Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Egin dira "trick or treat" euskarara itzultzeko ahalegin txukunak, adibidez, "saria ala ziria", baina nik gure tradiziotik zerbait berrerabili nahi nuen. Beraz, hauxe proposatu nien:
Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!
Nagusiak (9 urte) oso ondo hartu zuen eta bere lagunek berehala ikasi eta erabili zuten. Txikiari (7 urte) kosta egiten zitzaion gogoratzea, eta nahiago zuen truco o trato, nere atsekaberako. Baina pentsatu dut datorren urtean lehenagotik irakasten saiatuz gero funtziona dezakeela.
Bidadorrek jaso zuen Beasoain-en
Beasoain-Egillorren, Ollaran bailaran, Saindu Guztien egunean egin ohi diren eske errondetan umeek esaten zutena jaso zuen Joxemiel Bidadorrek (2010:39): "Xanduli Manduli, Kikirriki..... echeme usted nueces por aquí!!". Tarte batean galduta egon ondoren 2007an berreskuratu zuten tradizio hori. Horixe da seme-alabei erabiltzea proposatu nien formula.
Tradiziozko formuletan intxaurrak, gaztainak edo urrak eskatzea ohikoa da. Gure eremu urbanoan intxaurrak eskatzea arraroa litzateke, beraz, goxokiengatik aldatuta egin nien proposamena etxekoei. Irujo pilotariaren herrian, Iberon, umeek "Bota bota kastaña" diotela jaso zuen Bidadorrek (2010:39), baina dirua botatzen zietela nagusiek, umeek kastainak jasotzeko makurtzeko imintziorik egiten ez zutela ikusita. Fernando Goñi pilotariak berriz, bere herrian, Zubirin, honela oihukatzen dutela esan digu: "San Gargarin, '¡castañas por aquí!!".
Txinurrien eske-errondak
Txinurrien kuestazioa izenarekin batu zituen Bidadorrek Santu Guztien egunaren inguruko eske-errondak, izan ere Iruñerrian hainbat herri eta auzotan txinurriak izenarekin ezagutu izan dira data horretan kuestazioa egiten duten ume taldeak.
Iruñerrian Saindu Guztien eguneko kuestazioetan kantatzen ziren bertsoak jaso zituen Joxemiel Bidadorrek (2010:39) Benjamin eta Anselmo de Legarda fraide kaputxinoen ahotik: "Etxadi kanpora, Domine Santua, txinurri minurri, levanta la piturri". Etxaurin berriz hauxe jaso zuen Bidadorrek: "Tirrita-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turron".
Y si no, zikiñe!
Gabriel Inbuluzketak Baztan eta Bidasoa aldean Domu Santu eta Arimen egunaren inguruan egiten ziren eske-errondak aztertu zituen eta horietan umeak erabiltzen zituzten eske-formulen artean aipatzen ditu adibidez Elizondon "Domine Mattua" esaten zutela (latinetik deformatua, Domine=jauna, mattua=xentimo laurdena), "Ixo mattua" Arraiotz-en (izeba xentimo laurden bat!), "Marabeditto" Ituren-en, "Marauttu, marauttu" Donezteben, "Berentxi, berentxi" Lesakan...
Mikel Aranburu Urtasun-ek (1989: 12) Artzibar bailarako folklore ikertzean, ondoko eske formula ederra jaso zuen: "Txingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario". Domu Santu eguneko kuestazioetan erabiltzen zuten umeek, eta egun berean, Iruñean, Jimeno Jurioren esanetan (1976: 111), txinurria izeneko puska biltzea egiten zuten umeek honako formularekin: "Txinurrie, mandurrie, aratako kasteñere, si nos echas, pa tu tia" Muru-Astrain-ekoek, eta Arlegikoek berriz, "Txinurrie, mandurrie, levanta la panturrie".
Polita da Mikel Goñik Sustatun kontatua Utergan erabiltzen dena: "dominé-dominé castañé, y si no zikiñé!". Mutrikun erabiltzen zena ere asko gustatzen zait, "Xesteron kontra, animen alde!". Mutrikuko ehorztailea omen zen Xestero.
2015erako bi erronka
Datorren urterako bi erronka. Batetik, eskatzeko esaldia garaiz landu eta ea beraiek beren inguruan zabaltzea lortzen dugun. Bestetik, koko-jantzia erositakoa eta aurpegia bistan dutela (txikia tapatua zuen, baina nagusiak eta bere lagunek bistan, makillatua) izan beharrean, trapu zahar batzuk inguratu eta ea horiekin benetan mozorrotzea lortzen dugun.
Erreferentziak
ARANBURU URTASUN, Mikel. "Folklore festivo del valle de Arce", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 54. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1989. 343-376. orr.
BIDADOR, Joxemiel. "Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris", in Jentilbaratz, Cuadernos de Folklore, 12. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010. 37-47. orr.
IMBULUZQUETA ALCASENA, Gabriel. "Cuestaciones infantiles en Todos los Santos y día de Difuntos en Baztan-Bidasoa", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1993. 41-46. orr.
JIMENO JURIO, Jose Maria. Calendario 1976. Caja de Ahorros Municipal de Pamplona, 1976. 111. orr.
Nik ere artikulutxo bat idatzia dut honen inguruan liburu batean. Zuretik hartua dut informazioa apur bat hortarako, baita Joxemielen lanatik, ere. Eta nik ikusitakoetatik, noski. Iruñerria josia baitago holako ospakizunez. Batzuk bizi bizirik osasun ezin hobean dirautenak, eta besteak joan direnak. Zubirin, Larrasoaina, Bidaurretan, Iberon, Etxaurin... Osasuntsuenetarikoak. Joandakoen artean, anotzibar, Leitza... eta Larragan esanen nuke zeozer egin zela, baino oso nahasia dago kontua eliz barrurantza. Aztertu beharko. Auskalo!
Bitxikeri modura, hitzaldi bat eman nuen Sanduzelaiko eskolan honen inguruan, han Etxauri, Bidaurreta, Ibero... eta herri hauetako haurrak direlako gehienak. Haloween aipatu genuen, noski, bertsotan eginez bukatu... efektu polita lortu genuen. Nire ustez, irakasleen esku dago Haloween moldatzea eta geure egitea berriz ere.
Ba hoixe. Martxoan salgai jarritako "Aulkipeko Sekretuak" izeneko liburuan, honi buruzko artikulu xume bat dator bestelako gai zeharo desberdinen artean.
Animo, eta segi gai mamitsu honekin lanean!!!!