Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Aurreskuaren ohorea

Aurreskuaren ohorea

oier_a 2005/09/23 10:02

Honek ez dauka neurririk. Oraintxe bertan jaso dut eskaera gure herriko udaletik. Herri malkartsua da gurea, mendiari lapurtutako aldapetan bizi gara, eta orain Corte Inglesean bezala ibiltzen gara gora eta behera, eskailera mekanikoetan. Asteburuan eskailera mekanikoen zati berri bat irekiko dute eta inaugurazio ekitaldian aurreskua egiteko eskaera egin digute. Beste bat. Dagoeneko dozena erdi eskailera mekaniko inauguratu ditugu beste horrenbeste aurreskurekin. Ezin duzue imajinatu zein tentel senti daitekeen bat eskailera batzuei begira dantzan ari dela.

Ezetz esan genezake noski. Saiatu gaitezke eskailera mekaniko batzuei dantza egitearen absurdua azaltzen. Baina ulertuko al dute? Izan ere, edozein toki eta baldintzatan, edozein ospakizun, protokolo, inaugurazio eta xelebrekeriatan aurreskua ikustera ohitu gara, eta orain, "zertara datoz hauek beren eskrupuluekin?". Omenaldiak, agintariei harrerak, eraikinen inaugurazioak, presoen etorrerak, ezteiak, sari-emateak, errepide eta errotonden irekitzeak... Nire lagun Enrikek esaten du itzal handiko omendu baten aurrean dantza egitea dantzariarentzat berarentzat izaten dela ohore. Baina horrelakoak gutxi izaten dira. Oso gutxi. Eta bestelakoak gehiegi.

Edozer eta dena loratzen da gaur ditxosozko aurreskuarekin. Aurreskuaren booma bizi dugu. Aurreskuaren inguruan dagoen nahasmenak ere ez du asko laguntzen. Soka-dantzak izendatzeko erabili izan da aurreskua batzuetan. Soka-dantzaren buru egiten duena, alegia, lehen dantzaria, aurreskua edo aurreskularia da ere. Gaur egun edozein funtzio publikotan dantzari bakar batek egiten duen dantza da aurreskua gehienentzat.

Soka-dantzatik kanpo dantza hori bestelako funtzioetan eskaintzeko ohitura ez dirudi oso zaharra denik. XIX. mende bukaeran aurreskulari txapelketen bidez hasi zen ezagutarazten aurreskua sokatik kanpo, baina XX. mendearen bigarren erdian hasiko da protokolo funtzioetarako zabaltzen. Azken hamarkadetako aurresku inflazioak dantzariak egoera xelebreenetan jartzeaz gain erabat debaluatu du dantza bera.

Ezkongaiek ezteiak gogoangarriak izateko baldintzen artean jarri dute aurreskua: soinekoa polita izan dadila, bazkari ederra eta aurresku hunkigarria. Koadrilako lehenengoak ezkontzeko asmoa agertu eta berehala poz-pozik etorri zitzaidan: "Aurreskua egingo didak ezta?". Purrustada prest neukan, "Ni dantzan ikustera inoiz ez haizenez etorri, pentsatu diat ez haizela oso dantza zalea izango, eta beraz, ez haut nire dantza kontuekin aspertu nahi hire bizitzako egunik pozgarrienean". Ez zuen ezer ulertu noski. "Primeran! Osaba bat txistularia izandakoa duk. Idoia izugarri poztuko duk".

Eraikin, errepide edo errotonda baten inaugurazioan, porlan tona batzuen aurrean jarri eta dantza egitea baino gauza ergelagorik nekez bururatzen zait. Ba horrelako makina bat eginda gaude. Erakundeetako ordezkariak ere beti prest ditugu aurreskua "jasotzeko". Inaugurazio-zinta prestatu eta ez dira ba politikari eta enpresariak zintaren aurrean jartzen aurreskuarekin "ohoratuak izateko" prest? Baina zer meritu dute horiek egunero zazpi aurresku jasotzeko? Gure diruak kudeatzeko hautatzen ditugu, ez beren buruaren gurtze-ekitaldiak antolatzeko.

Eta asteburuan eskailera mekanikoen zazpigarren fasea... Ulertuko al du udaleko ordezkariak aurreskuaren kontzientzia-eragozle naizela esaten badiot?

etiketak: dantza
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/09/28 19:56

Gustora irakurri juat idatzittakua.

Elgetan bazeguan ohittura bat eta esaten zeban: Dantza taldian ibilittakua bazara, ba ezkondutakuan be dantza talde gaztiak egingo dotsu arkua eta aurreskua.

Eta zer esango dotsut ba. Neri ondo-edo pentsatzen jata. Dantzan ibilli danari dantzarekin "lagundu" ezkontza ekintza.

Baiña heldu gara prostituziño momenturik gorenera! Pito bat arduratu arren dantzia bera, dantzarixak eta abarrekuak, ba dantzarixak eskatu bihar florero funziñua egin deixen. Batzutan ezkonduko diranen lagunek eskatzen dabe eta honezkero sorpresia izan be izaten ez dan "sorpresia" emon. Bikotia dantzarixak eskatzen be ezagutu dot eta hori, bodetan egitten diran beste gauza asko moduan "tontokerixia" pentsatzen jata.

Ez jataz gustatzen ezkontza aurreko dantzok nahiz eta ni be (aspaldi...) makiñatxo bat bidar eginddakoa izan.

Aspaldixan, dirutza kostatzen diran obren inauguraziñuetan ikusten ditut aurreskularixak. Ze klaro, aurreskulariza, hau da, autoridadien aurreko aurreskularixa ofiziño be izan leike gaur egun. Aaaagggg! ez jata gustatzen.

Patxi
Patxi dio:
2005/10/20 18:06

Aupa Oier:

Makina bat aldiz egon naiz hemen erantzunen bat uzteko, baina beti izan da azken momentuko gorabeheraren bat. Gehiago idatzi bazenu, dagoeneko utzita nengoen zerbait. Gustatzen zaizkit zure iritziak.

Kontu ttipiak blogean ikusi zaitut, eta gaur Boroako zentralaren irudiak ikusterakoan, mezu honekin gogoratu naiz.

Ibanek pentsatzen duen horixe, nik ere.

_

oier
oier dio:
2005/10/20 18:22

Merezi baino irakurle zintzoagoak ditu blog honek. Mezuak hemen zintzilikatu eta luzaroan ibiltzen naiz hona berriz agertu gabe eta hemen beren erantzunak uzteko lanak hartu dituztenei batere kasu egin gabe... Ez zaituztet merezi. Eskerrikasko Ana, Iban eta Patxi zuen iritziengatik.

Aurreskua urdailera sartu eta barrutik jaten gaituen har horietako bat da. Ondorioz, aldian behin zornea kanporatu beharra izaten dugu.

Eskilara mekanikoekin zer gertatu ote zen inork zalantzarik baldin bazuen ez dago misterio handirik: aurreskua egin genuen, hori ere bai.

Aritz
Aritz dio:
2005/10/24 18:40

Ez da Oierri pelota egitearren baina askotan, beste dantzarioi gure mixeriak ikustarazten dizkigu eta ez da meritu makala. Zenbat eta zenbat aurresku dantzatu izan ditugu urtetan kontzientziak trabarik egin gabe. Gazteagotan gainera diru iturri on xamarra ziren, bestela ordaindu ezin genituen parrandak egin ahal izateko. Baina heldu da Oier berriz, gure kontzientziak astintzera, bai lortu ere. Hemendik aurrera lehen bezala dantzatuko ditugu aurresku-prostituitu horiek (eskaileren inaugurazioaren perekoak), baina behintzat, dantzatzen dugularik, gaizki sentituko gara. Ez da gutxi!

ana
ana dio:
2005/09/23 15:36

Arrazoi osoa daukazula iruditzen zait. Ez dute dantzariak mintzeagatik edo izorratzeagatik egingo, seguru protokoloan idatzita dagoenari jarraitu besterik ez diotela egiten. Bestela, hasi pentsatzen nola inauguratu horrelako gauza itxusi bat era egokian; ezinezkoa!

Eta, gainera, hasieran jendeak ondo hartuko zuen aurreskua dantzatzea. Behintzat, euskal kutsua emango zion ekitaldiari (hori jendeari gustatzen zaio, sagardoa edo txakolina gustatzen zazkion bezalaxe) eta nahiko merkea da.

Hori izan daiteke alternatibak bilatzera behartzeko bidea: katxea ikaragarri garestitzen baduzue, agian ez dizuete hainbestetan deituko. Egin proba!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter