Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Likinkeriaren bitsa

Likinkeriaren bitsa

Oier Araolaza 2013/12/02 13:15
"Kazuelan erlea legez, mordo batean gizon eta andreak nahasian" deskribatu zigun dantzaldia Madariagak. “Mutilak eta neskak, guztiak, zintzotasuna galtzeko prest” joaten zirela festara. Mutilak neskaren aurrean “mila keinu indezente” egiten zituzten “hezi gabekoak, asto basatiak” ziren. Neskak “bularrak berariaz jasota, edo armatuta, edo paparra agerian” agertzen zirela dantzara. Haien aurrean “zenbat eta indezentzia gehiago” egin, hainbat pozago izaten zirela, “labankeriaren eta likinkeriaren bitsa” zeriela. Bartolomek esaera gaiztoaz definitzen zituen: “Ez zaio beleari usoa esaten, ez bada belea”.


Dantzaldia hasi eta “nahi duenak nahi duena egiteko ordua da” irakurrita irudimena hegan. “Lizunkeriaren sua eta kea da nahaste horretan entzuten eta ikusten den guztia”. Ni zur eta lur. “Begirada eta jarrera likitsak. Musu emateko keinu eta oratze lohiak. Gorputzarekin elkar jotze lizunak. Eta hori guzti hori, dantza bakoitzean, geratu gabe, neskak mutilari eta mutilak neskari”.

Juergasmoaren gailurrean bi dantza bereizi zituen Madariagak. Lehenengoan, “dantza arinean, oin biak laban eginda, plazaren erdian jausita geratzen dira andrazkoak”. Jendea “begira, txaloka”. Bigarren dantzan “noiz aurpegiarekin, noiz besoekin, noiz sabelekin, noiz alboekin” elkar ukitu eta jotzen, “bai neska eta mutil, keinu lizun eta lotsagarriak galdetu gabe egiten dizkiotela elkarri”.

Dantzaldia bukatuta, garrasi, txilio eta birao artean, neska-mutilak elkarri oratuta “doaz plazatik etxera, aldi batean nahasian eta mordoan oihuka, deiadarka, barrez eta oratuta, lizunkeriaren festa eta hatsa dariela”. Plazatik ateratzean “neskak, halakoak izan arren, askotan koloreak gorrituta” zetozela zioen Madariagak: “euren iduneko zapiak askatuta eta burukoak okertuta, ikusi gabe sinetsi ezin daitekeen moduan”.

Ohikoak omen ziren “irteera zikin horretan neska eta mutilen artean, nork nori asko ez dakiela nahasian, zirri ukitze lohiak, oratze lizunak, eskuka likitsak, bekaturako gonbiteak eta beste lizunkeria asmoak”. “Horra hemen nola egiten diren plazetako festak” dio Bartolome Madariagak. “Ez dut ezer esan gehituta. Bai asko gutxituta, zatarkeria lizun guztiak paperean ez jartzearren”.

Orain bi mende idatzi zituen hitzok Frai Bartolomek. Soka-dantza, fandango eta arin-arin-ei buruz idatzi zituen. Nik begiratzen diot fandangoari, begiratzen diot arin-arinari eta ez dakit zer pentsatu. Ez dakit beleak ala usoak, baina bietako batek kuku egin digu!

Argia, 2013-12-01

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter