Euskal dantza: beste enigma europar bat
Euskara: enigma europarra izeneko izeneko dokumentala grabatzen ari dira egunotan. ETBn eskainiko da abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta. Hasier Etxeberriak eman du horren berri Zuzeu albistarian eta grabatutako irudietako batzuk jarri ditu bertan: Lekeitioko Kaxarranka Bilbon, Guggenheimen, armiarmaren ondoan. (Bide batez, Asier Uskola bera ageri da kaxa gainean dantzan eta Arkaitz Pascuas kaxa eusten .)
KAXARRANKA Guggenheim Museoan from H. Etxeberria on Vimeo.
Honetara ere ohituta gaude, alegia, euskararen jatorria aztergai duen dokumentalean dantza irudi batzuk ikustera. Ez dakit zein erabilera sinboliko eman nahiko dioten dantzari dokumental horretan, baina maiz, horrelakoen bidez iradoki nahi izaten da gure dantzak hain desberdinak eta bereziak izanik, euskararen izaera bakana irudikatzen dutela.
Batzuk enigmak, besteok topikoakHamaika aldiz erabili izan dira euskal dantzak euskararen eta euskaldunon izaera berezi horrekin lotuta. Ondorioa da, euskal dantzen jatorriaz mitoa eraiki eta mito hori topiko bihurtu dugula. Beraz, oraingo dokumental honetan bezala, estereotipo eraginkorra da dantza irudiak jartzea euskararen jatorria aztertzen duen dokumental batean.
Dantzaren alorrean apurtxo bat sakontzeko ahalegina egin duen edonor konturatzen da topiko horrek errealitatea erabat desitxuratu duela, baina hain dago errotua estereotipoa ez dagoela amaren semerik horri buelta emango dionik.
Non daude ikertzaileak ?
Jakin nahiko nuke zenbat hizkuntzalarik daukan euskararen jatorria profesionalki ikertzen aritzeko aukera. Zenbat milaka lagunek egin dituzten euskal filologia ikasketak eta zenbat lanpostu dauden euskararen ikerketarekin lotuta. Horren aurrean, argi eta garbi esan beharra dago, mundu osoan ez dagoela ikertzaile bakar bat ere dantza ikasketak egin (koreologia, etnokoreologia,...) eta profesionalki euskal dantza aztergai duena. Urbeltz, Irigoien eta abarren lana ikaragarria izaten ari da, beren burua beren kasa prestatu eta beren ogibide eta familiei lapurtutako denboran egina. Fdez. Larrinoa, Sanchez Ekiza, Itzaina eta enparauek, beren unibertsitate ibilbideetan (antropologia, musikologia, gizarte zientziak...) saiatu dira tarte bat eskaintzen dantzari. Baina ezin koska egin bete-betean gaiari, beti pasadan. Horietako batzuk lan ikaragarriak egin badituzte ere, euskal dantzaren alorrean ez daukagu formazioz eta dedikazioz horretan aritzen den ikertzaile profesionalik.
Euskal dantzaren jatorria, bilakera, historia, jasotako eraginak,... dena dago aztertzeko eta ikertzeko. Dantza klasikoaren jatorrian euskal dantza dagoela esaten dugu harro-harro, eta ez dago ikerketa alu bat bera ere hori frogatzen duenik. Horren inguruan dagoen lan bakarrak (Urbeltz-ek, 1994an Bailar el Caos-en argitaratutakoak) oso bestelako ikuspegia eskaintzen du, baina inork ez du bide hori sakontzeko prestaketa eta denborarik. 1661an Parisen, lehen ballet konpainia sortu zenean bertan 20 euskal dantzari zeudela dakigu, baina ez dakigu ezer gehiago horretaz, ez delako ikertu.
Euskal dantzaren enigma
Baldintza horietan, amorragarria ere gertatzen da Euskararen enigma europarra moduko dokumentaletan dantzak jokatzen duen papera ikusi eta dantzak berak atentzio propiorik ez izatea. Dantza enigma horren parte bada, zergatik ez daukagu hori aztertzen duen ikertzaile bat bera ere? Zergatik ez dago euskal dantzak aztergai dituen institutu bat? Zergatik ez dago EHUn euskal dantza ikergai duen sail bakar bat ere ez (eta hori errektorea dantzaria dugula!)? Nola da posible, gure nortasunaren sinbolo bihurtu dugun horri buruz ezertxo ere ez jakitea eta ezta jakiteko asmorik ez izatea? Hori bai dela Euskal dantzaren enigma...
Ba... inor ez delako arduratu, eta arduratu behar luketen lehenak zaleek izan beharko luketelako.
Kontu horiek ez dira goitik behera etorriko. Herri-erakundeek ez dute egingo premiarik ikusten ez baldin badute, edo norbaitek premia hori aurpegiratzen ez baldin badie.
Dantza-taldeen inguruan ba al dago hori bultzatzeko gertu legokeenik? Dantzarien artean ez al dago edozein alderditako kargu politikorik? Zein dago zuen artean gertu gidaritza hartzeko eta buruzagitzaz jabetzeko?
Nik ez dut uste hori zaila denik. Horretara jarri behar, besterik ez. Ekin eta jarrai.