Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Euskal dantza, Etxepare Institutua (2012)

Euskal dantza, Etxepare Institutua (2012)

Oier Araolaza 2012/09/20 17:44
Etxepare Institutuaren enkarguz Euskal dantza liburuska idazi dut eta egunotan aurkeztu da jendaurrean. Euskal kulturaren alorreko hamabi liburuz osatutako bilduma prestatu du Etxeparek eta horietako hamar aurkeztu dira Donostian, Etxepare Institutuaren egoitzan bertan.

Hauek dira bilduma osatzen dutenak:

  1. Euskararen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza)
  2. XX. Mendeko euskal literatura (Estibalitz Ezkerra)
  3. Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza)
  4. Euskal kantagintza: pop, rock, folk (Jon Eskisabel)
  5. Estanpa bilduma (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio)
  6. Euskal zinema (Joxean Fernandez)
  7. Arkitektura eta diseinua (Pello Agirre)
  8. Euskal dantza (Oier Araolaza)
  9. Bertsolaritza (Joxerra Garzia)
  10. Tradizioak (Joseba Zulaika)
  11. Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria)
  12. Euskal antzerkia (Pedro Barea)

Arkitekturari dagokiona eta euskal antzerkiari buruzkoa falta ziren aurkezpenean, baina horiek urte amaierarako espero dituzte.

Atzerrira begira egindako lanak dira. Hau da, Etxepare Institutoak euskal kultura munduan barreiatzeko duen ahaleginean, lagungarri izango zituen euskarriak nahi zituen, eta helburu horrekin egin zigun enkargua.

Liburuska laburrak dira, argazkiz ongi hornituak, diseinu zainduarekin, eta testua hiru hizkuntzatan daramatenak: Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Zenbaitek faltan bota dugu frantsesez ere eman izana.

Mamia eta lan-taldea

Testu labur batean gauza asko sartu nahiak, dibulgazio, zorroztasuna eta erakargarritasuna uztartu nahiak,... burukomin batzuk eman dizkit testua ontzeak. Besteak beste euskal dantzaren historia zertzelada batzuk, folklore egutegiari begirada bat, dantza taldeen ibilbide eta egungo panoramaz lerro batzuk, dantza estilo eta joera desberdinen azalpen bat, talde eta norbanako esaguratsuen aipamenak, joera berriak, euskal dantzarien diaspora, eta beste hainbat kontu jorratu nahi izan ditut, baina denak labur azaldu eta txukun harilkatzen nahikoa lan izan dut.

Hutsune batzuk antzeman ditut dagoeneko, eta nahiago dut berriz ez begiratzea hutsune gehiagorekin sufrimendua ez handitzeko. Eta hori eduki eta hizkuntz aldetik hainbat zuzenketa eta proposamen baliotsu egin dizkidatela Enrike Izagirrek, Ainhoa Larrañagak, Iñaki Arregik eta Lide Aranak.

Mari Jose Olaziregik koordinatu du bilduma, eta haren esanetara eta guri laguntzen aritu den Mitxel Muruak egin du lan zikin handiena. Argazkiak zirela, itzulpenak eta bestelako komeriak zirela, mariatu dut apur bat Mitxel, baina eskarmentua, pazientzia eta goxotasuna ditu barra-barra, eta plazerra izan da haren laguntza izatea.

Irudi aldetik garrantzia eman nahi zitzaion liburuari, eta beraz, saiatu gara argazki egoki eta ederrekin borobiltzen argitalpena. Dantzan.com-en dugun bilduma baliatu dugu horretara, eta taldeek, konpainiek eta dantzariek bidali izan dizkiguten argazkien artean bazegoen non hautatu. Bi dantza argazkilari nabarmendu nahiko nituzte. Batetik, Gorka Bravo, azken urteotan euskal dantza garaikidearen "argazkilari ofiziala" bihurtzen ari dena, lan ederrak bata bestearen atzetik pilatuz. Bestetik, Iñaki Zugasti, pazientziaz eta konstantziaz euskal dantzaren argazki fondo zabal, aberats eta librea osatzen ari dena.



Paperezko liburuak ez omen dira dendetan erosterik izango. Etxepare Institutuak parte hartzen duen azoka eta ekitaldietan banatuko ditu. Pdf formatuko liburuak berriz edonoren esku daude dagoeneko Etxepare Instituaren webgunean.

Hemen liburua pdf formatuan eskura:



Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter