Philip Roth-en pepinoa
Neguko oporrak aprobetxatu ohi ditut, besteak beste, aurreko hilabeteetan egin ezin izan dudan gauza bat egiteko: lanarekin zerikusirik ez duten liburuak irakurtzea. Erdarazko liburuak esaterako, neure gustu pertsonalekin lotuak, inongo helburu profesionalik gabe.
Aurtengo gabonetako sortan, horien arteko bat izan da Philip Roth-en eleberri bat: "Mi vida como hombre" (jatorrizko izenburua: "My life as a man"). Ez da inoren gomendioz bila nenbilen obra, liburu-dendan sartu eta aliritzira hautatua baizik. Egilea aurrez ezagututa, hori bai. Gustukoa dut Roth, baina ez da edozeini gomendatzen diodan idazlea. Gaur egun minimalismoa baldin badago modan, Roth horren antipodetan dago: eleberri luzeak egiten ditu ia beti (baditu salbuespenak), korapilotsuak, eszena bati zukua ateratzeko orriak eta orriak betetzen ditu, pertsonaien burutazioekin beste horrenbeste, hitz-jario atergabe eta mozkorgarria izaten du ia beti, baina aldi berean egundoko tentsioa eransten dio kontakizunari, eta horri esker izango da Roth urtero Literaturako Nobel sarirako aipatzen diren hautagai nagusietakoa.
Badute Philip Roth-en liburuek ezaugarri bat niri bereziki interesatzen zaidana: autofikziorako joera (bere bizitzako gauzak fikzionatzeko, eta aldi berean fikzio direnei autobiografia-itxura emateko), eta aldi berean bere edo pertsonaien bizitza hori bere herrialdearen historiarekin lotzeko isuria. Nik neuk ere antzekoak egin izan ditut behin baino gehiagotan, askoz maila apalagoan baina.
Dena dela, orain esku artean dudan liburuan (oraindik orri askotxo falta zaizkit amaitzeko, ea hurrengo oporraldia baino lehen lortzen dudan), beste ezaugarri bat iruditu zait komentagarri. Pasarte batzuei darien gordintasuna/keria deigarria egin zait, eta nik uste dut zerikusi estua duela lanarekin sorrera-unearekin. 1970ean kaleratu zen lehenengoz: transgresio-urteak ziren, eta sexu esplizituko eszenek bazuten ausardia-puntu bat, dudarik gabe. Geroztik, zinema pornoak, beranduago bideoak, gaur Internet-ek tribializatu egin dute pornografia. Ez dut esango interesa galdu duenik (sekula ez du galduko, gure hormonek lanean dirauten bitartean), baina bai gaur egun errazkeria-kutsu bat ematen diola testu bati sexu-eszena bat eransteak. Gaurko literaturan, euskaraz zein inguruko hizkuntzetan, nekez aurkituko duzu halakorik, eta ez, nik uste, idazleak puritanoagoak garelako.
Eta tituluan aipatu dudan pepinoa? Bueno, zati hori itzultzea pentsatzen nuen, baina sarean seguru hamaika holako daudela, koloretan eta bizi-bizi, eta imajinazioari ere utzi beharko diogu zerbait, ezta?
Motzagoa izanagatik, niri "El animal moribundo" ez zitzaidaan gehiegi gustatu. Akaso izango da garai bertsuan beste pare bat obra irakurri nituelako idazle/gizonezko ondo edadetuek emakume hagitzez gazteagoekin zituzten harremanen ingurukoak zirenak eta betekada txiki bat hartu nuen gaiarekin... Nik "Pastoral americana" edo "Me casé con un comunista" aholkatuko nituzke. Eta eleberri ero samar bat aholkatzeko: "Operación Shylock".