Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Pozaren tamaina

Pozaren tamaina

xme 2012/07/18 16:44
Behar duzun zerbait galdu duzu bat-batean, edo aurkitzen ez behintzat. Behar lukeen lekuan begiratu duzu, eta ezer ez. Ondokoan, beste harako txokoan, etxeko zirrikitu bakoitzean, atzera ere lehenengo tokian badaezpada, bi edo hiru edo lau aldiz, alferrik. Marmarka ari zara, galeratxo horrek dakarkizun buruhausteagatik, eta zeure buruari madarikazioka, begi-bistan egon behar lukeen gauza xume hori galtzeagatik.

Historia bi edo hiru modutara buka liteke: galdutakoa ez da inoiz agertzen; edo handik urtetara topatzen duzu, beste zerbaiten bila zenbiltzala, Murphyren legea betez; edo, zorionean, bilaketa horretan ia etsitzekotan zinela, lekurik logikoenean edo ilogikoenean azaltzen da, ia ezustean.

Azken kasu honetan, a ze poza, eta lasaitua. Hala ere, sentipenen kontaduria egin eta balantza batean jarrita, lehengo haserrearen tamainakoa al da ondorengo alegrantzia? Baten bati irakurri nion, gaixotasun batek sortzen digun zoritxarraren parekoa balitz osasunak eragindako ongizatea, pertsona ezin zoriontsuagoak ginatekeela. Hori esatea eta pentsatzea bezain erraza balitz halaxe bizitzea…

Josunestilist
Josunestilist dio:
2012/07/18 17:09
Nire diru-zorroa topatu dudaneko poza galdutzat eman dudanaren parekoa izan da. Poza!
Elena
Elena dio:
2012/07/18 17:24
Amama Carmenek horrelakoetan txantaia egiten zion San Antoniori: galdutakoa agertzen bazen, eskupekoa santuaren kaxoian; agertzen ez bazen, santua diru barik.
Xabier Mendiguren
Xabier Mendiguren dio:
2012/07/18 18:52
josune, zuk bai jakin!
elena, san antoniok lagundu diezagula, zure amamari beste.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.