Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Etnokoreologoa

Etnokoreologoa

Oier Araolaza 2015/01/09 12:02
Erabaki duzu zer ikasiko duzun? Plasta. Horrela etortzen dira galdera traszendentalenak, abisu eta beroketa gabe. Eeeeee…. baaaaaaa… zeeeeeraaaaa…. niiiiiiiiik… Bekokian deskubritu berri duzun pikorta ispiluan ikusi eta berrikusi, eta hil ala biziko egoera hartan, institutura ezin zarela joan esplikatzeko zailtasunak gutxi ez, eta gainera, bizitzako bigarren erabaki garrantzitsuena hartu behar duzula gogorazten dizute. Oscar Matzerathekin akordatzen nintzen ni horrelakoetan. Ume-moko zela bere burua eskilaretan behera bota eta hazteari utzi zion Oscarrek. Harek bai jakin.

Nik handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako hogeita hamar urte paseak nituen. Aurretik ezinezkoa zitzaidan nire bokazioa identifikatzea, munduan ofizio hori zenik ere ez bainekien. Halako batean izen arraroko lanbide baten berri izan nuen eta berehala ulertu nuen horixe zela nire ametsetako lanbidea. Poza eta pena, biak batera eragin zizkidan aurkikuntzak. Bokazioa deskubritu izanaren poza, niretzat beranduegi ote zen sentipenarekin zapuzten zen. Handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako, inork ez zidan horri buruz galdetzen. 

Datorren urtarrilaren 17an Jean Michel Guilcher etnokoreologo handia omenduko duguDonostian. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko dantzei buruzko ikerketa sakon eta sistematikoak egin ditu, eta horiek ezagutzeko iturri agortezina da bere lana. Bretoia da bera eta Frantziako dantza tradizionalak izan ditu ikergai bere bizitza luze bezain oparoan. Hogeita hamar urtetik gora zituen Guilcherrek dantzaren ikerketan buru belarri sartu zenean. Bizitza luzea eta oparoa, bai horixe, 1914ko irailaren 24an jaio baitzen, eta ehun urte bete ditu aurtengo irailean. Mende bat bizkarrean eta lanean segitzeko adorea du oraindik Jean Michel Guilcherrek, seme-alaben laguntzarekin bere etnokoreologia lanak zuzendu eta osatzen jarraitzen omen du.

Etnokoreologoa. Horixe da handitan izan nahiko nukeena. Dantza ikertzaileak dira etnokoreologoak, dantza antropologiatik ikertzen dutenak. Etnokoreologoak ezagutu ditugu bakar batzuk inguruotan, izen hori baliatzen ez bazuten ere. Dozena urte pasa da etnokoreologiaren berri izan nuenetik, eta oraintsu hasi naiz pentsatzen akaso oraindik garaiz nabilela.

Argia astekaria, 2015-01-04

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter