Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Marian Arregi, argi-itzalak

Marian Arregi, argi-itzalak

Oier Araolaza 2018/03/14 09:40
Argia eta itzala saihestu ezineko irudia gertatu zaigu egunotan Marian Arregi Sarasolak (Donostia, 1944-2018) euskal kulturari egindako ekarpenak goraipatzeko. Argia dantzari taldearen barruan ardura, gidaritza eta ekarpen oparoz betetako ibilbidea egin du Arregik, baina, hala ere, itzalean geratu dira haren lana eta haren irudia.
Marian Arregi, argi-itzalak

Marian Arregi. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC-by-sa

Marian Arregiren adierazpen bila hasi, eta sarean ez duela ezer aurkitu salatu du Ariane Kamiok Gara-n. Zergatik ez dugu elkarrizketatu inoiz? Zergatik ez dugu haren hitzik jaso? Ez al zegoen arrazoirik elkarrizketatzeko? Zergatik ez dugu haren adierazpenik jasotzeko premiarik sentitu?

Dantza eta musika nerabe zela ikasi zituen eta gazterik hasi zen nabarmentzen bietan. Goizaldi dantza taldean jardun zuen, eta dantza soltean hainbat dantza txapelketa irabazi zituen. 1962an, hiru emakumeren artean Trio Kemen taldea osatu, eta euskarazko kantaldiak eskaintzen hasi ziren. Harrera beroa izan zuen hirukoteak, eta, zenbait kantaldi arrakastatsuren ondotik, Espainiako telebistan agertu ziren. Argia dantzari taldearekin euskal dantza irauli, eta taldea euskal kulturaren alorrean erreferente bihurtzen lagundu zuen. Ondare musikal eta koreografikoa ikertzen eta berritzen lan eskerga egin zuen: herriz herri dantza-maisu eta adineko musikariak bisitatu, utzita eta galduta zeuden doinuak jaso eta horiek biziberrituta zirkulazioan jartzen jardun zuen. Jaurrietako Axuri-Beltza, lo zetzan paperetatik jasota bere esku-soinuarekin berpiztu zuen. 70eko hamarkadako euskal soinu paisajearen parte den festa eta dantzarako musika errepertorioa eraiki eta hedatzearen arduradun nagusietakoa izan zen. Xabier Lete lagundu zuen bere kantaldietan eskusoinuarekin. Benito Lertxundiren musikari taldeko funtsezko kidea izan zen. Dantzarako musika egiteko ezohiko trebetasuna erakutsi zuen. Euskal dantzaren doinu eta soinu asko eta asko Marian Arregik emandako airearekin hedatu eta errotu dira Euskal Herrian barrena: Nafarroako ingurutxoak, Lapurdiko inauteri-dantzak, Nafarroa Behereko bolant-dantzak, Zuberoak altxorrak... Berak iratzarri eta sortutako hainbat eta hainbat pieza euskal kultura musikalaren parte izatera pasatu dira, bai dantza taldeek bere egin dituztelako eta bai folk taldeek jo dituztelako ere. Arriaga, Viktoria Eugenia, Gaiarre edo Gare du Midi moduko antzokietan, zein herriz herriko aretoetan, Argiak eskaini dituen ikuskizun arrakastatsuen musika zuzendaria izan da: IrradakaZortzikoAlakiketanKondharianPas de BasqueAxuri-BeltzaAxeri-BodaBesta Berri, eta orain gutxi estreinatu berri den Martin Zalakain, besteak beste.

Argia zerion Marian Arregiri, baina, hala ere, itzaletik aritu da. Ez duzue aurkituko hemerotekan hari egindako elkarrizketarik. Nekez prentsaurreko batean haren argazkirik, ez adierazpenik. Gertukoek diote ez zitzaiola gustatzen bere burua nabarmentzea. Baina haren ibilbideari erreparatu, egin duen guztia ikusi, eman diguna balioan jarri, eta sortzen diren galderek ezinegona eragiten dute. Itzalean egoteko erabaki horretan, zenbat dago nortasun pertsonaletik eta zenbat emakume izateagatik egokitu zitzaionetik? 50 urtez jarduera publiko arrakastatsu baten protagonista izandakoa gizona balitz, posible litzateke mutu, itzalean egotea?
 
Egunotan, haren irudi apurrekin osatutako omenaldi bideoa ikusten, 1983ko jaialdi erraldoi bateko irudiak agertu dira pantailan. Straznice, Txekia da. Garai hartako nazioarteko talde onenak ageri dira aire zabaleko anfiteatro erraldoi batean. Kamerak publikoari begiratu dio, eta ikaratuta geratu naiz harmailak betetzen dituen ikusle saldoarekin. 7.000 lagun agertokira begira. Oholtzan, musikari bat eskusoinua jotzen: Marian Arregi. Itsutzeko adinako argia zerion izarra izan da.

Marian Arregi gizonezkoa izan balitz, itzalean gordeta eusterik izango genuen mende erdiz? Ezinezkoa litzateke. Gizonezkoa izan balitz, musikari famatua, euskal kulturaren figura ezaguna, artista errekonozitua litzateke. Itzalik gabeko argia. Emakumea izan zen, eta aparteko argi distiratsua bazen ere, itzal-argitan bizitzen ikasi behar izan zuen.

Berria, 2018-03-13

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter