Behobiatik Donostiara
Gaur goizean, beste 12.000 lagunekin batera, Behobia - San Sebastian lasterketan parte hartu dugu.
Zazpi urte neraman joan gabe eta bihar axubetak non nahi izango ditut, seguru, baina pozik. Lasterketa polita eta giro onekoa da Behobia-Donostia , gainera aurten Pricewaterhouse etxekoek , 700 bat lagun, asko girotu dute lasterketa eta kutsu internazionala eman diote.
Duela aste batzuk ezagutzen ez nuen lasterketa polit batean parte hartu nuen, Donibane - Hondarribia , eta egia esan oso ondo antolatuta ikusi ditut bai hura eta bai gaurkoa. Azken urteetan asko hobetu dute horrelako lasterketak.
Traba batzuk sortuko dira hiritarrentzat - kaleak itxita, aparkaleku gutxiago, jende ugari, ...- baina diru-sarrera eta eragin ekonomiko txukunak erakartzen dituzte. Eta zaletuok pozik.
Teknologiak laguntzen du - denbora zehatz hartzeko txipak, meteo-iragarpen zehatzagoak edo kamiseta teknikoak oparietan esate baterako -, baina imajinatzen dut zenbat buruko min izango dituzten Fortuna, Hondarribia Kirol Elkartea edo Donibane Lohitzuneko Ur Joko elkarteetako jendeek horrelakoak antolatzerakoan. Zorionak guztiei.
Lasterketarako teknologia aipatu dudanez, bitartean, korrika egiteari berriro gustua hartu diodanez, agian animatuko naiz Lance Amstrongen moduan Nike etxeko ipodun zapatillak (nike + ipod Sport kit) erabiltzera :-) Bitxia iruditu zitzaidan anuntzioa, noski ipoda eramateko erropa berezia saltzen dizute. Zer uste zenuen bada!
Technorati Tags: korrika, bestelakoak