Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

7F: zazpi etorkizun, zazpi iraultza 2025 urteari begira

Eneko Astigarraga 2004/07/26 19:04

Future Now blog interesgarrian irakurri dut Washington-en dagoen Center for Strategic and International Studies (CSIS) -ek etorkizunari buruzko hausnarketa berria argitaratu duela: 7F, Seven Futures Seven Revolutions, Looking Out to the Year 2025 ....

Etorkizunari, 2025 urteari, begira egindako hausnarketa da, eta lana egituratzeko zazpi arlo eta zazpi eremu geografiko erabili dira.

CSIS-en lanetan ageri diren eszenategi edo etorkizuneko irudiak kontutan hartzen dituzten zazpi arloak honako hauek dira:

  • Populazioa
  • Errekurtsoak
  • Teknologia
  • Ezaguera eta Informazio Gizartea
  • Ekonomia
  • Gatazkak
  • Gobernantzea

Aztertutako zazpi eremu geografikoak honako hauek dira:

  • Latin Amerika eta Karibea;
  • Europa;
  • Ekialde Erdia eta Ipar Afrika;
  • Afrika subsaharianoa;
  • Errusia/Eurasia;
  • Sud-Asia; eta
  • Asiako Ekialde eta Hego-ekialdea.

Gainera ariketen bidez, etorkizunean eragina izango duten hainbat gaiei buruzko gure ezaguera maila frogatzeko aukera dago webgunean bertan.

Adibidez:

Populazioari buruzko galdetegia

Informazio eta ezagueraren gizarteari buruzko galdetegia

What If? The Art of Scenario Thinking for Nonprofits

Eneko Astigarraga 2004/07/24 17:28

Global Business Network -ek liburu berria jarri du sarean. What If? The Art of Scenario Thinking for Nonprofits izenekoa. Eszenategiak sektore publikoan eta irabazi asmorik gabeko erakundeetan lantzeko metodoak eta gaia jorratzen ditu.

2004.ko uztailean bukatutako liburu berri hau sarean dago .pdf formatoan.

Lau kapitulu ditu, eta lau zatitan, kapitulu bakoitzeko bat, edo osorik jaitsi daiteke. Hauek dira zatiak:

  • Scenario Thinking Defined (sarrera gisa eszenategiak zer diren eta abar)
  • Scenario Thinking in Practice (eszenategiak eraikitzeko GBN-k erabiltzen dituen bost faseen prozesua eta aholkuak)
  • Stories from the Field (adibideak irabazi asmorik gabeko erakundeetan eta sektore publikoan)
  • Resources (Errekurtsoak: bibliografia, glosarioa, ...)

Egileak Diana Scearce eta Katherine Fulton dira.

GBN-k erabiltzen duena ez da eszenategiak egiteko dagoen metodologia bakarra, pertsonalki gehiago erabili izan dut prospektibazko frantsez eskola bezala ezagutua den eta Parisko CNAMeko Laboratoire d’Investigation en Prospective, Stratégie et Organisation (LIPSOR) inguruan erabiltzen den metodologia.

Geoestrategia lokala

Eneko Astigarraga 2004/07/24 03:32

Goikoa, Nicole-Anne Boyer -en Fuzzy Signals. extracting the signal from the noise blog etik ateratako irudia da. Irudi orijinala 2001 urtean Pulitzer Saria irabazi zuen Ann Telnaes-ena da.

Mundua, estatua, lurraldea, herriaren ikuspegia zeharo diferentea da norberaren ardatzaren arabera.

Shell enpresak eszenategiak egiteko erabilitako dokumentu batean: Shell scenarios izenekoan goian ageri den bezelako irudi kuriosoak daude. .

Besteak beste, Scenarios as a Tool for the 21 st Century dokumentuak 2050 urterako eszenategiak aztertzen duen hausnarketa da.

Esan bezala, irudiak dakartza. Behekoa ankaz gora egindako mapa dirudi guretzat, baina ez beraientzat, agian. Berdin gertatzen zaigu estatu, herri ezberdinentzat dugun irudiarekin. Bakoitzak berea.

Duela urte batzuk ikusi nuen australiar ume batek egindako munduko mapa. Ez dut aurkitu, baina gutxi gora behera hemen azpian doanaren antzekoa zen:

Harritu egin ninduen hasiera, gero ez hainbeste.

Beste batean aipatu behar dut dokumentu horren arabera, petroleren ikuspuntua etorkizunari buruz, edo gutxienez Shell-ena .

Militarrak etorkizuneko janari-razioak ikertzen

Eneko Astigarraga 2004/07/23 00:50

Albiste kuriosoa dakar New Scientist aldizkariak: soldaduei banatzen dizkieten janari-ano edo razioak pisu gutxiago eta horrela gerrate eta maniobretan erabilgarriagoak eta erosoagoak izan daitezen, AEB-etako ikerlari militarrek poltsetan sartzeko janari-ano deshidratatu berriak aztertzen ari dira.

Gaur, egun guztirako banatzen diren razioak, gutxi gora behera, 3,5 kilogramo pisatzen dute. Janaria deshidratatuz - oraingoz arroza eta oilazkoaren egin dituzte frogak -, eta deshidrataziorako, konserbatzio eta garraiorako egokiak diren zelulosazko poltsa berezietan sartuta 0,4 kg baino ez izatea lortu dute.

Gero, poltsa horiek osmosis bitartez re-hidratatzen dira eta barnekoa jangarria da. Aspaldidanik erabiltzen da janari deshidratatua armadan, baina saiakera hauek janari-razioen pisua jaistera eta suntsiezinezko razioak lortzera doaz. BBC-k dioen bezala indestructible sandwich -ak lortzeko!

Harrigarriena: janaria re-hidratatzeko ez ur edangarria edo garbia bakarrik, askotan zaila da nahiko ur garbi aurkitzea eta, baizik edozein urgeldi, potzu zikineko ura edo norberaren pixak balioko duela!

La guerra de Gila baino gogorragoa, egia esan. :-) .

Askotan, ikerketa militarra alperrik xahututako dirua da, baina beste ikerketa-emaitza asko eraman izan dira bizitza zibilera: jantziak, materialak, segurtasun sistemak, estrategiak, eta abar.

Ausartuko dira mendizaleak edo bidaiariak, esate baterako, horrelako janaria erabiltzera?

Blogak enpresa eta erakundeetan

Eneko Astigarraga 2004/07/21 22:39

Internet munduko tresnak enpresetan barneratzen doaz pixkanaka. Baina beste tresna asko bezala, erabilera ematen jakin behar zaie.

Corporate Blogging webguneak informazio eta adibide ugari ditu, blogen erabilerataz enpresa eta erakundeetan.

Guide to Corporate and Organizational Blogging - basics, possibilities, blogger interviews, news and European Corporate Blog listings bezala definitzen da, ez da gutxi.

Funtsean enpresa eta erakundeetan blogak erabiltzearen balioa defendatzen du: barne komunikazioa, ezagueraren kudeaketa, prentsa bulegoa, bezeroarekiko hartuemanak, adituak sortzeko, produktuen test-ak egiteko, marketing eta beste gauza askotarako balio dute.

Gainera, Europar blog korporatiboen gida egin nahi du.

Esate baterako, Wales-en erakunde publikoek eta pribatuek bultzatu duten Opportunity Wales Gales-ko lurralde atzeratuenak (Europar Objektibo 1) garatzeko proiektua da: negozio berriak, turismoa, merkataritza elektronikoa,... sortu eta bultzatzeko. Horretarako, besteak beste, bloga, Opportunity Wales Weblog , erabiltzen dute.

Ez ditut aipatutako webgunean ikusi baina badaude gazteleraz edo kalalanezko blog korporatiboak.

  • Fundazioak: Jose Saramago presidentetzat duen Alonso Quijano Fundazioa, bloga Barataria deitzen da. Literarioa batez ere, baina Fundazioaren albisteekin, jakina.
  • Sindikalak: SOFTGAL, S.A. enpresa komitearena, Web del currito de Softgal izena duena . Aholkuak, gatazkak, epaiketak, konbenio negoziaketak,...
  • Politikoak: PSC-eko Miquel Icetarena, El Diari del Portaveu del PSC deitzen dena. Astero albiste edo blog sarrera bat.
  • Ikerkuntza zentroak: RODA proiektuaren bloga . Red de Conocimiento Descentralizado a través de Anotaciones. Baina proiektua bukatu zenetik nahiko geldirik.
  • Enpresak: batzutan enpresa barnean erabiltzen dira, beste batzuetan kanpora begira, zerrenda amerikar honetan ageri direnen kasuan bezala.

Beno, nahiko berria izan arren, aholkuak, definizioak, artikuluak, erreferentziak, The Economist esate baterako, eta beste gauza asko aurkitu daitezke blogak korporazioetan jorratzen duen Corporate Blogging delako horretan.

Blogak Unibertsitatean

Eneko Astigarraga 2004/07/21 02:04

Irakaslearen rol tradizionala aldatzen doa. Nahitaez harreman berriak sortzen ari dira ikasleen eta irakasleen artean.

Gaur egun, irakaslea ez da ezagueraren trasmisioarako iturri bakarra: hor dago Internet, askoz ere aukera gehiago eta zabalagoak ematen dizkio ikasleari irakasleak buruan edo apunteetan duena baino.

Ikasketa-prozesua gehiago izango da ezagutzen elkartruke bat, orain arteko ezagutzen transferentzia hutsa baino. Beraz, Europar Komisioak dioen bazala:

  • Irakaslea ikasketa-prozesuaren bideratzailea izan behar du: aholkulari-tutorea.
  • Ikaslea bere ikasketa-prozesuaren zuzendari eta kudeatzailea izan behar du.
  • Ikas-sare efikazak antolatu behar dira: Internet-ek eskaintzen dituen aukerak erabiliz.

Bide hori jorratzen hasi eta blog bat klaseetarako laguntza gisa erabili izan dut. Klaseak gazteleraz dira eta horregatik: http://www.codesyntax.com/es/prospectiva edukietarako eta http://www.codesyntax.com/es/prospectiva/foro blog estilora erabiltzen dut.

Oraingo eibar.org sareko Prospektiba blog hau, gaia berdina euskaraz jorratzeko nere lehen saiakerak dira.

Normalean, gunea klaseetan azaldutakoa gehitzeko, erreferentziak emateko, apunteak uzteko, etabar erabiltzen dut.

Ikasleek erantzun edo galdetu dezakete blog bidez, baina egia esan nahiago izaten dute pribatuan e-posta mezuen bidez galdetzea.

Horretan blogak abantaila du: kolektiboki blog batean erantzutea ekonomikoagoa da irakaslearentzat eta ikasle batek galdetzen duena, klase guztiak entzuten du.

Baina konbentzituta nago ikasleen inplikazioa askoz handiagoa izan daitekela eta Internetek asko erraztu dezakela klase dinamikan parte hartzea. Eta Blogintza bideetariko bat izan daitekela.

Justu gaur Cybereuskadin argitaratu dute albistean, Unibertsitateetako ikasleen blog erabilera aipatzen da.

Hiru kasu aipatzen dira, horietariko bik eibar.org komunitateko blogen teknologia berdinarekin: Zope (Coreblog , Zope produktu bat da eta CodeSyntax -en euskaratu dugu)

  • Deustuko filologia fakultateko littera , Joseba Abaitua lagunak eramaten du eta ikasle bakoitzak lantzen du bere bloga, testu berriak sortuz blog erara. Euskaraz, nahiz gazteleraz edo ingelesez. Joseba ren esperimentu interesantea, nere ustez.
  • Nafarroako Unibertsitateko, Komunikazio Fakultatekoa Diseño Audiovisual ikasgaikoa, ez dut jarraitu baina irakasleak sona du Internet munduan.
  • EHU-ko Kazetaritza Fakultatekoa, Aulaweblog apur bat jarraitu dut eta, orokorrean, ikasleek sorkuntza baino gehiago, beste toki batzuetatik hartutako albisteen kopia hutsa baino ez dute egiten. Hala ere, medio berrian murgiltzeko lehen pausu bat da.

Beno, adibide batzuk baino ez dira eta komunikazio-filologia-kazetaritza-literaturarekin lotuta, baina esan bezala konbetzituta nago Internetek argitaratzeko ematen duen erraztasunak joko handia eman dezakela, eta ez bakarrik letretan, milaka gune daude non ikasleek bere aurkikuntzak, programazio lanak, etabar konpartitzeko erabiltzen duten, Software libre komunitateen ereduari jarraituz.

Deuston bertan ikasleek antolatutako e-ghost talde nahiko indartsua http://www.e-ghost.deusto.es martxan dabil. Aste honetan makina bat ikastaro auto-antolatu dituzte

Adibideak baino ez dira, prospektiban etorkizunaren haziak esaten diegu.

Gehituta 2004/07/22an

Blogen inguruko saiakuntzen batuketa: Into the Blogosphere , Minnesota-ko Unibertsitateko ikerlariak egindako zerrenda.

Prospecta Peru 2004 irailean

Eneko Astigarraga 2004/07/19 16:11

Irailaren 16 eta 17an ospatuko da Prospecta Peru II CONGRESO NACIONAL DE PROSPECTIVA. Iaz bezala Lima hirian egingo da.

Kongresua Peruko Consejo Nacional de Ciencia y Tecnologia delakoak antolatzen du, beste erakunde batzuekin elkar lanean.

Informazioa kongresuaren webgunean dago, baina, era berean, antolatzaileek latinoamerika ingururuko Prospectiva Regional edo Lurraldeetako Prospektiba ereduak jaso nahi dituzte, Prospectiva postazerrendara bidali duten mezu honetan eskatzen dutenez.

En el Perú estamos elaborando una Guía de Prospectiva Regional para apoyar la difusión y el empleo de la prospectiva en el interior del país para colaborar con su proceso de ordenamiento territorial.

Nos gustaría insertar un capítulo con experiencias exitosas iberoamericanas, para lo cual les pido su apoyo.

Indar handia hartzen ari du Prospektiba ikuspuntuak Latinoamerika aldian. Izan ere, duela hiru urte sortu nuen espainolezko Prospectiva postazerrendako parte hartzaile gehienak Hegoamerika, Mexiko eta Karibe ingurukoak dira gaur egun.

South West Scenarios 2026

Eneko Astigarraga 2004/07/17 09:01

Ingalaterrako South West lurraldean (Bristol, Southampton, Salisbury,...) South West Scenarios 2026 proiektua ipini dute martxan bertako Garapen Agentziak, South West Regional Development Agency (SWRDA) , eta Regional Assembly edo Lurralde Biltzarrak, South West Regional Assembly .

Eszenategien bitartez, etorkizunerako garapen proiektua osatzea da helburua. Hori dela eta sei arlo nagusi aztertuko dituzte:

  • Gizartea: zahartzaroa, migrazioak, kontsumoa, erretretak, kultura aniztasuna, komunikabideen indarra, ...
  • Teknologia eta zientzia: IKT-ak, nanoteknologia, genetika, domotika,...
  • Ekonomia: ekonomia berria, enplegua, MSKa,...
  • Ingurugiroa: nekazal eremuak, aldaketa klimatikoa, kostaldearen babesa,...
  • Politika: Gobernantza, legitimitatea, demokrazia berria, botereen arteko egituraketa,...
  • Erronka berriak edo ezusteko aldaketak: terrorismoa, aldaketa genetikoa, kapitalismoaren porrota, aldaketa klimatikoa edo golfoko ur-korrentearen desagerpena,...

Ez da oso normala azken arloko gaiak ikustea, baina egia esan joko asko eman dezakete hausnarketa prospektibo soil batean. Zailago gai horien inguruko hausnarketak programetan, estrategian edo plagintzan aplikatzea.

Prospecti....va aldizkariaren 2. zenbakia sarean

Eneko Astigarraga 2004/07/16 09:01

Sarean dago Mexikon argitaratzen den Prospecti...va, Construyendo Futuros aldizkariaren 2. zenbakia.

Artikulo interesgarriak, Prospektibaren inguruko albisteak eta hausnarketak Latinoamerika eta Karibetik ikusita. Herrialde hauen etorkizunari buruzko hausnarketak dira nagusi zenbaki honetan, eta prospektibaren alderdi soziala eta gizarte azterketa dira artikulu gehienen ardatz nagusiak.

Frantsesez argitaratzen den Futuribles aldizkaria eta ingelesezko The International Journal of Futures Studies eta Futures Research Quarterly -rekin batera gaiari buruzko aldizkari hedatuenak. Baina azken hauetan testu osoa ez dago Internet-en. Aldiz, Prospecti...va Construyendo Futuros aldizkariak ale osoa irakurgarri jartzen du.

2005-2008 Zientzia, Teknologia eta Gizarte Plana

Eneko Astigarraga 2004/07/15 09:01

Eusko Jaurlaritzak datozen lau urteetarako ikerketa lerroak definitzen dihardu. Besteak beste, 2010 urterako I+G egindako inbertsioa Euskal BPGaren %3ra ailegatzea da helburua. Azken finean zifra hau jarri du Europak helburutzat ERA - European Research Area(Europar Ikerkuntza Eremua) eraikitzeko.

2005-2008 Zientzia, Teknologia eta Gizarte Planak ardatz eta lan lerro ezberdinak ditu eta dagoeneko Saretek, Zientzia, Teknologia eta berrikuntzaren Euskal Sareak, argitaratu ditu arlo bakoitzeko lehen dokumentu edo ponentziak .

Hausnarketa bideratzeko, ponentzia askok, ez guztiak, arlo teknologikoaren justifikazio atalean Enpresen beharrak, gizarte eskaera, ahalbide edo gaitasunak eta Prospektiba ataltxoa daukate. Batzutan luzeagoa edo osotuagoa da, beste batzuetan laburragoa, baina metodologia zuzena dirudi etorkizunari begira izan behar duen planaren helburuak eta lan arloak definitzeko orduan.

Zientzia, Teknologia eta Gizarte Planean lantzen ari diren eremu giltzarriak eta programak, honako hauek dira:

Lehiakortasuna

  • Garraioaren Kudeaketa Integratua eta Sistema Adimendunak
  • Garraioaren Segurtasuna eta Ingurumen Eragina
  • Garraiobidetarako Teknologiak
  • Materialak eta beren Prozesuak
  • Industri Prozesuak eta Ekoizpena
  • Produktuaren diseinua eta garapena. Bizi-zikloa
  • Mikro eta nanoteknologiak
  • Eraikuntza

Energia eta Ingurumena

  • Energia Berriztagarriak
  • Energiaren Integrazioa eta Banaketa
  • Energi eraginkortasuna eta aurreztea
  • Ingurumen Teknologiak

Informazioaren Gizartea

  • Hizkuntzaren Teknologiak
  • Elektronika eta Komunikazio Teknologia
  • Informatika Teknologiak
  • Informazio Gizartearen Zerbitzuak
  • Enpresa Digitala

Biziaren Zientziak eta Bioteknologia

  • Biomedikuntza eta Ikerketa Farmazeutikoak
  • Bioteknologia eta Oinarrizko Biologia
  • Osasunerako Teknologiak

Gizartea eta Bizi-kalitatea

  • Jakintzaren Gizartearen garapena
  • Gizartearen Ongizatea, Kohesioa eta Ekintza
  • Lurraldearen Ingurumen Kudeaketa
  • Turismoa, aisia eta kirola
  • Ondarea zaintzea

Baliabide biziak eta elikadura

  • Elikadura Teknologiak
  • Nekazaritza eta Arrantza Teknologiak
  • Natura zaintzea

Informazio osagarriak:

Ikerketa eta garapena Euskadi-n

Direktorioa

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana 2001-2004

Gehitua. 2004/07/19

Hau argitaratu eta gero, 2005-2008 Zientzia, Teknologia eta Gizarte Planaren Hizkuntzaren Teknologiak atalean parte hartzera gonbidatu gaituzte.

Hemen daude argitaratuta CodeSyntax -etik egin diren lehen ekarpenak.

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.