Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Tradizioa eta abangoardia: Raices, zelako sustraiak!

Tradizioa eta abangoardia: Raices, zelako sustraiak!

Oier Araolaza 2011/12/22 17:56
Festa tradizional bat da, baina abangoardiako performance moduan aurkeztuta ere, erabat sinesgarria litzateke. Eroetxetik ateratakoa dirudien konparsa honen antzerki absurdoa ikuslerik gabeko mendi magalean ikusita abangoardiako performance baten aurrean dagoela pentsatzera eramaten baitu ikuslea.

Iruñeko lagun batek, Mintxo Garaikoetxeak, bideo sorta zoragarri bat bidali digu. Atalka atalka joan gara dantzan.com-en argitaratzen, eta ale bakoitzarekin gozatzen. Television Españolak, frankisko garaian ekoiztutako Raices programako atalak dira. Folklore zaleontzat ikaragarrizko altxorra dira eta pozez txoratzen gaude dokumental guzti horiek ikusita. 1970eko hamarkada hasierakoak dira grabazio gehienak, alegia, orain 40 urtekoak, baina lau  hamarkada horiek mundu bat izan dira folklorean eta bideoan ikusten dugunaren batzuetan beste mundu batera bidaiatzen dugun sentsazioa dugu.

Dantzaren ikuspuntutik zein baino zein interesgarriagoa da, eta ez naiz gai bat hautatzeko, baina dantzatik kanpoko irizpideekin bi apartatu, eta hona ekarriko diut.

Lehenengo eta behin Felicitas, "Señora" Maria eta Petra aipatu nahi ditut. Caceres-eko Garganta la Ollan egindako grabazioan ageri dira hiru emakume hauek, beren herrian jotak nola dantzatzen dituzten azaltzen. Ah zer hirukotea! Haien dantzarako naturaltasunak eta bizi-pozak ez du parekorik. Programaren erdi aldera, 14'28" puntuan hasten da esandako pasartea.

 

Sorta osoaren gailurra aspaldi ikusitako gauza harrigarri eta hunkigarriena da. Valentzian, Biar herrian ospatzen den festa bitxi bat da, Mairu eta Kristauen festen testuinguruan egiten den Espioien dantza edo Ball dels Espies. Merezi du ordu erditxo bat hartzea hau ikusteko:

Festa tradizional bat da, baina abangoardiako performance moduan aurkeztuta ere, erabat sinesgarria litzateke. Kontuan hartu behar da, programa guzti hauetan ageri diren dantza eta festak, dagokien festa egunetik kanpo, propio berregin eta grabatuak izan direla. Horrek, oraindik ere bitxiago egiten du honako hau, eroetxetik ateratakoa dirudien konparsa honen antzerki absurdoa ikuslerik gabeko mendi magalean ikusita abangoardiako performance baten aurrean dagoela pentsatzera eramaten baitu ikuslea.

Enrike lagunak bideoa ikusitakoak bidali zidan mezua ekarri dut hona, niregan sortu zuen harridura bera sentitu baitzuen, eta bai ederki jarri ere hitzetan:

"Aluzinauta gelditxu nok. Galduta. Aurreko baten esaten hestan ikusteko, ikusteko hori "ball dels espies" hori, eta ointxe ikusi juat. Zer dok hori baiña! Zer dok antzerkixa bera eta zer dok Raices programiaren hori ale konkretuori, gaurko ikuspuntutik ikusitxa! Surrealistia? Beste mundu bat? Programiorren direktoria, zer, un adelantado, un monstruo, biharreko gogorik ez? Ze pentsau?

Hasteko, fiestia bera. Teatro del absurdo, esaten juek? Hortxe dakak teatro del absurdo, pretensiño barikua eta natural eta ondo eindakua gaiñera. Zelako ingredientiak! Eta zeiñendako eitxen juek hori jaixori? Pentsatzen egon nok ze, nahiz eta hasieran esan jai-eguna zala eta orduan egunian eitxen dala hori fiestiori, han katurik be ez eguala begira. Holantxeik izango dok benetan? Iñor be ez dala juaten? Akaso egun horretakua emanaldi bereziren bat izango zuan, propio grabatzeko, eta horretxegaitxik jenterik ez? Joder, aurreko espiak, zelako kuadrillia! Flipantia! Eta atzeko dantzako parejak! Zenbat urte eta zenbat bidar hori dantziori benga eta benga eta benga aldapan gora? Eta ze dantza klase? Eta bandia? De pelikula, gero!

Joder, baiña fiestia bera bezin fuertia, ordu erdiko programia horrekiñ osatu ahal eta osatu nahi izatia dok. Tipua, direktoria, bisionarixo bat zuan, edo adar jotzaille mortala, edo zer?
"

Luistxo
Luistxo dio:
2012/01/05 17:25

Nire umetako memoria audiobisualean dago programa hau. Telebista frankista hartan (ezagutu nituen nik Miel Otxin eta Ziripot, Lantzeko inauteriaren gainean egin baitzuten Raices bat.

Oier A.
Oier A. dio:
2012/01/14 02:11

Bai, Lantzeko Raices programa hori ere sareratu dugu dantzan.com-en. Hona:

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter