Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Itxurakeria dantzan

Itxurakeria dantzan

Oier Araolaza 2017/01/25 09:46
Telebistan, sarean, oholtzan eta plazan, itxurakerian erorita ageri gara dantzariak. Beldurra diot telebista pizteari, gure lotsak agerian jartzeko gaitasuna baitu ispilu makur horrek.
Itxurakeria dantzan

Dantzaria pilotan ala pilotaria dantzan?

Alperrik da ostrukarena egitea, berehala dut uasapa agintari: “Jarri telebista! Ikusi zelako dantzak!”. Eta obeditzen makal xamarra naizelakoan, ikusiz beste barik bihotza hilko didan dantzaren bideoa dator kanal beretik. “Ezin gintezke engaina, xumetasun hau gu gara” kantatu zigun Makagorriak Bidador pastoralean. Baina, Bidador dantzariaren xumetasun arrastorik sumatzen al da dantzarion jardunean?

Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta. Besoak dantzarako altxatzean, toreatzaileak montera lurrera botatzean darabilen lotsagabekeria erakusten dugu dantzariok. Oinekin lurrean marrazten dugu, poema larriak kaligrafia loratuaz idazten dituenaren transzendentziaz; alkandoran kabitu ezinda, emozioak edertasunetik kontatzen ariko bagina bezala dantzatzen.

Aitzurlari bat dantzatzen ikusi zuen Juan Inazio Iztuetak. Billanzikoa dantzatu zuen eskolatu gabeko nekazariak. Bere dantzarako abilezia eta jakintzaren erakusgarri, dantza beraren hamasei aldaera dantzatu zituen. Bularra bihotza auspotzeko hanpatuko zuela pentsatu nahi dut, ez zituela birikak indioilarrarena egiteko puztuko. Aitzurrean egiten zuen moduan irudikatzen dut dantzan Urnietako baserritarra, ostikoz indartsu, apainduraz soil, keinuetan doi.

Dantzakera soila ez da soilik baserritarren bertutea izan. Hiriburuetako jauntxoen dantza-maisuek zorrotz zigortzen zuten estilo hanpatua. Itxurakeriak dantzariaren trebetasuna iluntzen duela idatzi zuen Juan Esquivel Navarro dantza-maisu sevillarrak. Gorputza “artifiziorik gabe, laxo, kalean eramaten den modu berean” dantzatu behar zela zioen, “itxurakeriak eta harrokeriak ongi egindako guztia okertzen baitu”.

Txertoa, hantura zulatzeko ziztada, Juan A. Urbeltz Navarrok banatzen du gurean: “Dantza ezazue pilotan jokatzen den moduan”. Euskal dantzaren estetika lezioa sei hitzetan. Dantzari-puztuon oinak lurrera jaisteko, harriz betetzen digu motxila dantza-maisuak. Dantzan pilotan egiten den moduan egiteak eskatzen du egiaz dantzatzea, simulatu gabe, itxurakeriarik gabe, plantak egin gabe. Pilotari indarrez, abiaduraz eta zehaztasunez eman behar zaio, mugimendua edertzeko keinuak baztertuz, autokonplazentzia erakustaldiak saihestuz.

Dantzan ari garen itxurak egiteari utzi eta dantzan egitea da kontua.

Argia astekaria, 2017-01-15

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter