Gerra Zibilari buruzko interpretazio zentroaren inaugurazioan Arraten
Kolonia sarreran dagoen gela batean egokitu dute museoa, gela txiki bat besterik ez da, baina Kolonia osorik berritu eta garbitu da, eta taldeak asteburu pasa joateko egoki dago orain. Interpretazio gunearen espazio interesgarrienak kanpoan daude, noski, Arrate inguruetan, Akondian eta Kalamuan. Ingurune horretan zenbait panel jarri dituzte, han gertatutako gerra pasarteen berri emanez.
Bi hizlari bikain
Inaugurazio ekitaldia bera, gerra zibilaren Eibarko pasarteari buruz hainbat kontu ezagutu eta ikasteko hitzaldi interesgarria gertatu zen. Jesus Gutierrez eta Jose Luis Valenciagaren eskutik testuinguru historikoak, gudalosteen mugimenduak, bandoen posizioak, eibartarren gora-beherak, gerrako xehetasunak eta estrategia eta baliabide militarren berri izan genuen.
Merezi du Arrateko gerraren interpretazio guneari bisita egiteak. Jakina, Kolonian dagoen erakusketa gela abiapuntua baino ez da. Inguruetan, Arraten, Kalamuan, Akondian, Garagoitin, Santa Kurutzen... gerraren aztarnak lokalizatu eta haietan bizi izandakoak irudikatzen laguntzea, horixe da nire ustez gunearen ekarpen garrantzitsuena. Eta badirudi jendeak garbi duela hori, antolatu dituzten bisita gidatuen arrakasta lekuko. Lau bisita gidatu antolatu dira eta itxura denez bete dira denak dagoeneko, eta gehiago antolatu nahi dituzte. Ea ba txanda hartzen dugun!
Larunbateko inaugurazioan, Jesus Gutierrezek, euskara eta gaztelera tartekatuz gerraren nundik-norakoak azaldu zizkigun ohikoa duen zorroztasun eta umorea tartekatuz. Jose Luis Valenciagak, gazteleraz, militarren arma, jantzi eta egunerokoen xehetasun ugari eman zizkigun. Nik ez nuen ezagutzen Jose Luis Valenciaga (izena ere Felix Morquechok DVrako egindako kronikan jakin dut) eta harrituta geratu nintzen gerrari lotutako xehetasunekin erakutsitako ezagutzaz. Badirudi biak aritu direla erakusketa prestatzen, eta lan horretarako pertsona egokiak, benetako adituak eta dibulgazioarekin konprometituak zirela erakutsi zuten biek.
Militar kulturaz
Orain hiru bat urte Normandian izan ginen oporretan, eta bigarren mundu gerlako bataila famatuen tokiak eta aztarnak ikusi genituen. Gogoan dut egonezin moduko bat egin zitzaigula. Batetik, batailen narrazioa zenbat eta xeheagoa, eta haien gordintasuna argiagoa izan, orduan eta tristeagoa eta etsigarriagoa zitzaigun dena. Bestetik, estrategia militarren, armen, jantzien, tanke, kanoi eta abarrekoen museo, erakusketa eta exhibizio neurrigabeko hark zalantza sortzen zigun zein ote zen guzti haren irakaspena. Estetika eta kultura militarraren goresmena eta loria?
Atzo kezka hori berpiztu zitzaidan Arraten. Erasorako eta defentsarako granadak zeudela ikasi nuen, bakoitza zenbat metrotara bota zitekeen, zenbat pisatzen zuen, zer zeukan barruan, zer eragin zituen... Erabiltzen zituzten armen xehetasun ikaragarriak kontatu zizkigu Valenciagak.
Konturatu nintzen xehetasun horietako asko oso baliagarriak zirela gerraren gordintasuna ulertzeko, Akondian trintxeratik trintxerara bizi izan zituzten zazpi hilabete izugarrien dimentsioaz konsziente izateko. Adibidez, babes-aterpeak nola eraikitzen zituzten, morteroen funtzionamendua eta eztandaren eragina zein zen, eta egunero zenbat jaurtiketa egiten ziren kontatu ziguten, infernu haren neurriaz jabetzeko.
Golpisten bandoan gerra egin zuen militar baten testigantza kontatu zigun Valenciagak. Gerra osoa pasatu zuen ia soldadu harek, batailaz bataila ia denak pasatu zituen, eta Kalamua 2 posizioko (Akondiako gaina horrela ezagutzen zuten) frente hura izan omen zen bere ustez gerra osoko bizipen ankerrena.
Bai, hori eta beste hainbat kontu ezagutzeko lagungarri dira xehetasun militarrak. Baina, hala ere, Arrateko koloniako gelatxo horretan bildutako material militarra ikusita eta haiei buruzko kontu guzti horiek entzunda, kezka hori, Normandian sentitu nuen kezka hori berritu zitzaidan. Non bukatzen da inoiz errepikatu behar ez litzatekeen gerraren oroitzapen latza eta non hasten da kultura militarrareriko gorazarrea?
Ez dakit. Ez dut esan nahi Arraten marra hori pasa denik. Ez, erakusketa xumea da, Jesus Gutierrez-ek eta Jose Luis Valenciagak argi utzi zuten non gauden. Baina niri kezka sortu zitzaidan: marra hori pasatzen dugun egunean ohartuko ote gara?
Gure balioak?
Interpretazio gunearen aurkezpen ekitaldi horretan aho-zapore txarra utzi zidan kontu bat aipatu nahi dut orain. Alkateak, Miguel de los Toyos-ek egindako hitzaldiak eragin zidan disgusto hori. Erakusketan eskaintzen den bideoaren ondoren egin zituen bere hitzak alkateak. Eibartarren ahotan eta Ahotsak proiektuen testigantzekin egindako bideo bikainean hainbat eibartarrek lehen pertsonan gogoratzen dituzte gerra-aurreko, gerra-garaiko eta gerra-ondoko giro eta gertaerak.
Ikusita nuen, baina han ikusita oraindik indartsuagoa iruditu zitzaidan bideoa. Badirudi alkatea ere hunkitu zuela bideoak, hari erreferentzia eginez eskaini baitzuen hitzaldi ia-osoa. Eibartarren nortasun eta kemenaz aritu zen behin eta berriz, eta haiekin dugun arduraz, beraien balio, kultura eta dohainei segida eman behar diogula, ardura hori dugula e.a.
Errepika bezala erabili zuen, gure aurreko eibartarrak zer izan diren adieraziz bost-pasei esaldi bota zituen, haien balioak azpimarratuz esaldiak osatuz. Gaztelera hutsez aritu zen alkatea. Ni zur eta lur. Bere hitzen eta horretarako zerabilen hizkuntzaren arteko kontraesan nabarmenak asaldatuta sentitzen nintzen. Tentatuta egon nintzen gerra bizi izandako eibartarrei buruz aritu zen pasarte hartan oihu egin eta ezaugarri bat, balio bat eransteko. "Eibartar horiek euskaldunak ziren Migel, euskaldunak!!!". Ez nintzen ausartu. Ez nuen ekitaldiaren fokoa desbideratu nahi izan. Baina amorratuta etxeratu nintzen.
Bai, bideoan ikusitako ia-denak (uste dut bakarra salbu) euskaldunak ziren eta euskaraz hitz egiten zuten, nahiz eta lau hamarkada euskara desagertarazten ahalegindu zen diktadorearen menpe bizi izan. Eta ostera, debekurik gabe, euskara eta euskaraz ikasteko aukera eta baliabide guztiekin, eta ustez, bere aurrekoen "kultura" eta "balioak" mirestu eta aitzinatu nahi dituen agintariak ez zuen lehen "Egunon" soilaren ondotik hitz bakar bat ere gehiago egin euskaraz. Ustez hain miresgarri iruditzen zaion belaunaldi horrekiko begirune eta errespetu keinu linguistiko txikiena ere. Euskara ez da eibartarron kultura eta balioa? Gerra sufritu zuen belaunaldiak erakutsi digu baietz, haientzat bazela. Gaurko alkatearentzat ez dirudi hala denik.
Lisatuta, zimurtuta, erorita
Bukatzeko bitxikeria bat. Gerraren ondorioak ilustratzeko balio dezakeen estanpa txiki bat museoaren inaugurazio egunean. Hiru bandera: bat lisatuta, bestea zimurtuta eta hirugarren erorita. Erakusketan hiru bandera daude: Espainiako bi bandera (Errepublikarena eta piparpotoa) eta ikurrina. Eta bitxikeria (oso metaforikoa!) zera da, nola zeuden hiru banderok inaugurazio egunean:
- Piparpotoa ongi lisatuta eta txukun-txukun.
- Errepublikaren bandera, doblatuta egon izanaren arrasto eta zimur nabarmenekin: lisatu gabe.
- Ikurriña, gudariaren atzean zegoen iritsi ginenean, erortzen hasi zen han geundela, eta gudariaren oinetan erorita bukatu zuen.