Xumetasuna
Eskerrik asko ongietorria eman didazuen guztioi, eta besteoi ere bai.
Berriz ere martxan nabil, bai, baina lasai samar joatea hobe izango dela-eta, gaur poema bat, ez nirea, baizik Jorge Luis Borgesena, "Fervor de Buenos Aires" bere lehenengo liburukoa (1923). Poesian su-festak, txirinboloak eta txilipurdiak boladan zeuden garaian, harrigarria nola gaztetxo batek, modari bizkar emanda, horren testu sakon eta ederra idatzi ahal izan zuen, haren distira itzulpenarekin apur bat lausotuta geratuko den arren. Ea gustatzen zaizuen. Jatorrizkoan "Llaneza" du titulua, eta nik oraingoz "Xumetasuna" jarri diot, akaso "lautasuna" zehatzago litzateke baina.
Lorategiko atea zabaldu da
debozio sarri batek galdekatzen duen
orrialdearen otzantasunaz,
eta barruan begiradak
ez du objektuetan erreparatu beharrik
beren lekua hartua baitute oroimenean.
Ezagutzen ditut ohiturak eta arimak
eta gizatalde oro egunero josiz doan
zeharkako aipuen dialekto hori.
Ez dut behar hitzik
ez pribilegioetarako gezurrik;
ondo asko ezagutzen naute inguratzen nautenek
badakite nire penen eta ahulezien berri.
Horixe da gorena iristea,
beharbada Zeruak emango diguna:
ez mirespenik ez garaipenik
baizik, besterik gabe, onartuak izatea
ukatu ezinezko Errealitate baten parte gisa
hala nola diren harriak eta arbolak.