Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Askatu dituzte Lehen Munduko gerlako euskal presoen kantak

Askatu dituzte Lehen Munduko gerlako euskal presoen kantak

Oier Araolaza 2018/11/07 09:35
1915-1918 bitartean, gatibu-eremuetan ziren zenbait euskal soldaduri hizketaldiak eta kantak grabatu zizkieten zenbait ikertzaile alemaniarrek. Orain lau urte eman zen ezagutzera altxor hori eta tartean hainbat euskal kanta eder grabatuak zirela: Gernikako arbola, Prima eijerra, goizian goizik jeikerik, ahaide zahar huntan, zü zira zü, bortian ahüzki, mendian zoinen eder, xarmagarri bat badit, atharratze jauregian, partitzeko tenorea...
Askatu dituzte Lehen Munduko gerlako euskal presoen kantak

Carl Stumpf (eskuinean) eta Georg Schünemann (erdian) Tatar musikariak grabatzen Frankfurt-en, 1915an. Deutsches Rundfunkarchiv – Historisches Archiv der ARD.

Berlingo etnologia museoak ez zuen baimentzen grabaketak sarean jartzea, eta horregatik salatu nuenez "Preso batek kantatu zuen 1916an, preso darrai kantuak 2014an". Maider Bedaxagar kantariak eta ikertzaileak Alemaniara jo zuen grabaketak entzutera eta hitzaldi batzuetan horiek jartzeko baimena eskuratu zuen. Ahatsan eskaini zuen hitzaldian entzuteko aukera izan nuen, ziega tankeran apaindutako gela batean entzun ere. Orain, Euskal Kultura Erakundearen webgunean entzungai daude euskal presoei orain ehun urte grabatu zizkieten kantak:

Hor diren Kanta gehienetaz daukagun lehen audio grabaketa izateaz gain, kantatu zireneko testuingurua kontuan hartuz eta kantatzeko erari erreperatuz entzunaldia ziragarria gertatzen da. Hamar soldadu gazte ziren, bost lapurtar, bi nafarroa-beherear eta hiru zuberotar. Gerlara joan, arerioaren esku preso erori, gatibu eremu batera eraman, eta han zirela, ikertzaile batzuk beren ahotsak grabatzeari ekin zieten. Zekizkiten kantak auspo betez kantatu zituzten. 

Joseph Jauregiber da kantari aritu zen presoetako bat. Zuberotarra zen Jauregiber, Larrainekoa, espartin-egilea lanbidez, 30 urtetik gora zituen grabaketak egin zizkiotenean eta 40 kantutik gora eskaini zituen. Tartean dira besteak beste Prima eijerraBortian AhüzkiAdios ene maitiaGoizian goizik nündüzün, edo Partitzeko tenorea. Grabaketa asko egin zizkieten baita ere Arrangoitzeko Antoine Suhas eta Jean-Baptiste Suhas anaiei, tartean elkarrekin kantatutakoak ere bai. Antoine Suhasek gaur egun ere oso ezagunak diren hainbat kanta eskaini zituen: Intxauspeko alaba dendaria, Xoriñua kaiolan, Haurrak ikas zazue. Bere anaia Jean-Baptiste Suhasek berriz, Gernikako Arbola eskaini zuen besteak beste.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter