Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Kultura Auzolanean: Kulturaren Euskal Plana 2014-2015 aurkezpena

Kultura Auzolanean: Kulturaren Euskal Plana 2014-2015 aurkezpena

Oier Araolaza 2014/03/25 18:07
Bilbon izan naiz gaur, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak egin duen Kultura Auzolanean planaren aurkezpenean. Kulturaren Euskal Planaren oinordeko izateko asmoz abiatu duten egitasmo honen nondik norakoak azaldu dituzte Kultura saileko arduradunek, eta horren inguruan lehen inpresio trukea izan dugu.
Kultura Auzolanean: Kulturaren Euskal Plana 2014-2015 aurkezpena

Bilbo, Kultura Auzolanean aurkezpena, 2014-03-25. Joxean Muñoz, Gonzalo Olabarria eta Iñaki Lopez de Aguileta ageri dira irudian. Ezkutuan geratu dira Clara Montero eta Josean Urdangarin.

Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eman ditu argibide eta azalpen gehienak. Bere ondoan ziren Clara Montero, EJko Kultura sustatzeko zuzendaria, Gonzalo Olabarria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Iñaki Lopez de Aguileta, Bilboko Udaleko kultura zuzendaria, eta Josean Urdangarin, Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko teknikaria. Albo batean, baina dena gertutik jarraitu eta jasotzen Itziar Camara, planaren kudeaketaz arduratzen den Kualitate Lantaldekoa. Entzuleak 50 lagun inguru izango ginen, kulturaren alor desberdinetakoak, kulturgileak eta kudeatzaileak.

Aurrekariak eta prozesua

Kultura Auzolanean planaren aurrekariak azaldu ditu Joxean Muñoz-ek. Kulturaren Euskal Plana mugarri garrantzitsua izan zela, lan egiteko modu berri bat ekarri zuena eta erakundeak eta sektoreak elkarlanean jarri zituena. Horren segida egokitua izan zela Kulturen Herritaren Aldeko Kontratua, eta horien ondotik datorrela oraingo Kultura Auzolanean hau. Oraingoan, operatibitateari eman zaiola lehentasuna, sektoreekin harremanean izanik, lanaren eremua mugatu eta bi urteko epean urrats nabarmenak gauzatzeko egokiak izan daitezkeen proiektuak adostu, eta indarrak horietan metatzeko borondatea dagoela.

Joxean Muñoz-ek azaldu duenez, erakundeen arteko mahaian, hiru diputazioekin, hiru udal nagusiekin eta Eudelekin lanean aritu dela Jaurlaritza, eta hor adostu direla datozen bi urteetarako lehentasunak. Guztira hogei gai hautatu dira, erdiak 2014an urrats nabarmen bat izan beharko luketenak, eta beste erdiak 2015ean argiratuko liratekeenak. Hurrengo urratsa plan hau ezagutzera eman, eta kultura eragileen eta herritarren ekarpenak jasotzeko epea irekiko dela, hilabetez, bihartik hasita.

Proiektu zehatzak

Segidan, Joxean Muñoz berak eta Clara Monterok, proiektu zehatzak azaldu dituzte. Dantzari dagokionez bi proiektu daude jasota planean: Dantza tradizionalaren artxiboa garatzea eta Dantza Etxeak sendotzea. Beste proiektu batzuk aipatzearren musikan Musika Bulegoa sortzea aurreikusten da, antzerkian Sarea ereduari buruzko gogoeta estrategikoa egitea, ikus-entzunezkoetan teknologia eta formato berrien ondorioz sortutako negozio-eredu berrietara egokitzeko neurriak hartzea, zinema euskaraz atala indartzea, e.a.

Josean Urdangarin-ek azaldu digun nola izango den planari ekarpenak egiteko aukera, bihar (martxoak 26) argitaratuko den www.kulturaauzolanean.net webgunearen bidez (badirudi martxan dagoela dagoeneko), eta bertan izango dugula eskura planari buruzko dokumentazio osoa.

Nire ekarpenak eta iruzkinak

Azkar eta zehatz egin dituzte aurkezpenak hizlariek, entzuleok gure galderak eta ekarpenak egiteko aukera izan genezan, eta eskertzen dut hori. Parte hartze txanda ireki denean nik zenbait kontu aipatu ditut. Hasteko nire harridura azaldu dut, euskal kultura larrialdi une batean antzematen dudalako eta aurkeztu berri diguten planak ohiko jardunbidekoa dirudielako, eta ez dirudiela larrialdi egoera batek eskatzen duen urjentziazko erantzuna. Bestetik, plana agintaldiaren lehen zatia iragandakoan aurkezten zaigula eta horren inguruko arrangura agertu dut, erakundeek beraien proiektua adostuta eta sektoreari aurkeztu orduko bertan eragiteko ahalmena mugatuta geratzen dela. Kulturaren Euskal Planaren bertuteetako bat hasieratik sektoreen hitza aintzat hartu izan zela aipatu dut, Kultura Herritarren Aldeko Kontratuan plana gobernuak egosi zuela eta ondoren aurkeztu zitzaigula, eta orain ere tankera bera hartzen diodala.

Ondoren, Jaurlaritza honetan Kultura saila Hezkuntza sailarekin batera egokitu dela aipatu dut, eta horrek konpartitzen ditugun proiektuetan eraginik izango ote duen ikusteko dagoela. Zehazki, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren proiektua aipatu dut, Hezkuntzari dagokion eskuduntza izanik, kultura sektorearen bete-betean eragiten dion gaia baita, eta hain zuzen ere proiektu hori bultzatzen arte eszenikoen sektore aritu dela hainbat urtez, eta ea oraingoan benetan martxan jartzen den. Sorkuntza fabriken proiektuak berdefinitzeko ekimenarekin ados nagoela ere esan dut, aurreko legealdian argazki latza eskaini baita horretan, alde batetik diru publikoarekin sorkuntza fabrikak bultzatzen ziren bitartean beste aldetik sorkuntza fabrika eredugarria zena, Kukutza eraitsi baita. Azkenik, webgunean ekarpenak jasotzeko epea mugatua dela eta hor idazteko har ditzakegun lanek mereziko ote duten galdetzen nuen, alegia, zenbateraino hartuko diren aintzat.

Kultura sailburuordearen erantzuna

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak erantzun dizkie nire iruzkinei. Esan dit Kultura Auzolanean ez dela ez Eusko Jaurlaritzak ez beste erakundeek kulturaren alorrean egiten ari diren ez egiteko asmoa duten guztia, baizik eta zati bat bakarrik, eta beraz, ez dela egoera larri baten aurrean eman nahi den erantzuna, baizik eta proiektu zehatz batzuk epe motz batean modu operatiboan gauzatzeko egitasmoa. Horrexegatik hain zuzen ere datorrela plana nahiko aurreratuta, baina kulturako sektorearekin etengabe daudela harremanetan eta ondotik ere elkarlanean jarraitzeko asmotan direla.

Hezkuntza sailari buruz esan du ataka gaiztoan dagoela, orain arte hezkuntza sistema garatzeko izan duen autonomia bera kolokan dagoelako eta argi gorri guztiak horri begira piztuta daudela, baina Kultura sailean ere Eszenikaren proiektua gertutik jarraitzen ari direla, eta badakitela legedi aldaketak ikasketa planetan eragindako egokitzapenak burutzen ari direla orain Hezkuntza sailean. Sorkuntza fabrikak definizioz ekimen pribatuko jardunbideak direla eta azterketa sakona behar duela lan lerro horrek, eremu estrategikoa baita gainera. Ekarpenak egiteko mugaren helburua operatibitateari lehentasuna ematea dela, eztabaida eta gogoeta sakon eta irekietan galdu gabe proiektu zehatzak aztertu eta bultzatu ahal izateko.

Parte hartzea

Beste zenbait ekarpen izan dira ondoren, Euskal Aktoreen Batasuneko Gabriel Ocinak eta beste kide batek hitz egin dute, adibidez komunikazioaz, Euskaltzaleen Topaguneko Manuk euskarazko kulturgintza eta horren sustapena bereziki babestu beharra aipatu du, artxiboen elkarteko ordezkariak beraien elkartearen ekarpenak aintzat hartzea eskatu du, e.a. Nik, bigarren parte hartze bat izan dut eta bertan aipatu dut poztu naizela erakundeen arteko mahaian Eudel dagoela jakiteaz, Kulturaren Behatokiko txostenek erakusten duten moduan, kulturan kontsumoan, kopuru totaletan udalek, herrietako udalek egiten dutela kopuru altuena, eta krisiak ere haiei, eta ondorioz, kultur kontsumoari eragiten ari diela nabarmenen, eta beraz, udalen ahotsa oso garrantzitsua dela kultur planetan. Bestalde, Kulturaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendua eta eraginkortasuna nik ezagutu dudan aldian eskasa izan dela, eta kontseiluaren zereginak eta funtzionamendua ongi aztertu beharko dela, ezertarako balio ez duen organo bat izan ez dadin.

Ez dakit astirik hartu ahal izango dudan hilabete honetan Kultura Auzolanean webgunean ekarpenak egiteko. Lehen begiratuan konturatu naiz dantzako bi ekintza asmoak 2015. urterako osatzea aurreikusita daudela. Bestalde, Ondare ez-materiala babesteko plana aurreikusten da, eta jakin mina sortu zait horri buruz.

 

Gai honekin lotuta aurretik idatzitako sarrerak:

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter