Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / Komunitate birtualak

Komunitate birtualak

Maialen Odriozola 2014/01/02 22:35
Kideek partekatzen dituzten elementuak daude komunitatearen muinean, baina baita gainerako komunitateengandik bereizten dituzten berezitasunak ere.

 

Zer da komunitate birtual bat? Galdera sinple hau izan da sarrera honen abiapuntu. Sarean (non bestela), aurkitu dut erantzuna:

 Komunitate batean pertsona talde batek helburu komun batzuek partekatzen dituzte, talde baten partaide sentitzen dira eta komunikatzeko forma berdinak erabiltzen dituzte elkarren artean eragiteko

"Komunitate fisikoek" ere betetzen dute orain arte irakurritakoa, hemen dator, ordea, ñabardura:

 Elkarreragina ingurune birtual batean gertatzen da sareko komunitateetan

Esanahi hutsak ez ditu nire zalantzak asetu eta nire buruan galderek ez dute etenik; blog komunitate bat, komunitate birtual bat al da orduan? Eibarnautak talde sentimendua ote dute? Nola gauzatzen dira harremanak eta elkarreragina sarean?

 richardimia.com

 

Almudena Morenok eta Carolina Suárezek “Las comunidades virtuales como nuevas formas de relación social:  Elementos para el análisis” lanean, giza harreman birtual horien oinarriei buruz idazten dute. Haien arabera, komunitate baten funtsean hamaika arrazoi egon daitezke; lurraldetasunean oinarritu daiteke lotura (hiri batean), interes komunetan (elkarte eta klubak), partaideen ezaugarrietan (abokatuen elkargoa) ala plataforma online batean (blogak).

Hori horrela izanda, kideek partekatzen dituzten elementuak daude komunitatearen muinean,  baina baita gainerako komunitateengandik bereizten dituzten berezitasunak ere. Dena den, birtualak zein fisikoak izan, komunitateak funtsean euren kideentzat topalekuak izan ohi dira.

Goikoa irakurri ostean, lan honen ikerketa objektura hurbildu naiz berriz, eta eibarnautek partekatzen dituzten elementu horien aztarnak, elkartearen helburuetan egon daitezkeela pentsatu dut. Kasu honetan, elementu komunak, Eibar, teknologia berriak eta euskara izan daitezkeela uste dut (ez dute zertan hurrenkera horretan izan behar). Gainera, elementu horiek guztiak partekatu ditzakete kideek, edo horietako batzuk bakarrik.

Komunitate birtualen erraietan gehiago sakonduz, “Palabras en juego” liburuan, Luis Ángel Fernández Hermanak komunitate birtualen inguruan idatzitako pasartea irakurri dut. Bertan, komunitate birtualen filosofia azaltzen du, eta autogestioa, gardentasuna, kontsultarako zabalik dagoen erregistro historikoa eta edukien barreiadura nabarmentzen ditu. Espazio birtualaren antolaketa ere azpimarratzen du eta puntu honetan, banaketa zerrenda, laguntza teknikoa…aipatzen ditu.

 

Badira, bestalde, beste autore batzuek zerrendatutako hainbat ezaugarri:

  • Moderazioa: Komunitate guztiek arauak dituzte. Joko arau hauek errespetatzea saritu egiten da eta legeak haustea, zigortu (betikoa). 
  • Protokolo komuna: Kideek euren artean adostutako komunikatzeko formak erabiltzen dituzte elkarren artean ulertu ahal izateko eta eztabaidak saihesteko. 
  • Elkarreragina: Elkarreraginik gabe komunitateak zentzu guztia galtzen du. Interakzioa, dena den, modu askean gauzatu daiteke, kideek adostutako sistemen bitartez ala modu hertsian araututa.
  • Afiliazioa: Komunitate batzuetan edonork eman dezake izena, beste batzuetan sartzeko berriz, ezaugarri jakin batzuek izan behar dira, medikua ala abokatua izan, esaterako. Borondatezkoa edo derrigorrezkoa izan daiteke, gainera, sarbidea.

 

Dena den, komunitateak ez dira bakartuak dauden irlak, matrioska forma  ere eduki dezakete nolabait. Hala balitz, eibar.org euskarazko komunitate baten barruan sartuko litzake, besteak beste. Egokiagoa dela uste dut, hala ere, Multimedia Komunikazioan Masterrean euskal komunitate birtualen inguruan egindako mahai-inguruan erabilitako armiarma sareen metafora hura.

Euskarazko komunitate birtualetan, harreman-sareak hedabide tradizionalen inguruan sortatukoak dira zenbait kasutan (Berriketan, Argia…), tartean daude hedabide lokalen inguruan sortuak (Goiena, Baleike, Uztarria…) Hedabide orokorren kasuan, kazetariak dira blogari gehienak. Lokalen kasuan, bestalde, esanguratsua da talde eta kolektibo ezberdinen ahotsak.

Horrez gain, medio digitalak daude (SustatuZuzeu…) baita hezkuntza komunitatearen inguruan sortutako komunitateak (ehusfera) edo kultur disziplina bati lotuak (Dantzan).

 

 

Zuzeulariak, EHU esferako kideek... sarea eta euskara partekatzen dute Eibarnautekin baina badira euren artean hamaika ezberdintasun ere. Gai hau sakonago ikertuko dudan arren, oraingoz eta beste komunitate batzuekin alderatuz, eibar.org-en izaera eta blogarien perfil hetereogeneoak deitu dit arreta. Hurrengo sarreran, teorian azaldutakoa eibar.org-en gainean praktikan jartzen saiatuko naiz, puntuz-puntu. Hala ere, komunitate birtual bat aztertzerako orduan, aldagaiak, asko eta anitzak izan daitezke eta nik, ikertzen jarraitu beharko dut… ;-P 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak