Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Emakumeak Euskal Herriko inauterietan

Emakumeak Euskal Herriko inauterietan

Oier Araolaza 2014/03/21 09:35
Emakumeak inauterietan gaiaren inguruan argazkiak egiten aritu da inauteriz inauteri Gari Garaialde argazkilaria. Argazkiei laguntzeko testu bat idaztea proposatu zidan Garik. Lan horren emaitza argitaratu du orain Argia astekariak: Emakumeak Euskal Herriko inauterietan.
Emakumeak Euskal Herriko inauterietan

Altsasu, 2014ko Martxoaren 4a. Momotxorroa. Argazkia: Gari Garaialde / BostokPhoto

Hementxe argazki-erreportajea:

Nire testua:

Inauteria transgresioa, urraketa, haustura da. Gure nortasuna ezkutatu, eta beste norbait izatera pasatzen gara, beste zerbaitetan transformatzen gara. Mozorrotzean gure eguneroko identitatea ezabatzen dugu, eta tarte batean, beste zerbait izatera jolasten gara. Egunerokoan kateatuta bizi diren norbanako arruntak izateari utzi eta ametsetako zein amesgaiztoetako mozorroak izatera pasatzen gara. Zintzotasun aspergarria utzi eta anonimatuak ausart, zirikatzaile, lotsagabe, transgresore izateko aukera eskaintzen digu.

Orensetik Dalmatiara eta Sardiniatik Nafarroara dago zabaldua hartz bortitz, arlekin koloretsu, joaldun zaratatsu edo dantzari apain mozorrotzeko ohitura. Eta emakume. Emakumea, edo haren irudia bederen, behin eta berriz ageri zaigu inauterietan. Gizonek maite dute emakume mozorrotzea, andre nobia aingeruar edo emagaldu likits, trabestismoa gozagarri zaie gizonei. Soineko, ileorde, ezpain margotu eta titi parea soinean, beren gizontasuna zalantzan jarri gabe emakume jantzi eta emakume gorpuzteko aukera ederra eskaintzen dio gizonari inauteriak. Gizon nortasuna, bere genero duintasuna urratzeko kezkarik gabe gainera. Are gehiago, gizontasuna aldarrikatzeko ere baliagarri izan liteke. Bai, emakume irudia ohikoa da inauterietan, gorpuzten duena gizonezkoa baldin bada.

Beste kontu bat da emakumeak mozorro festan parte hartzea. Transgresioa gizonezkoen barruti esklusiboa bailitzan formulatzen dugu mozorro festa. Askatzailetzat saltzen dugun errituala, gizonezkook gizartean dugun posizio hegemonikoa sendotzeko baliatzen dugu. Lan erritmoarekin hautsi dezakegu inauterien bidez; Zer esanik ez seriotasunarekin, ordenarekin, isiltasunarekin, otzantasunarekin... Baina genero bereizketa ukiezina zaigu nonbait. Hausturari mugak, genero mugak jartzeko, asmatzeko gai garela erakusten dugu inauteriaren bidez.

Inauteriaren askatasuna Atenaseko demokrazia zaharraren pareko gertatzen da. Politikoki aitzindaria zen Greziako sisteman hiritar guztiek zuten gobernu erabakietan parte hartzeko eskubidea. Hiritarrak gizonezko libreak soilik ziren ordea, emakume eta esklaboek ez zuten txartelik zozketa horretarako. Eta hortxe bertan daukagu jarrita zepoa orain ere. Tradiziozko festaren pedigria aldarrikatu nahi duten zenbait inauteritan, anabasaren erdian arauak, genero bazterketa gauzatzen jarraitu ahal izateko arauak, asmatzen dituzte oraindik, erritualaren, sinbologiaren edo tradizioaren izenean. Noiz eta araurik gabekotzat aurkezten dugun aroan bertan.

Mozorrotzea akzio transformatzailea da. Aztikeriak ez du sobera irauten, ordu batzuk, egun batzuk gehienez, hordialdiaren arrastoa desagertu arte. Baina magia indarrean den tarte horretan, oskolaren eraldaketak identitate berria eskaintzen digu. Ordura arte gurea izan denarekin zerikusirik ez duen nortasun berria daramagu soinean eta mozorroa jokatzen dugu inoiz besterik izan ez bagina bezala. Mozorroak ez du gurekin lotura handirik, ez da gu, eta tamainaz aparte, ez dauka gure antzik ere.

Txirikorda atzerakoi absurdoa da zenbait mozorro janzteko genero mugak jartzen ibiltzea. Edozein testuingurutan ulergaitza dena, zentzugabea bihurtzen da inauterietan. Udalak desfilea antolatzea da inauteri bat hiltzen saiatzeko estrategia on bat. Beste bat, mozorrotzeko arauak ezartzea. Eskerrak aratusteak arau hauste bihurtu nahiak inauteri gehienetarako sarbidea eskaini dien emakumeei.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter