Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Ipurbeltz

Ipurbeltz

Oier Araolaza 2014/09/12 10:40
Belea ikusi eta muturra okertu, dena da bat. Zozoa naiz, bai horixe, eta zurikeriatan saiatu arren, abilagoa naiz belzten orroa. Hizkuntzalariak deskribatze lanetara mugatu beharko luketela pentsatzen duenetakoa naiz, eta hizkuntzaren eguneratze, berritze eta sortze lanak hiztun eta sortzaileen mihi eta teklatuen esku utzi beharko lituzketela. Hori hitz bidezko hizkuntzari dagokionez. Noski, dantzan ez. Hori beste kontu bat da. Dantzariak eta sortzaileak ezjakinak badira, ezin ba haien esku utzi gure hizkuntzaren —euskara badut aho hizkuntza, euskal dantza dut gorputz hizkuntza— bilakaera eta gainbehera.
 Ipurbeltz

(c) Laurita Siles / http://folklorenomada.com/

Beleok sarri egiten diguzue orro ipurbeltz zozo koittaduoi. Euskal dantzak berritu behar direla, eta edozein ergelkeria koreografiko atsegin dut batez feisbukizatzen diguzue. Alperrik da sasi-koreografia baten egiturazko ahuldade eta sortzezko pekatuak agerian uztea: sustrai eza, inkoherentzia koreografikoa, sintaxi okerra, itxurakeria eta hutsaltasuna, tradizioaren ezagutza ezaren goratzea,… Belearen plastakoak putzada batekin eraitsiko dizu gaztelua: Ba niri gustatu zait. Zu tradizionalista bat zara.

Zozo-aberrian edozein zozok edozein zozokeri asmatzea, eta horrela eraberritzeko hain premia larria duen euskal dantza zaharkitua eguneratzea, eraldatzea, birsortzea bikain iruditzen zaio beleari. Baina eutsi ondo mokoa bele-aberrian sartzeko tentaldiaren aurrean. Euskararen eremua gauza serioa da, hamaika zaindari zinpekok, osok, urgazlek eta hooliganek babestua. Mendikleta ez, hori ez dator bat hitz berriak sortzeko hizkuntz irizpideekin. Eta trash. Edozein zozokeri proposatuz gero, Olasagastik letxe aizkoratuko zaitu beleak: tradizioan ez da inoiz horrela esan. Eta kitto. Kroa. Igela? Zozoa!

Tradizioa. Ja. Zozook erabateko ezjakintasunetik baztertu edo aldatu, eraldatu, berritu, berrasmatu beharko genukeena lege ukiezina da ezagutza gainezka duen bele-aberrian. Zozo tradizionalista honek uste du euskal dantza berritzeko, eguneratzeko, sortzeko eta birsortzeko, euskal dantza bera, bere gramatikan eta lexikoan, semantikan eta morfologian ongi ezagutu beharko genukeela. Ez dugu ezagutzen, ez. Ezta urrik eman ere. Beleak uste du bele-aberrian euskaran adina ikertzen eta inbertitzen dela dantzan zozo-aberrian. Dantza ikertzen eta aztertzen dagoen zozo bakoitzeko mila bele daude euskara aztergai eta ikergai dutenak, unibertsitate, akademia, eskola, erakunde publiko, bolondres elkarte, enpresa profesional eta ongintzako fundazioetan. Zozo-dantzariak, onenera ere, atsotitz eta kanta zahar batzuk ahots inpostatuz deklamatzera iristen gara. Kroa.

Argia astekaria, 2014-09-12

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter