najeukek esaten jakingo, etxian ikasittakua dan, edo kalian, Markiña-Etxebarriko pazientiekin edo ("Idazle horren zalia zan, hain da eze, bere liburu guztiak erosi zittuala!" adibidez).

Baiña, hire adibidiekin, zuen amamak beste adiera batekin erabiltzen zebala ulertzen juat. "-arren" edo? " Hau da:
"ia inori ez zaio ezagun egiten-eze"
"ia inori ezagun egiten ez zaion arren".
Hala badok, nik neuk etxuat sekulan entzun adiera horrekin.
Sosola
Sosola dio:
2026/02/02 20:13
"uste eze", "zergatik eze" be ibiltzen jittuaguz bai, baina ez jakek haren adiera.
Hik jarritako bi esaldixotan be nik ñabardura,fiña, baina diferentia topatzen juat.
"eze"k , "arren"ek emoten ez daben etsipen puntua emoten jok:

"buelta bat eitxera noia mendira ia perretxikorik dagon, jentia ibilitxa egongo da eze...."
"buelta bat eitxera noia mendira ia perretxekorik dagon, jentia ibilitxa egongo dan arren" Gaztelerazko "aunque" eta "empero" arteko aldetxo hori izan leikek? ez najaok seguru-segu....

"ez"tik hurbil egotiak emoten jetsa segurasko ezkortasun-puntutxo hori.
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2026/02/05 10:18
Esango neukek Bizkaiera barruko ezaugarri zabaldu samarra dala, nahiz eta azkenaldixan Eibarren galtzekotan egon. Orotariko hiztegixan hainbat adibide dagozak, adiera desberdinekin: https://www.euskaltzaindia.[…];query=eze&mota=sarrera

'Ez eze', 'zegaittik eze' eta beste batzuk be badagozak tartian.

Eibarko euskerian liburuan, Aintzane Agirrebeñak jiñok mendeko 2 perpausa-motatan erabiltzen dala (zala) Eibarren: ondorio-perpausetan eta aierazpen-perpaus osagarrietan.

- Hain exito haundixa euki zeben eze, ba gero jarraittu ein genduan.
- Geruago eta nere barrurago sartu, ikusten dot eze holantxe dala.

Elhuyarrek be "bizkaiera" markiakin erakusten jok bere hiztegixan, eta 3. adiera bat be emoten jetsak aurreko bixez gaine: "ya que", "pues que". https://hiztegiak.elhuyar.eus/eu/eze

"etor zaitez esku hutsik, eze gainerakoa hemen aurkituko duzu" (ven con las manos vacías, ya que lo demás lo encontrarás aquí)

Ez jakixat justu zuen amamak zer/zelan erabiliko ete zeban, baina izan leikek horkoren bat izatia?
Sosola
Sosola dio:
2026/02/10 11:56
Aupa Asier
Ez dittuk ba horrek be, nere ulermenian behintzat.
Ia, ariketa bat jarriko deuat, gaztelerazko hau zelan itzuliko hukek?

Hoy domingo, voy a misa; aunque me han dicho que el cura don Pedro està enfermo"
Amamak esango leukek:
"Domekia da-ta banoia mezetara; Don Pedro abadia gaixorik dagoela esan deste-eze...
Ez dok zehazki "aunque, "sin embargo",...Uste juat euskeraz antzekuena "baina" jartzia. Eta puntu suspentsiboak jartzia be eskatzen dabela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?