Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Diputazioa, gizarte politika eta kultura

Diputazioa, gizarte politika eta kultura

Oier Araolaza 2012/11/20 15:10
Atzo Eibarren izan zen Gipuzkoako Diputatu Nagusia 2013rako aurrekontuak aurkezten eta herritarren galderak, iritziak eta ekarpenak jasotzen. Martin Garitano Diputatu Nagusia, Jon Peli Uriguen Landa Garapeneko, Berrikuntzako eta Turismoko diputatua eta Aitziber Iartza, Komunikazio zuzendaria aritu ziren hizketan. Portaleko areto nagusian ez ginen asko batu, hogei bat lagun inguru. Iruditu zitzaidan gehienak Bilduren ingurukoak zirela, eta horiez gain Nagusien Kontseiluko ordezkariak, eta beste hiruzpalau norbanako.

Diputatuen aurkezpena

2012ko balantzea eta 2013ko aurrekontuak aurkeztu zituzten Garitano eta Uriguen artean, eta ordubete pasa joan zen horretan. Gizarte politikaren aldeko apustua egiten zutela adierazi zuten, aurrekontuaren %50 horretara bideratuz. Inbertsioetan, Deskarga izango da azpiegituretan egingo den inbertsio ia-bakarra. Deba bailarak autopista peajeen kontuarekin bizi izan duen injustizia konpontzeko hartu dituzten neurriak (gehienez 25 euro hilean ordainduko dituzte gipuzkoarrek autopistan) azaldu zituen. Kultura Sailean %11ko jaitsiera kalkulatu nuen eman zituzten datuen arabera, eta bi proiektu estrategiko azpimarratu zituzten: Tabakalera eta Donostia 2016.

Gizarte politika

Ondoren galderen txanda ireki zuten. Aurreikusi bezala gizarte gaiek hartu zuten pisu handiena. San Andres ospitalaren finantziazioaz galdetu zuten, eta Garitano gizarte politika orokorraz hitzegiten hasi zen, eta zehazteko eskatu zizaionean adierazi zuen Diputazioak ez duela sos gehiago jarriko horretarako, ez dagokiolako eta ez daukalako. Eibarko Eguneko zentroak eskaintzen dituen plaza kopurua beste herriekin alderatuta oso txikia dela aipatu zuen Nagusien Kontseiluko ordezkariak, eta ea 2012an hori handituko den. Ez zuen erabat argitu hori, baina itxura denez ez dago dirurik horretarako. Elgoibarko San Lazaro egoitza tokiz aldatzeko proiektuaz galdetu zuten eta horretarako ere ez da aurreikusten dirurik 2013an. Iraupen luzeko langabetuen egoeraz aritu zen pertsona bat, baina kanpoko eta bertakoen arteko diferentziekin apaindu nahi izan zuen asuntoa, eta hor Garitanok oso ondo erantzun zion nire ustez, horrelako usteei ezin diegula ausporik eman esanez, ez baitira egia, eta larritasun handiko egoerak daudela, eta horiei erantzun beharra dagoela, nongoak diren begiratu gabe.

Bide-gorriak eta Software librea

Eibar-Maltzaga bidegorriaren inguruan ere galdetu zitzaion. Eta hasieran baietz esan zuen, Aldundiaren prioritateen artean zegoela, baina zehazteko eskatu zitzaionean argitu zuen 2013rako ez duela aurrekontu zehatzik proiektu horrek, eta ez dirudi ezer egingo denik horretaz 2013an ere.

Nik bi gauzatxo esan nituen. Ekarri zuten Diputazioko ordenagailuaren Windowsa eta Office Powerpointa ikusita, eta sailetako batean IKTak bultzatzea aipatu zutenez, gonbidatu nituen GFA software librearen arrastoan sartzera, eta horren aldeko apostu estrategikoa egitera. Garitanok erantzun zidan gezurra zela Diputazioa ez zegoenik software librea bultzatzen (nik ez nuen horrelakorik esan, gonbidatu egin nituen horren alde egitera) eta zakar esan zidan idatzita zutela hori. Nik esan nion halaxe egongo zela, baina software librearen alde software ez libre batean idaztea nahiko absurdoa zela, hori "bizikletaren alde kotxetik hitzegitea bezala da", esan nion. Jon Peli Uriguenek esan zidan baietz, GFAk baduela software librearen alde egiteko borondate argia, eta aztertzen ari direla software enpresekin hartuta dauden konpromezu guztiak, ondoren alor bakoitzerako ordezkapenak programatzeko. Aitziber Iartzak ere esan zidan hartu berri duten erabaki baten arabera hemendik aurrera berritzen edo egiten diren Diputazioaren webgune guztiak software librean egin beharko direla.

Kultura inbertsioa da

Azkenik, gauden egoera ekonomikoan administrazioaren indarrak gizarte politikei bideratzea erabat lojikoa eta beharrezkoa zela esan nuen, lehentasunak lehentasun direla, eta orain horixe dela egiteko nagusia. Baina zati horrek aurrekontuaren %50a hartzen duela, eta badagoela beste %50 bat beste zereginetarako erabiliko dena. Gizarte politikak zauriak artatzea duela helburu, eta hori egin beharrekoa dela, baina horrekin batera, krisi honetatik atera, edo gutxienez krisi honekin ahalik eta ondoen konpontzen hasteko oinarriak jarri behar ditugula. Eta hori egiteko inbertsioei begiratu behar diegula. 2013rako DFAk aurreikusitako inbertsio ia-bakarrak azpiegiturei dagozkionak dira (Deskarga bukatzeak hartzen du ia guztia), eta horiek ere beharrezkoa dira. Baina krisitik atera edo krisiarekin moldatzen ikasteko beste alor batzuetan ere inbertitu beharko dugula: zientzia, teknologian, garapenean, hezkuntzan, osasunean eta kulturan, bai, kulturan ere bai. Gizarte kulturalki bizi eta dinamiko bat, gizarte sortzaile bat, krisiari aurre egiteko hobeto prestatuago egongo dela defendatu nuen, eta beraz, kulturako aurrekontuak inbertsiotzat jo beharko genituzkeela eta ez gastutzat.

Zehazki kultura aurrekontuei begiratuta, azken urteotan urritzen-urritzen joan direla esan nuen, ez direlako inbertsiotzat hartzen, gastutzat jotzen direlako. Aurrekontuen murrizketa hori kultura sarea ahitzen ari da, desegiten, dauden sos apurrak proiektu erraldoiek (Tabakalera, Donostia 2016) jaten dituztelako, eta guzti hori kezka handiz ikusten dugula esanez bukatu nuen.

Garitanok erantzun zidan esanez diruak urriak zirela, erdia gastu soziala zela, azpiegituretan inbertitzen zutela ahal zen guztia, eta hori ez zela bateragarria kulturan gehiago gastatzearekin. Jarrera oso zurruna antzeman nion, ez zuen nire mezua hartu, ez nuen insistitu eta hor bukatu zen saioa. Ondoren Aitziber Iartza hurbildu zitzaidan eta esan zidan kultura inbertsiotzat hartzea lantzen ari ziren kontua zela, eta zehazki, Donostia 2016ri buruzko aurrekontuak inbertsio moduan konsideratuak izan zitezela lortu zutela eta ez gastu bezala. Esan nion proiektu erraldoi horietan xahutzen ari zirela kulturako diru apurrak, trukean kulturgileen sarea deseginez, eta esan zidan Donostia 2016 oso proiektu irekia eta bizia zela, Gipuzkoa osoa  hartzen zuena eta bertara hurbiltzera gonbidatu ninduen. Egingo nuela erantzun nion eta eskerrak emanez agurtu nuen.

Gazi-gozoa

Zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan. Batetik, pozgarria iruditzen zait diputatu nagusia herrietara etortzea aurrekontuak azaltzera, eta jendearen ekarpenak entzutera. Atzo Eibarren izan zen, baina hilabete honetan Gipuzkoako hainbat herri (Bergara, Beasain, Hernani, Tolosa,...) bisitatuko ditu, eta jendeari, zuzenean galdetzeko, proposatzeko eta eztabaidatzeko aukera ematea oso jarrera ona iruditzen zait bere aldetik. Baina bestetik, herritarren erantzuna nahiko flojoa eta lerratua izan zen, eta hor begiratu beharko da zergatik gertatzen den hori horrela. Eta azkenik, hasierako asmoa herritarron ahotsak entzutea zela esan arren, praktikan denbora gehiena beraiek hartu zuten, eta herritarren txanda izan zenean ez dut uste Garitanok entzuteko jarrera egokia izan zuenik. Iruditzen zait bere kudeaketa defenditzera jotzen zuela azkarregi eta irmoegi, eta horrek, herritarren ahotsak behar bezala entzun eta jasotzea galarazi ziola.

Inaki Irazabalbeitia
Inaki Irazabalbeitia dio:
2012/11/20 16:54
Azkeneko paragrafoaz konfimazio bat eta iritzi bat. Tolosan egin genuen udal gobernukoek horrelako ahalegin bat eta bi herri-batzar konbokatu genituen arau fiskalez hitz egiteko. Oso jende gutxi etorri zen eta bigarrena udal gobernua osatzen duen indarretako baten barne-batzartzat har zitekeen bildutako apurrei erreparatuta. Batetik iruditzen zait herritarrek parte hartzeko kulturan ez daudela hezita eta kosta egiten dela ohitura berrietara eramatea. Bestetik, duda handiak ditut herri-batzarra den modurik egokiena aurrekontuak bezelako gaiak tratatzeko prozesu-parte hartzaile baten bidez. Iruditzen zait horrelakoak bide gutxi ematen dutela herritarrek iritzia emateko, jasotzen duten informazioa liseritzeko betarik ez dutelako besteak beste. Hortaz, propaganda-ekintza huts bilaka daitezke. Beste formula batzuk saiatu behar direla uste dut.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/20 17:15
Bat nator esaten dituzunekin Inaki. Funtsezkoa iruditzen zait hau: "parte hartzeko kulturan ez gaudela hezita". Herritarren aldetik lan handia dugu hor egiteko. Politikariei dagokionez, iruditzen zait beste jarrera bat eskatzen dutela ahalegin hauek. Herritarrei iritzia galdetzeak esan nahi du prest izan behar garela "entzuteko". Alderdi politikoen arteko eztabaidetan ohikoa den korazarekin joanez gero herritarren bilerara ezer gutxi entzuten da.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter