Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Honela dantzatu zen Zaratrusta

Honela dantzatu zen Zaratrusta

Oier Araolaza 2012/10/12 10:05
Cordobatik, @bailarina97-k txiokatu du: "Niretzat droga da. Pozoina gorputzean sartuta dut, eta orain egunero behar dut nire dosia". Ez dut txorrotxiokatu (!), ez nago ados. Dantza ez da gorputzean sartzen den zerbait, gorputzetik ateratzen dena baizik. Eta zer ateratzen da? Alaitasuna, tristura, zirikatzeko gogoa,... edozer, barruan daukazuna. Dantza.

Alicia Alonso: "Dantzaren bidez batasuna, bakea eta etorkizuna egiten dugu". Tira, badakizue, karibearrak oso beroak dira. Mathias Lillmans: "Dantzaren bidez larrutan egiten dut". Halaaa, aho bero! Friedrich Nietzsche: "Dantzatu ez dugun egun bakoitza alperrik galdutako eguna da". Nietzschek euskal hauteskundeak ezagutuko balitu, esaldia honela idatziko zuen: "Dantzatu ez dugun eta hauteskunde kanpainan pasa dugun egun bakoitza alperrik galdutako eguna da".

Eustatek dio, zuk, edo zure albokoak, baina biotako batek ziur, baduzuela ezkutuko bizio bat. Astero hartzen duzuela tarte bat pasiatzeko edo kirola egiteko. Britainiarrak ere biziotsuak dira, baina gure aldean, Nietzsche zaleak. Futbolaren ondoren, dantza da britainiarrek gehien egiten dute jarduera fisikoa. Britainia Handian 40.000 dantzari eta dantza-irakasle ari da dantzaren munduan profesionalki. Herrialde oso bat dantzan. Horrela daude gu baino hobeto, batasuna, bakea, etorkizuna eta sexua gainezka dituztela.

Horra nire plana. Lehendakarigai guztiak bahitu, eta eztabaida aspergarri bat egin beharrean, dantza reality batean sartuko ditugu. Hasteko, atarikoak. Elkarri eskua eman eta soka-dantza egingo dute. Denak soka berean. Ze polita. Gero bikoteka jarriko ditugu dantzan, erritmo eta sentsibilitate desberdinak koordinatzeko.

Hiruko jokoan ohituta daude Patxi Lopez eta Iñigo Urkullu, eta baltsean jarriko ditugu. Elkarrengandik urrundu eta berriz elkartu daitezke unearen arabera. Antonio Basagoitik eta Laura Mintegik pasodoblerako bikote ona egiten dute. Hain espainola eta hain euskalduna -pasodoblea!- aldi berean. Antonio agintzera ohituta dago, baina Laurak genero bereizketarik gabeko dantza nahi du, eta ez dio agintea aitortzen. Raquel Modubar eta Mikel Arana tangoan ariko dira. Elkarri bizkarra emanez, baina pega-pega eginda dantzan, bakarra bailiran. Gorka Maneirori eta Aitor Urrestiri salsa doinua jarriko diegu. Kontaktu fisikoa saihestuz, bakoitzak bere aldaka jokoa erakusteko aukera izango dute. Hurrengo ataletan bikote aldaketa.

Argia astekaria, 2012-10-12

etiketak: argia-astekaria, dantza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter