Dantzarik gabekoak bai tristeak
Xabier Mendiguren Elizegiri
Bertsolariari gaia jarrita bezala nator Xabier Mendiguren Elizegiren puntuari erantzutera. Dantzari tristeak izenburupean dantzak eragiten zion alergiaz idatzi du eta dantzari-talde haiek eta haien saioak tristeak, kutreak, zaharkituak eta -modako beste berba bat erabilita- patetikoak iruditzen zitzaizkiola kontatu digu. Gaia bera nahikoa amu ez balitzait Oier Araolazari ez du jarri ba goiburuan! Ez dut asko behar izaten horrelako amuei kosk egiteko, eta oraingoan nire izena darama zomorroak, beraz, eutsi gogor kainari Xabier!
Hemezortzi urtekin dena probatu beharrean nenbilen. Kirolari nekaezina nintzen, atletismoan -krossean batez ere- gogor jarduten nuen, fondoko eskian, bizikletan, triatloietan ere probatu nuen... Literatura lagunekin konpartitu eta gure testu batzuk argitaratu genituen fotokopiekin egindako literatur-fanzine batean Mandragora izenpean, ...etakitto euskara elkartearen abiatzean buru-belarri sartuta nengoen eta lehen kazetari lanak ere bertan egiten hasi nintzen. Eta beste hainbat konturen artean dantza taldearekin hara eta hona nenbilen. Ekintza guzti horien artean dantza izango zen nik aukeratu ez nuen bakarra, umetatik egiten nuena. Dantzan gustura egiten nuen, baina ez ninduen erabat betetzen, dantzarako arropak jartzeak lotsa ematen zidan gehienetan, eta ziur aski, taldean giro oso ona geneukalako jarraitzen nuen.
Hemeretzi urtekin dantza taldearen ardura hartu genuen Aresatz eta biok. Ez genuen asko pentsatu zer esan nahi zuen erabaki hark. Talderaren zuzendariek uztea erabaki zuten, eta beste arduradunik aurkeztu ezean taldea desegin egingo zela esan ziguten. Ba arduratuko gara gu. Inuzente bikote ederra.
Niri Metallica gustatzen zitzaidan. Eta AC/DC. Eta Guns N' Roses. Apetite for destruction atera berri zegoen. Itzela. Ez nintzen heavy-heavya, hard rocka gustatzen zitzaidan, baina Sutagarren jaiotza hurbiletik ezagutu genuen eta belodromoan Iron Maiden, Anthrax, Aerosmith eta Metallica bera ikusi nituen urte gutxitan. Muturreko kirolak, literaturak eta musika gogorrak hunkitzen ninduten. Dantzak ez zuen horretarako balio, lotsa piskat pasatzeko gehienera.
Halako batean dantza emanaldi handi bat iritsi zen Eibarrera. Piska bat lehenago Etorki izana zen, eta antzeko zerbait espero nuen. Interes handirik gabe, militantzia hutsagatik, joan nintzen. Ukitu egin ninduen. Ukitu eta hunkitu. Ez nuen espero horrelakorik. Ez nuen uste dantzaren bidez inor hunkitu zitekeenik. Eta oraindik gutxiago dantza ikusiz ni hunkitu nintekeekin. Zortziko zuen izena eta Juan Antonio Urbeltzek gidatzen zuen. Hala ere horrek ez zuen asko aldatu gure taldearen jarduna. Lagunekin futbitoan jokatu eta telebistan Ronaldinho ikustea modukoa izan zen. Bi mundu desberdin. Ez zeuden elkarrengandik oso urruti baina guk hala ikusi genituen.
Taldearen ardura izateak dantzara begira jarri ninduen, eta beste taldeek zer egiten zuten ikusten eta dantzari buruz zer idazten zen irakurtzen hasi nintzen. Aldameneko herriko taldean, Elgoibarren, hartu gintuzte apopilo eta haien eskutik Zortzikon antzeman genuen mundu berri hartan barrena murgiltzen hasi ginen. Zortzikoren segida, Alakiketan izenekoa ikustean, hiru urte lehenago bizitako sentsazioak berritu zitzaizkidan. Horrelako bihotz taupadak dantzaren bidez sustatu zitezkeela baieztatuta, eta lehen esperientza hura errepikatzen zela ikusita, sentsazio haiek berrituko zizkidaten saioen bila jo nuen. Makina bat talde, plaza, frontoi, emanaldi, saio eta ikuskizun ikusi nituen, baina kale. Dantzari tristeak nire begietan, bai horixe!
Lehen bolada horretan oso dantza saio gutxirekin gozatu nuen. Baina bidean mundu zoragarri eta aberats batekin egin nuen topo. Ageriko soiltasun eta estetika zaharkituaren atzean lengoaia elaboratu, konplexu eta aberats bat antzeman nuen, eta XX. mendeko bolada politiko bakoitzaren beharren araberako funtzioak bete ondoren, erabilitako kleenex-a bailitzan zokoratua, mespretxatua eta gutxietsia ikusi nuen.
Beste ezer baino gehiago dantzak gozamena eskaini dit eta eskaintzen dit. Gozamen fisikoa. Erritmoaren araberako ariketa fisikoa plazer emailea da, eta ez daude alperrik modan orain spinning eta halakoak. Euskal dantza tradizionalak plazer hori eskaintzeko gaitasuna du eta horretarako tresna baliagarria gaur ere, orain modan dauden beste hainbat dantza mota (aretoko dantzak, salsa, merenge-eta-abarrak, aerobika, e.a) baliagarri diren moduan. Dantza emanaldiak aukeratzen eta aurkitzen ikasi ahala, dantza saio ederrekin gozatzen hasi naiz. Baina euskal dantzak egiturazko arazo latzak ditu, bere nortasuna, funtzioa eta norabidea aztergai ditu, eta dantzari tristeak izaten jarraitzen dugu gehiegitan.
Nahikoa gaurkoz niretzat ere. Gaur, berriz, ez ditut berdin ikusten (...) Dantzariek ere jakin dute modernizatzen dio Xabier Mendiguren Elizegik. Susmoren bat badut, baina aldaketak eta modernizatzea zertan antzeman duen jakin nahiko nuke. Txanda Xabier!
Txikitatik izan naiz dantza zale. Baina sueltoan, suelto sueltoan... geure kabuz. Dantzatu dut ska, pogoak, rap-a, rockanrolla, kalejirak, keinuka, eta orain musika elektronikoa entzunez ere nire gorputza mugitzen saiatzen naiz. Xabier Montoia aspaldi ikusi nuen M-ak taldearekin Larrabetzuko gaztetxean, 1988an. Eta eskenatoki gainean ikusi nuen abeslari bitxiena iruditu zitzaidan. Imajinatuko duzue, 16 urte nituen. Eta eskenatoki asko ikusi bakoa nintzen artean, plazarik plaza bai, baina beti ero-merietan.
Dantza talde baten enaiz sekula egon, militatzen esan gura dut. Arreba eroan zuen amak dantzan egitera Lemoara. Ez zuen luzaroan jarraitu.
Tapia eta Leturia dira nire musika talde kuttunetakoa. Eta herrian jo dute azken bost urteotan. Patxi Perez ere aritu da, Tapiarekin eta, eta bere taldeagaz be bai.
Eta horrek pausua ematera, urrats egitera bultzatu gaitu. Une honetan 5 mutil torpe ari gara neska bategaz neure lonjan mutxikoak ikasten. Iaz, Euskal Herria Zuzenean jaialdian (Mendikota, Zuberoa) zin egin genuen, aurten, rock ska punk hard core hip hopa elektronika eta abarren ostean, EHZ jaialdian mutxikoak ere dantzatuko genituela. Eta hor gabiltza, aste batean bai, bestean ez... jauziak, pika, erdizka... eta holakoekin.
Pazientzia handia du Olatzek gugaz, ondo ari garela dio. Gustura gu, mutiko dorpeok, mutxikotan. Baina EHZ osoak jakingo du, bost larrabetzuar berri jalgi direla dantzarat!
Ordukoak ere Oierri kontatuko dizkiot. Lotsatzen ez bagara!