Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Ramon Pelinski hil da

Ramon Pelinski hil da

Oier Araolaza 2015/07/07 12:21
Musikari, etnomusikologo eta musika eta dantza ikertzailea, bart zendu da Ramon Pelinski (1932-2015). Argentinan jaio eta Argentinan bertan, Frantzian, Polonian eta Alemanian egin zituen musika eta filosofia ikasketak, eta doktore izendatuta Montreal-eko (Kanada) unibertsitatean katedratiko izan zen.

Tango musika sortzailea, pianojolea, ikertzaile eta idazlea, orain 20 urte inguru Castellon-eko Todolella-ko dantza ikertzen hasi zen, eta bide horretatik ezpata-dantzen mundua aztertzen aritu zen luzaz.

Todolellako dantzaren hariari tiraka Euskal Herrian izan genuen Ezpalak jaialdian 2007. urtean. Interesez eta jakinminez jarraitu zituen emanaldiak, galderaz bete gintuen erantzunak guk baino hobeto jakinda ere. 

Ramon Pelinski - Iruñea 2007
Ramon Pelinski, Iruñeko Burgoen plazan, 2007ko Ezpalak jaialdian, Ingalaterrako Bacup-eko Coco-nuts dantzarien emanaldia ikusten. Iruñea, 2007-05-19. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Hurrengo urtean, 2008an Ingalaterran, York-en ospatu zen Sword Spectacular jaialdian ere topo egin genuen. Todolellako dantzaren ikerketak ezpata-dantzen mundua begiratzera eramana zuen, eta York-en ezpata-dantzen alorreko ikertzaile garrantzitsuak batu ziren: Stephen D. Corrsin, Elsie Ivancich Dunin, Ivor Alsop. Aditu handien itzalarekin uzkurtuta ni, Pelinskik irribarre bihurriz esaten zidan, "hauek penintsulako ezpata-dantzetaz ez dute ideiarik ere, Oier, guk esplikatu beharko diegu...

Ramon Pelinski, Stephen D Corrsin - York 2008
Stephen D. Corrsin eta Ramon Pelinski-rekin hizketan, York-en (Ingalaterra), Sword Spectacular jaialdian. York, 2008-05-25. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Bere azalpenak La danza de Todolella: Memoria, historia y usos políticos de la danza de espadas liburukotean (515 orrialde) jaso zituen, bertan Todolellako dantzaren ikerketa sakonaz gain, Europako ezpata-dantzen ikusmira zabala eskaintzen du, eta Euskal Herriko zenbait ezpata-dantza, zahar eta berri (Xemein, Arrate, Beasain eta Iruñea, adibidez) jorratzen ditu. 

2012. urtean, Caceres-en ospatu zen SiBe-ren kongresuan, ezpata-dantzen inguruko mahai batean berarekin izateko zortea izan nuen. Alemaniako ezpata-dantzen inguruko komunikazio interesgarria eskaini zuen Ramon-ek. Alemanez ez dakigunok nekez ezagutu dezakegun mundu zabal eta harrigarria izanik, Ramon Pelinskiren eskutik lezio bikaina jaso genuen.

Gizon atsegina, jakintsua eta beti entzuteko eta ikasketako prest ageri zena, 83 urterekin eman du azken hatsa Ramon Pelinskik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter