Hautsi katea!
Gaur lagun batek Reenvialo porfi izenburua zeraman mezua helarazi dit. Ireki bezain pronto konturatu naiz dagoeneko bide luzea egina zuela mezuak, izan ere, niri iritsi aurretik mezua jaso eta berbidali duten askoren helbideak agertzen baitziren bertan. Segundo gutxi behar izan ditut hoax bat edo interneteko mezu-kate bat zela ohartzeko. Baina arrakastatsua benetan, izan ere, mezuaren azpi-azpialdean zetorren mamira iritsi aurretik gutxienez zientoka lagunen posta helbideak ageri ziren. Kalkulu azkar bat eginez niri iritsi zaidan mezuan 500 helbide inguru zetozela ikusi dut.
Azkenean iritsi naiz azpialdera, eta ikusi dut gainera erantsitako artxiboa zekarrela, eta mezuak artxiboa irekitzera gonbidatzen gintuela.
Elefantiasis gaitza duen Cleto izeneko ume bati buruzkoa da mezua, umearen argazkia ere ageri da, eta ondoko testuarekin lagunduta dator erruki gaitezen:
Me llamo Cleto y tengo 5 años...ayudame por favor. Solo reenvíalo, por caridad. (Y da gracias a Dios si tienes hijos >sanos). Cleto es un niño de Bogotá Colombia, cuenta con cinco años de edad y desde los dos años sufre de una rara enfermedad llamada elefantiasis cumerdi,lo mismo que en sus brazos debido a la gran desnutrición ha sufrido una malformación de sus huesos. Te pedimos de todo corazón tu ayuda. ¿Cómo? Reenviando este e-mail a cuantos corresponsales tengas en tu libreta de direcciones. Por cada e-mail que se reenvie, Cleto recibirá una cantidad de dinero la cual se destinará a ayudarlo en su recuperación y terapias. Cleto más que nadie y sus papás te lo agradecerán infinitamente. Dios te bendiga.
Ez nuen uste esan beharrik zegoenik, baina iritsi zaidan mezuaren kate luuuuuzeeeeaaaaa ikusita berriz gogoratu beharko dugu: hau mezu hau FALTSUA DA, mota honetako gehienak diren bezala. Hoax bat da, alegia, interneten hedatzen diren mezu-katea eta duen helburu bakarra hain zuzen ere ahalik eta gehien hedatzea da. Cleto horrek ez du xentimorik ere jasoko guk miloika mezu berbidali arren.
Horrelako mezu bat iristen zaigunean egin behar den lehen gauza Benetakoa den ala Faltsua den ikustea da, eta horretarako bi tresna on Google eta Rompecadenas dira. Rompecadenas-en oso ondo esplikatzen du zer diren hoax-ak eta zein kalte eragiten dituzte. Bertan hauek aipatzen dira besteak beste:
- Denbora eta dirua galarazten digute
- Zerbitzarietan alperrikako trafikoa eragiten dute
- Postontzia publizitatez eta zaborrez betetzen digute
- Benetako beharra eta garrantzia izan dezaketen mezu-kateen eragina txikitxen dute
Rompecadenas-eko tipoa fina da eta hoax-en artxiboa egina dauka. Bertan ageri da Cleto-ren inguruko hau baita ere.
Hala ere, mezua benetakoa balitz ere hoax-ek agerian uzten dute zein gaizki erabiltzen dugun posta elektronikoa. Esan bezala, niri iritsi zaidan mezu horretan 500 email inguru zeuden. Baina inork ez al daki mezu bat berbidaltzen duzunean aurretik berbidalitakoen helbideak ezabatu behar direla? Mezu hori nire postontzira iritsi denetik nire posta kudeatzailean ezagutzen ez ditudan 500 lagunen helbideak daude. Besteak beste Cajaduero-ko langile guztien posta helbideak ditut nik orain. Demagun birus bat sartzen dela nire postontzian. Hori mauka! Nire ohiko ezagunen helbideez gain ezagutzen ez ditudan beste 500 lagunen helbideetara iritsi ahal izango da.
Nik posta kudeatzeko thunderbird darabilt eta birusek ez diote eragiten outlook-ari beste, baina kontua da, mezu hori nire postontzian dagoen bezala, dagoeneko beste 500en postontzian ere egongo dela, eta ziur aski tartean nire helbidea era egongo da, mezuan zetozen helbideak ez ezabatzeaz gainera, helbideak BCC: atalean jarri beharrean denontzat agerikoa den TO: atalean jartzen baititugu.
Ez dago esan beharrik internet bidez publizitatea egitera dedikatuko banintz, iritsi zaizkidan helbide guzti horiek gorde eta jendea spameatzeko erabiliko nituzkeela. Baina hori baino gehiago egingo nuke, Colombiako ume gaixo baten argazki lastimeroa hartu eta mundu guztiari bidaliko nioke esanez berbidali mesedez!. Denbora gutxi beharko luke mezu kateak buelta eder bat eman eta berriz nire postontzira iristeko, zientoka lagunen emailak ekarriz.