Sanse(t) Boulevard
Ni umea nintzela ez geneukan duda handirik gauzei nola deitu. Udan noizean behin joaten ginen toki horrek Donostia zuen izena, euskaraz ari ginenean, eta San Sebastián, erdaraz ari ginenean. Modernoek, hara gehiago joaten zirela nabarmentzearren-edo, "Hemos estado en Sanse" esaten zuten. Ez dakit ni ere txorakeria horretan jausi nintzen inoiz, ala nintzen mutil txintxo eta koitaduaren moduan segitu nuen hitz egiten.
Dakidana da aldaketa politikoarekin etorri zela izenen dantza ere. Euskaraz ez: euskaraz ari ginenean betiko Donostia esaten segitu genuen. Baina gaztelaniaz moda berri bat sortu zen: batzuek San Sebastián esaten jarraitu zuten, hala nahiago zutelako edo besterik ateratzen ez zitzaielako, eta beste batzuk, berriz, Donosti hasi ziren deitzen.
Izendapen berriak bi arrazoi eta jatorri izan zitzakeen: abertzale agertzea, edo moderno (Sanse-k ordurako gazta zaharrak baino har gehiago zeuzkan). Baina bi jarrerak ere (abertzale erdaldunen jarduna, eta moderno ustekoena) gogaikarri samarrak zitzaizkidan, nonbait, eta nik San Sebastián esaten jarraitu nuen erdaraz mintzo nintzenean. Ez zen jarrera kontzientea, hasieran behintzat, baina gero bai: iruditzen zitzaidan erdaraz "Donosti" esaten zutenen euskaldun ustearen ustela agerian jartzen nuela horrela.
Orain gutxi, baina, trenerako txartela hartu behar nuen batean (eta erdaraz eskatu beharra zegoen han), neure burua harritu nuen "Un billete a Donosti" eskatuta. Gero, neure buruari zergatia galdetuta, pentsatu nuen gure herri inguruan halaxe esaten dutela gaur egun guztiek, oso zaharrak edo oso fatxak ez badira. Eta pentsamendu horren ondoren bigarren galdera: zeri ote nion nik, inkontzienteki, beldurra: zahar, ala fatxa agertzeari?