Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Emakumeak dantza tradizioetan (II)

Emakumeak dantza tradizioetan (II)

oier_a 2005/04/25 15:53

Dantzan posta zerrendan pare bat erantzun (Iratxe eta Patxi ) izan ditu Emakumeak dantza tradizioetan artikuluak eta artikuluan esandakoak osatzeko beste mezu bat bidali dut nik. Honako hauxe nioen bertan:

Espero dut nire artikuluak ez ziola inori pentsaraziko gai honetarako soluziorik daukadanik. Nik arazoa ikusten dut, eta lehen bait lehen aztertu eta bideratzen joan beharrekoa dela iruditzen zait. Baina horrek ez du esan nahi nola bideratu behar den dakidanik. Gainera, gaur egun lanean diharduten dantza talde guztiei errespetu handia diet, eta inoiz ez nintzateke ausartuko inori esaten zer egin behar duen. Hasteko, esan dezadana gure taldean bertan gaur egun egiten ditugun dantzen %90 genero bereizketarekin egiten direla. Beraz, besteei lezioak ematen hasi aurretik gurean nola bideratu da jakin nahiko nukeena.

Bestalde espero dut inor ez zela mindua sentituko bere herriko tradizioa aipatu dudalako artikuluan. Nire asmoa ez da inondik inora inor gaitzestea. Aipatutako tradizio horiek gaur egun arrakastatsu diren dantza tradizioak direlako aipatu nituen, eta hain zuzen ere, baldintza horietan gertatzen direla aldaketak bideratzeko zailen. Baina dantza taldeen ikuspuntutik benetan txalotzekoa da herri horietan egiten ari diren lana dantza tradizioak erabateko arrakastaz mantentzen dituztelako.

Nik ez dut uste Irun eta Hondarribiako biztanleak Donostia, Tolosa edo Eibarkoak baino matxistagoak eta atzerakoiagoak direnik. Jakin nahiko nuke gure herrietan antzeko zerbait gertatu izan balitz nola erreakzionatuko genukeen. Besteena ikusi ondoren erraza da norberak lezioa ikastea. Horregatik ernegatu egiten naiz Bidasoaldekoen aurrean berdintasunaren eredetzut Tolosa aurkezten denean. Tolosa niretzat eredu bikaina da dantza tradizio bat jaso, berrindartu eta urtero bikain plazaratzeko orduan. Baina genero berdintasunari dagokionez ez zait iruditzen hemen inor gaudenik lezioak ematen hasteko moduan. Eta kontuz, ez dira izan Tolosarrak horretan hasi direnak, baina kanpotik horrela aurkeztu nahi izan digute, eredu txarra Irungoa, eredu ona Tolosakoa.

Dantzari dagokionez niretzat nola oso kontuan hartu beharreko arazoa da. Izan ere, tradizio batzuetan emakumearen parte hartzea berdintasunean bideratzeko aukerak dantzak berak eman ditu. Baina beste batzuetan gauzak ez dira hain errazak. Alegia, Zuberoako maskarada pertsonaia bereziz osatutako ospakizuna da. Zamaltzaina bakarra da, eta ez dago Zamaltzain ar eta emerik. Beraz, emakume batek egin behar duenean zamaltzainaren jantzia jarri eta kitto. Erabakia hartzerako orduan zailagoa da, baina behin urratsa eman da ez da konplikazio gehiago sortzen. Baina beste tradizio batzuetan gauzak ez dira hain errazak. Adibidez, emakume batek durangaldeko dantzari dantza dantzatu nahi badu zein arropa erabiliko luke? Mutilen arropa bera? Poxpolina (hilandera) izenekoa? Hor sortzen dira zalantzak. Izan ere orain arte dugun eredua hausten da eta horrek ardura handia sortzen digu tradizioa gure oinarrizko zutabetzat dugunoi. Orain gutxi ikusi nuen talde bat dantzari dantza lau mutil eta lau neskak egiten. Neskak San Ferminetan erabili ohi duten antzeko arropa zeramaten.

Niretzat galdera horiek ez dira azalekoak. Kasu bakoitzean irtenbide desberdina aurkituko zaio, eta horretan oso ondo asmatu behar dugulakoan nago. Nire ustez emakumeak euskal dantzetan berdintasunean parte hartzeko jarri zaion traba handienetako bat hilandera jantzia asmatzea izan da. Izan ere, ordurarte dantzariak bakarrik zeuden. Noski, gizonezkoak ziren dantzari horiek. Emakumeak dantzan hasteko jantzi eta errepertorio propioa sortu-egokitu zitzaien. Ondorioz, ordurarte ez zegoen bereizketa sortu zen: gizonezkoen jantziak, emakumeen jantzia; gizonezkoen dantzak, emakumeen dantzak. Eta horrekin batera dantza egiteko modu maskulino bat eta modu femenino bat garatu da.

Bereizketa hori traba handia izaten ari da orain gizon-emakumeak berdintasunean jarduteko dantza tradizionalean. Eta argi dago bereizketa hori ez dagoen tradizioetan arazo gutxiago izaten ari dela. Patxik jarritako adibideei erreparatuz ikusten da Ituren-en ez dagoela joaldunaren bertsio femenino bat. Cortes-en emakumeek dantzaren beraren berpiztean izan zuten garrantzia kontuan hartuta ez dira baztertuta geratu, baina prakadunek talde bat osatzen dute eta gonadunek beste bat gaur egun. Mikel Aranburuk Fronteras y Puentes culturales liburuan Ablitas-eko paloteadoan gertatutakoa kontatzen du. Jantziak, arkuak eta funtzio propioa aurkitu diete emakumeen taldeari, eta ondorioz gizonezkoena den paloteadorako sarrera itxi.

Emakumeentzat funtzio, dantza eta jantzi propioak sortzeak, arazoa momentuz atzeratzea eragin dezake, baina akaso urte batzuk barru agertuko da berriz, eta orduan oraindik zailagoa konponketa. Izan ere, dantzari eredu bakarra dagoenean aukera bi daude: BAI ala EZ. Baina, gizonentzat eta emakumeentzat ereduak daudenean galdera gehiago sortzen dira. Zergatik gizonez jantzi emakume jantzia duzunean? Emakumea gizon jazten bada gizona emakume jantzi al daiteke?...

Aurten Elorrioko errenbonbiloetan neskek ere parte hartu dutela kontatu zigun Kezka dantza taldeko Ane-k orain hilabete batzuk. Baina mutilen jantzi bera erabili dute. Ondorioz, soka-dantza egiterakoan sokan aritu dira neskak, mutilen ondoan. Eta beraientzat bikotea ateratzerakoan, dantzari bakoitzari kontrako sexukoa atera diote. Irtenbide ausarta eta imajinatiboa izan da.

Tradizio bakoitzak bere bide aurkitu beharko du. Eta nire ustez dantzaren mundutik denei babesa eskaini behar diegu, hartzen duten edo ez duten bidea dela ere. Interesgarria litzateke ematen diren urratsen berri ematen joatea, xehetasunak agertzea, albistea hedatzea, tradizio eta talde bakoitzak ahalik eta informazio gehien eskura edukita joan dadin hartzen egokien deritzon erabakiak.

etiketak:
maitane
maitane dio:
2006/04/29 20:55

jakin nahi dudana da: ezkontzeko intentzioak dauzkat ta jakin nahiko nuke ea nun auki ditzazkedan neska jantziak egiten dituztenik han tolosa. esan didate badagoela leku bat oso jantzi politak egiten dituztenak! besteri gabe eskerrikasko.donostiarra naiz gasteizen finkatua

maitane
maitane dio:
2006/04/29 20:55

jakin nahi dudana da: ezkontzeko intentzioak dauzkat ta jakin nahiko nuke ea nun auki ditzazkedan neska jantziak egiten dituztenik han tolosa. esan didate badagoela leku bat oso jantzi politak egiten dituztenak! besteri gabe eskerrikasko.donostiarra naiz gasteizen finkatua

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter