Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Emakumeak dantza tradizioetan

Emakumeak dantza tradizioetan

oier_a 2005/04/21 15:29

Hondarribia eta Irungo alardeetako liskarrek tradizioetan emakumeen parte hartzeari buruzko debatea zentralizatu dute azken urteotan. Fokoa norabide bakarrera zuzentzeak beste hainbat gertaera itzalpean ezkutatu ditu. Dantzari-jendea tradizioaren inguruan ari gara bueltaka aspaldiko urteetan eta tamaina horretako liskarrik gertatu ez denez, mugimenduak zalapartarik gabe doaz gertatzen.

Halako batean Eskiulako gazteek emakume hutsez osatutako maskaradak plazaratzea erabaki zuten. Maskarada horiek eragindako erreakzioak, iritziak eta gertaerak bildu zituen Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak saiakera-liburu interesgarri batean. Oztopoak oztopo, 1992an plazaratu zituzten Eskiulako emakumeek maskaradak. Bazirudien barrikada guztiak gainditu zituztela. Baina gaur egungo maskaradetan bereizketa lerro batek indarrean jarraitzen duela antzeman daiteke. Emakumeek dantzari lanak egiten dituzte, baina buhame eta kautera orru-zale, narrats eta zakarren taldeak gizonezkoen eremu dira. Zuberoako mutil gazteek ez dute dantzarako irrikarik, eta baloirik gabeko mele baldarrak bakarrik erakartzen ditu tradiziora. Beraz, Eskiulako emakumeek rol guztiak betetzeko gai zirela frogatu arren, praktikan gizonezkoek nahi ez dituztenak egitera mugatzen dira. Maskarada gorria eta beltzaren bereizketa klasikoan ezaugarri berri bat dugu orain: generoa.

Hondarribia eta Irunen iskanbilak gertatu badira arrakasta izan duten tradizioak direlako da. Mota horretako alardeak badira beste zenbait tokitan baina ez dute horrelako jendetzarik biltzea lortu. Batzuk bizirauten nahikoa lan. Nik ez dakit zergatik izan duten arrakasta Hondarribia eta Irungo alardeek. Akaso instrukzio militarra, uniformearen erotika eta parranda ongi uztartzen asmatu dutelako. Auskalo. Baina, Antzuola edo Elorrioko alardeetan gertatu bezala, konpainia txiki bakar bat osatzeko zailtasunekin jarraitu izan balute, ziur aski emakumeen parte hartzeak ez zuen sesiorik eragingo.

Bidasoaldeko alarde atzerakoien aurrean genero berdintasunaren eredutzat Tolosako alardea aipatzen denean ni harrituta geratzen naiz. San Joan egunean Tolosan festa eta tradizioak gailurra jotzen dute. Elizatik ateratzerakoan sortzen den une majiko horretan, kanpaien hotsa eta txistu doinuak eskopetarien salba eta ke artean nahasten diren tarte berezi horretan, plazaren beraren antolaketa genero bereizketaren argazki bikaina da. Nagusiki emakumez osatutako eskopetarien konpainiak plazaren bazterretan daude, denak plazara begira, eta plazaren erdi erdian hogeita bost protagonista, hogeita bost dantzari, hogeita bost gizonezko. Tolosan, Zuberoako maskaradetan bezala, emakumeek gizonezkoek nahi ez zituzten tokiak bete dituzte, baina bordon-dantzari taldea gizonez osatzeko arazorik ez dute momentuz, eta beraz, hor ez dago emakumeentzat tokirik.

Arrakastatsu dirauten tradizio gehienetan ez dago momentuz emakumeen parte-hartzerako aukerarik: ez Tolosako bordon-dantzan, ez Lesakako zubi-gainekoan, ez Iurretako dantzari-dantzan, ez beste hainbat dantza tradiziotan. Eta hain zuzen ere, orain, gauzak pakean daudenean, eta lasai hitzegiko giroa dugunean, aztertu eta eztabaidatu beharko genuke aurrera begira zer nolako tradizioak izan nahi ditugun. Aldarrikapenak sortu aurretik. Istiluetan hasteko gutxi behar izaten baita, eta gatazka sortzen bada zaila izango da konponbide onik aurkitzea. Aurrea hartu behar diegu horrelako egoerei, gaia aztertu, hitzegin, eta gure tradizioen etorkizuna gaur bertan egiten hasi. Tradizioaren ustezko jagoleok bultzatu beharko genituzke hausnarketa horiek, tradizioak maite ditugulako, eta beraz, genero bereizketarik gabeko tradizioak nahi ditugulako.

etiketak: dantza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter