Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Oilo bustia ala hartza

Oilo bustia ala hartza

Oier Araolaza 2012/01/26 12:23
"dantzan puntu com, dantzaannnn, ennez bukatuta". Zenbat aldiz errepikatu behar izan dugun zuzenketa hori azken hamar urteotan. Izena jartzerakoan pentsatu genuen indar gehiago zuela 'n'-z bukatutako "dantzan.com" horrek, eta gainera, beste erremediorik ere ez genuen, 'n' gabeko "dantza.com" zainzuriak, piperrak eta alkatxofak saltzen dituen Castejoneko kontserberak hartua baitzuen ordurako.

Hamar urte dira Argiatik gonbidapena jaso nuela dantzan.com ekimenaren berri emanez artikulu bat idazteko. The Chicken dance, alegia, Oilaskoaren dantza izan zen artikulu haren izenburua. Maria Jesús y su acordeón eta bere pajaritoak Benidormen konfinatzea lortu genituenean, Ameriketako euskaldunen ezteietan jarri ziren modan, eta gainera, euskal jatorriko dantza zelako ustea zabaldu zen. Lisa Corcosteguik esplikatu zuen Oilaskoaren dantza Thomas Werner suitzarrak sortu zuela 70eko hamarkadan, eta harrezkero mundu osora zabaldua zela The Duck Dance edo La Danse des Canards moduko izenekin. Dantzaldizkaria webgunean eman zituen azalpenok ingelesez. Hori ikusita pentsatu genuen ingelesez ez dakitenentzat egin behar genuela antzeko zerbait. Horrela sortu zen dantzan.com, eta horrela hasi nintzen Argiarako artikulu hauek idazten.

Euskal dantzarien komunitatearen informazio trukea bideratzeko sortu da dantzan.com, euskal dantzari eta dantzazaleen gunea" idatzi nuen oilaskoarenak esplikatuta gero. Dantzari batzuen gogoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza eta CodeSyntax enpresaren gidaritza teknologikoarekin abiatu ginen. Bidean zientoka dantzari eta dantzazale, elkarte, talde eta norbanako batu zaizkigu, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso dugu, eta dantza arnasten duen komunitate erreala trinkotu da gune birtualaren bueltan.

Hamargarren urteurrena ospatzeko unean hileta kanpaiak jo ditugu. Diru-laguntzen jaitsierak eta beste diru-sarrerak murriztuta dantzan.com itxi beharra izan dugu. Oilaskoaren dantzaz gain, hartzaren hibernazioaz aritu gara dantzan.com-en. Jakin dugu neguan hartza leizean ezkutatu eta lozorroan izaten dela, kieto, hilda bezala. Kandelaria ostean, inauterien usainera iratzarri eta indarberrituta itzultzen da. Horixe amesten dugu guk ere. Hartzaren neguko loaldia izatea nahi genuke, indarrak batu eta udaberrirako esnatzeko. Baina, nola jakin lotara joaterakoan negu luzearen ostean iratzarriko ote garen? Hartzaren dantzarekin amets egiten dugu; ea ez garen oilo bustiarenarekin geratzen.

Argia, 2011-01-22

etiketak: dantza, argia, dantzan.com
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter