Dantzari modernoak
Xabier Mendiguren Elizegiri
> Lortu al du euskal dantza tradizionalak moderno bihurtzea, gazta zaharrak baino har gehiago ez izatea?
Galdera horrekin abiatu du Xabier Mendiguren Elizegik euskal dantza tradizionalari buruz egindako hausnarketaren bigarren idatzia. Lehenengoan ezkor ageri zitzaigun, bigarren honetan baikor: "Neurri batean bai, nik uste" erantzun dio gorago egindako galderari.
Euskal kulturaren munduak badu azken urteotan modernitatearekiko obsesio moduko bat. Kultura moderno bezala homologatu nahi du bere burua, zaharkinak eta folklore usaina dariotenak zulora eta berri itxura duen edozer aldarera. Euskal dantza tradizionalak egitura eta nortasun arazo larriak ditu, eta noraezean dabil aspaldiko urteetan. Gainera estekikoki gainontzeko alorrek egindako bidearen kontrakoa hartu izan du. Bertsolariek, trikitilariek, aktoreek, idazleek… izurria bailitzan ihes egin diote estetika kostunbristari, txapelak kendu eta piercingak jantzi dituzte. Dantzak kontrako bidea egin du, atzera begira jarri da, eta besteak beste jantzi eta estetika tradizionala berreskuratu eta aldarrikatu ditu.
Azken urteotan talde batzuk hasi dira dantza tradizionalak estetika modernoaz janzten. Ondorioz, programatzaile, komunikabide, erakunde eta kulturaren agenteen babesa jaso dute.
Ni ez nau inoiz moderno izan beharrak arduratzen. Ni garaikidea bainaiz, nire garaikoa, XXI. mendeko euskal dantzaria. Txapela, gerrikoa eta abarketak jantzita ere 2005eko dantzaria naiz, eta jeans-ak, tixertak eta belarritakoak janzteak ez naute modernoago egingo. Eta gainera gazta zaharra gustatzen zait. Baina gazta, zaharra izan arren, gaur jaten dut.
Xabier Mendiguren Elizegik aipatu dituen ikuskizunak bi multzotan sailkatuko nituzke nik. Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Sarriegin proposamenak daude alde batetik, eta Jon Mayaren ingurukoa eta Aukeran-ena (Xabierrek ez du aipatu baina bigarren multzo honetan sartu beharrekoa iruditzen zait) bestetik. Bi motatakoak direla diot, lehenengo multzokoek tradizioaren aldarrikapena, bere jantzi eta molde koreografikoekin, egiten jarraitzen dutelako, eta bigarren multzoan irudi modernoaren bilaketa nagusitzen delako.
Bi multzo horien artean paradoxa bitxia gertatzen ari dela iruditzen zait niri. Tradizioaren eskema estetikoan lan egiten jarraitzen duten multzokoek dantza tradizionala barrutik, koreografikoki, berritzen eta eguneratzen ari direla iruditzen zait. Estetika tradizionalari uko egin diotenak ordea, lan handiak dituzte dantzaren lengoaia berri bat sortzen, eta apenas ekarpen koreografiko interesgarririk egiten asmatzen duten. Alegia, hizkuntza koreografikoaren bilakaeran urrats sendoak ematen ari direnak dira estetikoki tradizioaren moldeekin jolasten jarraitzea erabaki dutenak. Baina, estetikoki aldaketa handiena egin dutenak bigarren multzokoak dira, eta ondorioz horiek dira euskal dantza tradizionalaren berritzearen ikurra komunikabide, programatzaile eta kultura agenteen begietan.
Horregatik ni ez nau batere harritu Xabier-ek aipatutako Mikel Sarriegi-ren ikuskizunak komunikabide nazionaletan aipamenik jaso ez izana. Niretzat, koreografiaren ikuspuntutik, eta dantza tradizionalaren lengoaia berritu eta eszenaratzeko ahaleginari dagokionez, azken urteotan egin den ekarpen interesgarrienatakoa izan da beasaindarrarena. Baina estetika eta diskursoa tradizioaren ingurukoa du, eta horrek ez du saltzen berria hitza gurtzen duen merkatuan.
Bitxia da ikustea nola urteetan euskal dantzari bizkar emanda jardun duen jendeak, aldaketa estetiko horrekin koreografo berrien baloreak goraipatzen dituzten orain. Poztekoa da hori niretzat, ikusleen gozamena eragiten duten dantza horietako gehienak euskal dantza tradizionalak baitira, ongi eginak eta jantzi desberdinetan emanak, baina betiko dantza berak. Lehen tristeak iruditzen zitzaizkigun berberak. Eta beraz, dantza tradizionalak berak dituen balio propioak nabarmen uzten ditu. Pentsatzekoa da beraz, orain arte horiek gozatu ez dituztenek prejuizio estetikoaren ondorioz ez zutela egingo.
Antzokiko ikuskizunak dantza tradizionalaren banguardietako bat izan ohi dira, eta oro har, dantzaren osasunaren neurgailu izan daitezke. Baina oraingo honetan, ikuskizunen alorrean une interesgarri batean egon gaitezkeela onartuta ere, saio horiek ez dira dantza tradizionalaren alorrak berak dituen nortasun arazoentzat konponbide. Antzokietan dantza oinarrian edo laguntzaile dituzte ikuskizun erakargarriak egiten asmatuta ere, horrek ez ditu herrietako eta plazetako dantzariak dantzari alai bihurtuko. Eta horietan denetarik dugu. Dantzari alai batzuk ditugu, baina dantzari triste asko, gehiegi, ere bai. Hori beste egun baterako.