Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Bilbon eta euskal dantza tradizionalik gabe

Bilbon eta euskal dantza tradizionalik gabe

Oier Araolaza 2014/09/26 14:18
Albistea ona iruditzen zait, eta antzematen ez bazait ere pozik nago. Bazen garaia ere esan nezake, eta ez dut esango, oraindik eskola ez dagoelako martxan, eta iragarpenekin badugu eskarmentua. Baina hori guztia (eta batez ere, ondoren esango dudana) esanda, bai, albiste ona da, eta pozik nago Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroa (orain konturatu naiz zentroa erabiltzen ari direla lehen eskola erabiltzen genuen tokian, ikasiko dut hori ere...) martxan jartzeko makinaria piztu dela ikusita. Ea ba.
Bilbon eta euskal dantza tradizionalik gabe

Bilbo, 2010-06-28, Eusko Jaurlaritzak Eszenika izango zenaren aurkezpen ponpoxoa egin zigun Bilbon, EITBren egoitza azpian. Erreforma lan handia behar zuen eta azkenean ez zen gauzatu. Argazkia: Oier Araolaza.

Lehen ere entzun izan ditugu horrela iragarpenak (aurkeztu ere egin ziguten eskola orain lau urte eta gero ez zen gauzatu), eta gero ez dira inora iritsi, baina oraingoan (lehen ere hori pentsatu genuen) badirudi aurrera doala Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren proiektua

Lehenengo eskertza

Azken egunotan, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren Aldeko Plataformako kide diren eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritu diren Santiago Burutxagak (antzerkia) eta Alicia Gomez-ek (dantza) eskola horretan eskainiko diren ikasketen dekretu zirriborroak erakutsi dizkigute plataformako kideoi, eta beraz, ikasketa horien lehen hezurdura bat ezagutzeko aukera izan dugu. Bestalde, plataformaren bidez baita ere, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren bideragarritasun txosten bat ezagutzeko aukera izan dugu, LKS enpresak Hezkuntza Sailaren eskariz egin duena. 
Nire aldetik eskerrak eta zorionak eman dizkiet Gabriel Ocina, Santi Burutxaga, Alicia Gomez eta Elias Otaolari (laukote honek osatu du plataformaren motorra urte luze eta korapilatsuetan barrena) eta baita horiekin elkarlanean aritu diren plataformako kide guztiei ere egindako lanagatik. Azkenean eskolak argia ikusi ala ez, egindako lana itzela izan da, eta argi dut aurrera ateratzen bada horien lanari esker izan dela. Hori esanda, nik ditudan bi kezka handi (behin eta berriz urteotan mahairatu ditudanak, nobedaderik ez beraz) plazaratu ditut plataforman berriz (bertan naizenetik bi puntu horiek behin eta berriz aipatu ditut, arrakastarik gabe izan bada ere). Bata euskal dantza tradizionalari dagokiona. Bestea zentroaren lokalizazioarena.
Euskal dantza tradizionala Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan

Ez dago. Ez dago euskal dantza tradizionalik ez ikasketa moduan planteatuta, eta ez dago eskainiko den dantza ikasketetan ikasgai moduan ere ez. Gaur egun mundu osoan ez dago eskolarik euskal dantza tradizionalean formazioa eskaintzen duenik, eta lehen txanpa honetan ere argi dago honako eskola honek ez duela eskainiko. Gainera, planteatu den ikasketa planarekin, ez dago aurreikusita dantza ikasketak eskola honetan egiten dituenak euskal dantza tradizionalean oinarrizko formaziorik jasoko duenik ere. Ez dago ikasgairik alor hori jorratzen duenik. Ikasketa plana aztertuta, ni soilik "Ikuskizunen arteen historia" ikasgaian antzeman dut zirrikituren bat zeharka euskal dantza tradizionalera hurbiltzeko, baina mundu osoko ikuskizunen arteen historia jorratu behar duen ikasgaian ezinezkoa gertatuko da aipamen labur bat baino ezer gehiago egitea.
Kritika hau plataformako kideekin konpartitu dut eta Alicia Gomez-ek erantzun dit dantza tradizionalak honako ikasgaietan izan dezakeela kabida:
  • Dantza/Mugimenduaren Teknikak: 12 ECTS (180 ordu presentzial)
  • Disziplinarteko Proiektuen Laborategia: 16 ETCS (240 ordu presentzial)
  • Errepertorioaren analisia eta praktika: 21 ETCS (315 ordu)
  • Dantzaren eta Gizateriaren Historia: 12 ETCS
Ikasgai horietako eduki zehatzak zentroa kudeatuko duen lantaldeak erabakiko ditu, eta beraz, horietan dantza tradizionala egoteko aukera dagoela esan dit Gomez-ek. Horrek ez nau batere lasaitu noski, lantaldearen esku geratzen baita dantza tradizionala landuko den ala ez. 
Ez dut uste inork zalantzan jartzen duenik eskola honetan euskara egon behar denik. Proiektuak jasotzen duenez euskara lehenetsiko da ikasketa hauetan. Gure hizkuntzetako bat euskara den moduan, gure dantza lengoaietako bat euskal dantza tradizionala da. Eta akats larria litzateke hori aintzat ez hartzea.

Eskolaren lokalizazioa, Bilbon, inolako eztabaida ez azterketarik gabe
Eskolaren ibilbidean dena eztabaidatu, aztertu eta kontrastatu da, baina une batean ere eztabaida mahaian jarri ez dena eskola Bilbon ezarriko dela da. Aztertu beharrean non dauzkagu azpiegitura egoki batzuk honelako eskola batentzat (eta badaude, hutsik gainera!), aldez aurretik erabaki da (nork?) Bilbon ezarriko dela eta inork ez du zalantzan jarri hori. Erabaki horrek faktura handia pasa dio eskolaren proiektuari. Non jarri asmatu ezinda, hautatzen ziren tokiak egokitzeko dirurik gabe, behin eta berriz proiektua etenda geratu da eraikinaren arazoagatik. Eta orain ere faktura ordaindu beharko dugu Bilbon jarri beharragatik.
LKS enpresak egin duen txostenean aipatzen da Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa ez dela egokia eskola hartzeko, baina Bilbon ez dute toki hoberik aurkitu, eta beraz, hor txertatzeko egokitzapen lanak egin (eta ordaindu) beharko dira, Ibarrekolanda institutuan ere bai (Kontserbatorioa ez delako nahikoa eta ordutegi arazoak sortzen direlako) eta beste eraikinen bat erosi beharra ere aurreikusten da epe motzean. 
Bilbotik kanpo ze aukera egon daitezkeen begiratzea ez da aztertu ere. Zornotza, Durango, Santurtzi, Galdako, Gasteiz, Laudio, Arrasate, Donostia, Zarautz edo Tolosan ze aukera egon litezkeen eskolarako ez da planteatu ere. Nik Eibarko adibidea ezagutzen dut, bertan nagoelako, eta Eibarren bada Hezkuntza Sailarena den (beraz, ez erosi ez hitzartu behar ez duen) zentro bat, Hezkuntza Esparrua, non besteak beste antzoki oso bat ekipamendu konpletoarekin, gimnasioak, ikaslgelak, ikasleentzat egoitza, eta beste hainbat baliabide prest dauden. Inbertsio minimoarekin hasteko moduan. Arazo bakarra du itxuraz eta konpoezina. Eibarren dago. Eta eskola Bilbon izango dela erabaki dute... Eta Eibarren bezala izango dira horrelako aukerak aipatutako eta aipatuta gabeko beste hainbat herritan. Baina ez, eskola Bilbon izango da, ongi kabitzen ez den bi eraikinetan, egokitzapen lanak beharko dituztenak, eta epe ertainean eraikin berri bat egitea (Bilbon, noski!) justifikatuko duenak. Eskola Bilbon egin behar dela erabaki da (nork, noiz, zertan oinarrituta ez dakigu), eta kosta ala kosta, trakets ala zatituta Bilbon egingo da. Horixe da herri honetan lurraldetasunaz dagoen lan-modua. 
Gai honi buruz aurretik idatzi ditudanak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter