Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Soroluzeko aztarnak Urkulu dorrearen magalean

Soroluzeko aztarnak Urkulu dorrearen magalean

Oier Araolaza 2011/12/27 23:31
Abenduko lehen egunetan Donibane Garazin oinarri hartu eta zenbait txango egin genituen inguruko mendietara. Horietako batean Urkulura jo genuen, mendi buelta bat egin eta gailurreko dorre erromatarra ezagutzeko asmoz. Bidean, Soroluzeko trikuharria eta mairubaratzarekin topo egin genuen, eta haien ondoan, gure atentzioa deitu zuen lubaki egitura bitxi bat. Zer ote?

Orbaizetako udalerriko lurrak dira Urkulukoak. Pirinioetako gailur-lerroan, Orbaizetako ola ez du urruti, Ibañeta albo batean geratzen zaio eta gu Arnostegitik iritsi ginen bertara. Urkuluko dorrea erromatar garaiko eraikina da, 1.420 metroko altuera duen mendiaren gailurrean eraikitakoa. Dorre zirkularraren gainaldea erorita dago, baina harresiak ederki eutsi ditu babesik gabeko mendi puntan, 2000 urte pasa badira ere. Dorrea baina metro batzuk beherago, etxe-gotortua izan zitekeenaren aztarnak aurkitu ziren, erromatar garaiko aztarnak, baina baita XVIII. mendeko konbentzio-gerra garaikoak ere.

Urkuluko dorrea

 

Urkulu gailurrera bidean, Soroluzeko mendi-lepoan geldialditxoa egin genuen bertan dauden historiaurreko aztarnak bisitatzeko. Trikuharria eta mairubaratza edo cromlecha daude bertan, zuhaitz bakarti batek lagunduta. Horien ondoan, lubaki sakon bat ikusi nuen eta zer ote zen jakin nahian hasi nintzen. Lubakia inguratu, eta planta laukiko eraikin bat babesteko egindakoa zirudien. Soroluzeko trikuharria eta cromlech-a seinale banak aurkezten zizkigun, baina beste hau zer izan zitekeen argitzen zuen panelik ez nuen aurkitu. Belar txikiak eta sasi batzuk estaltzen zuten ingurune osoa, eta beraz, harriak baldin badira azpialde horretan, badira ehunka urte batzuk erorita daudena. Noizkoa ote? Zer ote? Santiago bideko erromesen babeserako aterbea? Hori horrela balitz, lubakiak ez luke zentzurik. Urkuluko erromatar aztarnekin lotutakoa? Orduan, dorrearekin batera aipatuko zuten han eta hemen, eta horrelakorik ez nuen irakurri inon.

Urkulura igotzen, barrenean soroluzeko mendi-lepoa

 

Argazki kamera ez nuen aldean eta telefonoarekin ateratako argazkiak baino ez nituen, eta gainera, argazki sorta handi bat galdu egin dut, baldarkeria baten ondorioz. Dena den, nik bertatik ateratako argazkietan ezin gauza askorik ikusi. Urkulura igotzen ari ginela, Soroluzeko mendi-lepoa honela ikusten genuen.

Soroluzeko mendi-lepoa

 

Honako argazki honetan Soroluzeko lubakiak. Inguruneari egin nizkion argazki batzuk, baina galdu ditudanetakoak dira. Hala ere, ezin ezer antzeman bertan egonda. Lubakiak bakarrik.

Soroluze lubakia

 

Etxera itzuli eta GPSan grabatutako ibilbidea google maps-era igo dut. Zehaztasun askorik ez du (telefonoa da, ez GPSa!) baina itxura egiten du. Hemen ibilbidea.
Ikusi 2011-12-09 Urkuluko Dorrea mapa handiago batean

 

Soroluzeko mendi-lepoaren google maps-en aire argazkiak ikustera joan eta aiba! Bai ederki ikusten dela nire jakinmina piztu zuen eraikinaren planoa. Niri laukia iruditu zitzaidan lubakien forma orain garbi ikusten da izar formakoa dela. Joe, makaleko aldearekin jokatzen dute txoriek gurekin. Horra google maps-etik ateratako argazkia.

soroluze-google-maps

 

Wikipedian aurkitu dut aztarna horien inguruko aipamen labur bat: "Soroluzen dagoen lubaki egitura zoragarriak kostatik Orirainoko gotorlekuen defentsaren katea osatzen zuen. XVIII. eta XIX. mendearen amaierako gerraterako eraiki zen. " Ez da asko, baina dezente da. Gotorlekua zela, eta beraz, horregatik lubakien izar forma, eta XVIII-XIX mendeetako aztarnak direla.

soroluze-2 google-maps

Mendi-puntan bakardadean zaudela pentsatu, eta zaila da imajinatzea Burdin-aroan, Erromatar garaian, Erdi Aroan edo XVIII. mendean zenbat joan-etorri eta eraikitze-lan izan diren paraje horietan.

oier a.
oier a. dio:
2011/12/30 12:49

Mila esker informazioagatik Aritz (eta Mikel). Ah zer festa zegoen mendi horietan garai batean...

oier g
oier g dio:
2011/12/28 10:13

Hona beste aztarnatxo baten erreferentzixia, inguru horretan bertan, Isaac Santesteban maisuan berbetan. Idopil mendiko Y-103 haitzulua da, gizaki prehistorikuen oiñen lorratzak ondiok gordetzen dittuana: http://www.rutasnavarra.com/asp/asp_artic/357.pdf O.

oier a.
oier a. dio:
2011/12/28 11:55

Hori be bai! Joe Benitok Orbaizetako fabrikari kantu bat jarri zion, baina ingurune guzti horrekin disko osua be egin leikian.

aritz
aritz dio:
2011/12/29 23:44

Mikel Azpilikueta lehengusuak hau pasa dit! XVIII. mendekoak bide ziren!

"Según dice Etxegoien, además del fortín situado en la cumbre de Urkulu, había también otros fuertes en el collado de Soroluze y en Arlekia, que es el monte que queda abajo, junto a la fábrica de armas de Orbaitzeta. En caso de amenaza para la fábrica, los soldados que montaban guardia en las trincheras, avisaban del peligro probablemente mediante señales de humo. También hubo fortificaciones en otros montes cercanos, como Ortzantzurieta, Altobizkar, Lepoeder, Lindux e incluso en el puerto de Azpegi. «De hecho, en las memorias de Espoz y Mina, se mencionan las duras guardias que montaban los soldados españoles, ingleses, portugueses,.. en los montes del Pirineo navarro», dice Etxegoien. «También se habla anecdóticamente de la resistencia de los escoceses, atribuida en parte a las faldas de su uniforme, y de cómo algunos soldados temían más el frío que las propias balas de los ejércitos de Napoleón»".

http://www.diariodenavarra.es/20060212/especiales/rincones-singulares/el-torreon-urkulu.html?val=0&sec;=20060212

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter