Akademizismora konbertituak, kolonialismo kulturalaren borreroak
Lizartzako dantzariak, 1928.
Gorteko dantza eta folklore dantza
Dantza ikastaro harrigarria izan dugu asteburuan. XV. mendeko dantza ereduetara hurbildu gaitu Carles Mas dantza eta musika maisu bikainak. Bisita oparo horren testuinguruan, Beasaingo Igartzan izan dugun mintegian, Carles Masek egin digun ohar batek piztu du sarrera hau idazteko txinparta. Gorteko dantza mota jasoak eta folklorean identifikatzen ditugun tradizio koreografikoen arteko lotura izan da mintegiaren funtsa. Gipuzkoako dantza-sistema zaharra hobeto ezagutu nahian, Juan Antonio Urbeltzek eta Ikerfolkek ireki zuen bidean sakonduz, Erdi Aro bukaerako eta Berpizkunde garaiko dantza sistemetara jo du oraingoan Mikel Sarriegik.
Bi mundu horiek dantzaren bidez lotzean, Europako hirietako gorteetan humanistikaren gailurrean garatutako dantza sistema kultuak batetik eta Europako bazterretan herri txiki eta xumeetan gutxietsita eta itzalean bildutako folklore adierazpenak bestetik, elkarrekin lotura dutela ikustean, bata bestearen aurrean, gutxitasunetik baloratzeko arriskuaz ohartarazi gintuen Carles Masek. "Gorteko dantza kultua ez da konplexuagoa, teknikoagoa, aberatsagoa, garatuagoa eta jasoagoa folklorean aurki daitekeena baino" gaztigatu zigun. "Osagai eta oinarri asko konpartitzen dituzte, eta badituzte bereizten dituzten irizpide eta ezaugarriak, baina jasoaren aberastasun eta konplexutasun osoa aurki daiteke folklorean dagoen horretan".
Gutxitasun konplexua
Zaila da ordea gutxitasun konplexu horretatik askatzea. Euskal dantzan eta euskal kultura tradizionalean azken urteotan areagotzen ari den konplexua da gainera. Euskal dantza tradizionalaren gaitasun, baliabide eta sistemaren xehetasunak ezagutu gabe, nazioarteko bermea duten beste hizkuntza koreografiko batzuekin "nahastu", "konbinatu", "osatu" beharrarekin tematuta dira hainbat sortzaile, talde eta erakunde. Tokian tokiko dantza tradizionalek dantza klasikoarekiko garatu duten menpekotasun eta gutxitasun konplexuari belarrondoko galanta eman zion bere garaian Joann Kealiinohomokuk, ballet akademikoa tokian tokiko dantza etniko bat bailitzan aztertuz, eta balleta gainontzeko dantza motak balioztatzeko edo gutxiesteko neurgailu absolutotzat onartu izanaz kritika birrintzailea eginez.
Dantza klasikoari dantzaren hizkuntza nagusitzat aitortu zaion gailentasun makurraren eta horrekiko menpekotasun konplexuaren ondorioz, balletaren estandar idealizatua bihurtu da horrekin zerikusirik ez duen euskal dantza balioztatzeko neurgailu absolutua. Euskal dantza ontzat ematen da balletaren gorputz eredu eta estetikara hurbiltzen den neurrian eta balio gabekoa bihurtzean da hortik urruntzen den tamainan. Dantza klasikoaren ondora dantza garaikidearen paradigma etorri da gainera, eta beraz, orain euskal dantzak baditu bere neurria emateko begiratu beharreko bi ispilu, behin eta berriz imitatu beharrekoak: bata estetiko-formalagoa, bestea kontzeptualagoa. Lehen morrontza bat bagenuen, orain bi.
Xumetasun hau gu gara
Artedramaren, alegia, ikusizko zein entzunezko gorputz adierazpenaren sekzio atal gehienetan ―dantzan, antzerkian, musikan,...― ageri zaigu akademizismoarekiko morrontza eta euskal adierazpide tradizionalen gutxitasun konplexua. Bere burua "goi-kulturatzat" izendatu duenarekiko gutxitasun konplexutik, maskaradak eta libertimenduak ez dira iristen letra larriz idazten den Antzerkia izatera; ez dira Scene Nationalek edo DFeriak akreditatzen duten sektore profesional eta homologatu baten emaria, herritar arrunt amateur eta ikasi gabekoon olgeta ergela baizik.
Txistulariak, albokariak edo trikitilariak, eta haiek egiten duten musika, musika etnikoa, folklorikoa da, pretensiorik gabekoa, eta jakina, berme akademikorik gabekoa. Errekonozimendu eta akreditazio horren bila emanak dira zenbait musikari, inoiz bukaerarik ez duen froga eta eskakizun karrera amaigabean eroriz. Eta aldi berean, beren iraganari uko eginez, bide horretan sartu ez diren musikari kideak, estandar akademikoak betetzeko beharrarekin kezkarik agertzen ez dutenak gutxiesten eta iraintzen dituzte.
Menpekotasun kulturala
"Desafinatu egiten duzu", "tranpa egiten duzu", "ez daukazu teknikarik", "ez dakizu musikarik",... Nagusitasun konplexuaren indarkeriaz irainekin umiliatu dituzte euskal tradiziozko musikari eta kantari zoragarri eta bikainak. Orain gutxiesten dituztenen habi berean sortu eta haziak dira konbertitu berriak, baina ezkutatu nahi duten jatorriaz lotsagorrituta, bere kultura propioa ukatu eta haren suntsitzaile oldarkorrenak bihurtzen dira.
Eraso horien aurrean ohartarazi behar da tradiziozko adierazpen kulturalek ez dituztela akademizismoaren arauak betetzen, sistema propioa dutela. Bai, antzerkian, dantzan, musikan... nazioarteko estandar homologatu eta akademizistatik kanpo sistema tradizional bereizia izan da, eta oraindik da. Euskaldunok kultur adierazpen sistema propioa izan dugu: aberatsa, konplexua, teknikoa, artistikoa, komunikatiboa, sinbolikoa, soziala, kulturala. Magnitude eta eskala propioekin hornitua zegoen eta ez zuen beste sistema baten irizpide eta neurgailuaren beharrik bere emaria balioan jartzeko.
Kantuari dagokionez, sistema horren berezitasun baten berri eman du Agustin Mendizabalek "Euskal kantuaren intonazio berezia" hitzaldian. Akademizismoak desafinatzea zela ebatzita gaitzetsi eta ia-desagertaraztea lortu duen ezaugarri propioa, Mendizabalek "intonazio neutro edo erdibidekoa" deitzen duen euskal kantagintza tradizionalaren ezaugarria aztertzen du hizaldian.
Salatu nahi dut akademizismotik sistema tradizionalaren adierazpenak erasotzen dituzten konbertitu berriek euskal kultur sistema tradizionala deusezten ari den kolonialismo kulturalaren zerbitzura dihardutela borrero lanetan.