Udako zenbait gomendio
Nire lehen ideia Martutene aipatzea izan da, Ramon Saizarbitoriaren azken eleberria, baina abisu bat eman behar badaezpada: nobela hori hartzen duenak seguru asko ezingo du beste ezer irakurri uda osoan, liburu mardul, lodi eta luze horietakoa baita. Tamainak inporta ez badizu, edo istorio handixko, xehe kontatu eta txiribuelta ugarikoak maite badituzu, donostiarraren pertsonaien sigi-saga intelektual, politiko eta sentimentalekin gozatuko duzu.
Liburu bakarrarekin konformatzen ez direnentzat beste zenbait aholku, beraz, baina nobelekin jarraituz betiere, estilo eta gai askotako eleberriak atera baitituzte udaberri honetan gure autoreek. Adibidez, Itxaso Martin Zapirainen lehenengo liburua, Ni, Vera, eromenaren ertzean dagoen neska batek eromenaren barrutik kontatua, eroetxean egondako birramonaren bilaketa eta abar; intentsitatez idatzia eta irakurlea ere magnetismo moduko batez harrapatzen duena.
Oso bestelako giroa dakarkigu Harkaitz Zubirik, lehenago ipuinekin utzitako gustu ona kontakizun luzean berretsiz: Etxekalte-n topatuko dituzu enpresa baten barruan sortzen diren harremanak, lantegiaren eta bizitza pertsonalaren arteko hariak; traizio eta leialtasunak, eta fabrikak sortzen dituen gaixotasun profesionalak.
Urte eta esperientzia gehiago du Pello Lizarraldek, baina bide berrien aldeko apustuan jarraitzen du: Orbanak du izena bere azken lanak, eta ez ditu zapuztuko bere zale ugariak: aurrekoetan bezala, argumentuaren misterioei uko eginda, testuari berari ateratzen dio zukua, naturaren xehetasunei, pertsonaien keinuei, deskribanei... atzetik daudekeen katramilak norberaren irudimenarentzat utzita.
Obra oparoa ari da osatzen Xabier Etxeberria ere, batzuetan bere anaia Martinekin batera eta beste batzuetan bakarrik; bakarkakoa du oraintxe aurkeztu digun azkena, Udazkeneko lorea, triangeluz osaturiko eleberri laburra: mutil baten eta bi neskaren arteko maitasun-afera bat dago, batetik, baina bestetik hiru istorio kontatzen dira, beste hainbat pertsonaiarenak eta elkarrekin lotuak; kontagaian zapore gazi-gozoa uzten du, baina kontamoduan esku trebe batek gidaturiko estilo arin eta airosa nabarmentzen da.
Gehiago ere badira, liburu-dendan norberak deskubritzekoak, baina denetara iritsi ezinda hortxe utziko dugu. Narrazio laburrak irakurri nahi dituenarentzat Garazi Kamioren Beste norbaiten zapatak gomendatuko dugu, edo Arrate Egañaren Paradisua. Poesiazaleak ere ez du zer irakurria faltako; besteak beste, Jon Gerediagaren Zentauro-hankak, Iñigo Astizen Baita hondakinak ere, Ione Gorostarzuren Des egiten, edo Karlos Linazasororen Ezer gehiago behar gabe, Xabier Lete sariaren irabazlea.
Itzulpen deigarriak ere atera dira. Hala nola Pessoaren antologia poetiko bat Iñigo Roquek egina: Poemak pluralean. Edo Pasazaite argitaletxe sortu berriak dakarkigun Hamar, Andrej Longorena, hamar manamenduen inguruan kokaturiko hamar ipuin, Napolin girotuak (mafia eta guzti) eta Josu Zabaletak euskaratuak. Edo Mathias Malzieuren Bihotzaren mekanika bestseller-a, Alberto Barandiaranek itzulia.
Baduzu non aukeratu; irakurketa on, hemen edo edonon.
(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrirako idatzia)