Il Circo Italiano: Gaurko saltinbankiak, moixigangak eta giza-dorreak
Antion, Zumarragan, Santa Isabel eguneko ezpata-dantzaz beste behin gozatuta (ikuskizun eta festa bikaina berau) Eibarrera etorri eta Il Circo Italianoren emanaldira joan ginen. Emanaldi dotorea, ikusgarria, duintasunez betea ikusi genuen. Sarreran bertan, azafatari sarrerak erakutsi eta "eskumako harmailan, bigarren lerrotik gora nahi duzuen tokia eseri" euskara garbian esan zigunetik irabazi gintuzten. Akrobata, trapezista, ilusionista, kontorsionista eta pailazoen erakustaldiak liluratuta jarraitu genituen, eta giza-dorre sinestezinak egin zituzten saltinbankiekin aho-zabalik geratu ginen.
Giza-dorrea, Il Circo Italiano, 2017-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA
Giza-dorreak: iragana eta etorkizuna
Kataluniako castellersak eta Valentziako moixigangak giza-dorre ezagunak dira, baina XVII. mendetik aurrera gure inguruko hainbat herritan ageri dira eta Europako eskualde gehienetan ohikoak izan dira moxiganga edo giza-dorreak egiten zituzten dantzari-saltinbankien kontuak.
Lekeition XVIII. mendean aipatzen dira Moxigangak, eta gaur egunera etorrita, Andoain eta Adunako axeri-dantzetan, edo Kuartangoko Trinitate festan urtero ikusi daitezke era horietako formazioak.
Jose Antonio Kijerak "Giza dorreak folklore koreografikoan" izeneko artikuluan (Jentilbaratz, 7) beste hainbat adibide bildu zituen. Horietako batzuk zuzenean gozatu ahal izan ditugu azken urteotan, San Asensioko eta Burgosko dantzariek edo Miranda do Douroko pauliteiroek Ezpalak jaialdian egindakoa adibidez.
Horiek denak etorri zitzaizkidan gogora Il Circo Italianoko saltinbanki afrikarrak beraien erakustaldia egiten hasi zirenean. Abiadura, altura, zehaztasuna, indarra, figura aniztasuna... Zer nolako erakustaldia! XXI. mendeko saltinbankiak, moixiganga eta giza-dorre egileak gure begi aurrean izan genituen.