Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Dantzan bizi, bizi dantzan - Argia Urtekaria 2012

Dantzan bizi, bizi dantzan - Argia Urtekaria 2012

Oier Araolaza 2012/12/31 15:35
Badira egunak argitzen duenetik damutzen zaizkizunak. Gosaria kontrako eztarritik sartzen zaizu eta amorrazioak ez du deskantsurik hartzen: lantokian muturtu, bikotearekin ordaindu, kaka zapaldu eta segi aurrera... Horrelakoetan, besteak ez dakit nola konpontzen zareten, baina nik dantzan bilatzen dut arnasa. Dantzan egin eta kitto.

Kultura aurrekontuen murrizketa espiralean gaude. Askoren iraunbizipenerako muga kritikoa hautsita, jarduerak bertan behera geratzen hasi dira. Luzaz emandako urrats txikien bidez osatu den kultur sarea desegiten hasi da orain. Dantzan ez da hain larria kontua, ezer gutxi egituratuta zegoelako, ez garelako sare trinkoa josteko gai izan, eta orain arte tamalez, orain zorionez, administrazioarekiko menpekotasuna txikia zelako. Baina joskura soil horiek ere desegiten ari dira.

Eta zer egiten dugu panorama beltz eta latz horren aurrean? Dantza. Ostrukarena egitea izan daiteke inorentzat, erantzun politiko indartsua beste norbaitentzat, barruko beharrari bidea ematea askorentzat. Ostruka, indioilar edo zapelaitz, ez diogu dantzatzeari utziko gehien behar dugun unean.

Badira estu eta larri dabiltzanak, proiektuak aurrera atera ezinik daudenak, osatutako lantaldeari eusteko komeriak dituztenak, sei hilabeteko epean leihoak itxi eta berriz ireki dituztenak... Baina oro har, krisi aroan, dantzaren alorrak, krisi aurretik zeukan osasun bera dauka. Antolaketa, egituraketa eta proiektuak adosteko gaitasunari dagokionez: mengela. Dantza bizi eta dantzan bizi nahi dutela erabaki duten milaka lagunen adoreari dagokionez: noranahikoa.

Tren guztiak galduta, garaiz kanpoko jokabidean tematu den sektorea dirudi dantzarenak. Horren erakusgarri apirilean alorreko ordezkaritza zabal batek sinatu duen manifestua: Euskal Dantzaren Adierazpena. Erreibindikatiboa izateko beranduegi eta aintzat hartua izateko bigunegi. Barrura begirako keinua egin du euskal dantzaren alorrak, kanpora begira egiten direnak baino aintzat hartzen ez diren momentuan. Elkarrekin dantzatuta, nekez azal daiteke hitz lauz, dantzaz bizitakoa.

Mundua zenbat eta okerrago, orduan eta premiazkoagoa da dantza. Ihesetik ere badu dantzak, egunerokotik ihes egiteko gogoa, krisi ekonomikoa ahaztekoa, ankerkeriak lurperatzekoa, asperdura haustekoa.... Baina bizitzari aurre egitea ere da dantza, bizitzarekin dantzatzen ikastea, lagunekin zein arrotzekin dantzatzen erakusten digu dantzak. Mundua ulertzeko modu bat, bizitzeko modu bat. Dantzan bizi, bizi dantzan.

Argia urtekaria 2012

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter