Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Distantzia berriak ikasten

Distantzia berriak ikasten

Oier Araolaza 2020/06/09 12:53
Gure proxemia, harremanetarako darabilgun distantzia-neurria hankaz gora joan zaigu COVID19 pandemia honen eraginez. Orain distantzia berriak finkatzeko ahaleginean ari gara.

Gertatu zaizue inoiz norbaitekin hizketan deseroso sentitzea asko hurbiltzen zitzaizuelako? Distantzia fisikoa etengabe zaintzen ari gara egunotan. Kontzienteki ari gara, larrialdi honi aurre egiteko neurri nagusietako bat horixe baita, gure arteko distantzia zaintzea. Baina honen aurretik ere neurtzen genuen tartea, gehienetan oharkabean egiten bagenuen ere.

Proxemika du izena elkarrekin komunikatzerakoan gure arteko espazioa eta distantzia nola erabiltzen dugun ikertzen duen alorrak. Edward Hall antropologoak sortu zuen diziplina hau 1968an. Antropologoek ikusi zuten munduan barrena kultura batzuetan gertuago eta beste batzuetan urrutiago kokatzen zirela elkarrizketetan parte hartzen zuten pertsonak. Kultura berean ere, norbanako guztiak ez dira neurri berean egokitzen. Gainera, pertsonen arteko distantzia afektiboak ere eragiten du distantzia fisikoan; ez gara berdin kokatzen bikotearekin, lagunarekin, ezagunarekin edo ezezagunarekin hitz egiteko. Elkarrizketaren formatoak ere eraldatzen ditu distantziak: badago tartea lagunarteko giro informala izan ala lan harreman formala izan, eta dendaria eta bezeroaren artekoa ala epailea eta akusatuaren artekoa izateak ere eragiten du alderik.

Gertatu zaizue inoiz norbaitekin hizketan hasi eta elkarrizketak iraun bitartean hainbat metro mugitu zaretela ohartzea? Ohikoa izaten da hori bakoitzak elkarrizketa horretan bilatzen duen distantzian diferentzia dagoenean. Batek gertutasun handiagoa bilatzen du eta oharkabean pausotxoak ematen ditu aurrera. Besteak ordea, tarte gehiagoren beharra sentitzen, du pausoak egiten ditu atzera. Biak oharkabean aritu daitezke, baina batek aurrera eta besteak atzera, konturatu gabe mugitzen doaz espazioan. Esaten dutenez, ONUren pasillo luzeetan punta batetik bestera mugitzen dira kultura desberdinetako hiztunak.

Gure proxemia, harremanetarako darabilgun distantzia-neurria hankaz gora joan zaigu COVID19 pandemia honen eraginez. Orain distantzia berriak finkatzeko ahaleginean ari gara. Aurretik erabiltzen genituenak baino tarte handiagoak mantentzen ikasten ari gara. Baina lehengo neurriak indarrean ditugu, eta maiz, distantzia zaindu beharra ahaztu eta gerturatu egin garela ohartzen gara. Egoera hau luzatzen bada, eta itxura du hala izango dela, distantzia berrietara ohitzen joango gara, eta gerta daiteke datozen urteetarako gure proxemia kulturala eraldatzea.

...eta kitto!, 2020-06-09

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter