Patxadaz, zaborraz
Hauteskundeak pasatu direnez eta nork non aginduko duen argi geratu denez, beharbada momentu egokia da, lehia politiko estutik aparte, gogoeta lasai bat egiteko, denon artean, zer egin behar genukeen geuk sortzen ditugun hondakinekin.
Urte mordoxka bat atzera begira jarriko bagina, ohartuko ginateke garai bateko gizartean ez zela “zabor” kontzeptua existitzen: denak zeukan bere erabilera eta ia ezer ez zen alferrikakoa; patata-azalak txerrijan bihurtzen ziren eta arropa gastatuegia sukaldeko trapu. Horren arrastoa ikus dezakegu oraindik ere hainbat baserritan: furgoneta zahar bat oilategi bihurtua, bainera izandakoa ur-aska gisa erabilia…
Horiek garai bateko kontuak dira, ordea. Gure zibilizazioak kontsumo azkarrera bultzatzen gaitu, eta prozesu horretan hainbat hondakin sortzen ditu, bai industrialak, bai etxeetakoak. Urte batzuk baldin badituzu, gainera, erraz jabetuko zinen, denboraren joanean, gero eta zarama gehiago sortzen dugula. Garai batean, estetikoa zen horrek sortzen zuen kezka nagusia: txikleak lurrera botatzea itsusia zela-eta, paperontziak ipini behar ziren kalean. Gero etorri da kontzientzia hartzea: zenbaterainoko arazoa den sortzen dugun zarama pila, horrekin zer egin pentsatu behar dugula, eta gure planetaren baliabideak ere mugatuak direla. Gaur egun, denak bat gatoz zabor kopurua gutxitu egin behar dela, ahal den gehiena berrerabili, eta berrerabili ezin dena birziklatu. Horraino, denak ados. Hala ere, gaika biltzen ez diren zakarrekin zer egin, horra gure artean eztabaida luze eta sutsuak piztu dituen gaia.
Ez naiz sartuko atez atekoaren alde on eta txarretan. Ezta ere erraustegiaren abantaila eta kalteen neurketan. Gogoeta pare bat utzi nahi ditut bakarrik, gure herri-agintari berrientzat. Bata da, zaborrak botatzeko eta biltzeko modua ezin dela aliritzira utzi: neure etxeko zikinak herriko plazan edo errekan bota ezin ditudan bezala, bidezkoa da erreziklatzea denon eginbehar bihurtzea, eta ez era guztietako kakak poltsa berean botatzeko askatasuna uztea. Bereizte hori etxe bakoitzeko edukiontzi txikietan edo bost kontainerretan egin, azter bedi hotzean zein den sistemarik eraginkorrena, baina hondakin motak gaika sailkatzeak derrigorrezkoa beharko luke edozein kasutan, arrazoizkoa horixe delako. Datuak nahi dituenak, hementxe ditu Gipuzkoan iaz pertsonako sortu ditugun errefus kiloak, herrika emanak http://www.argia.eus/blogak/zero-zabor/2015/05/31/2014ko-datu-nagusia-errefus-kiloak-pertsonaurteko-gipuzkoako-herrietan/
Bigarren gogoeta: herri batzuetan gai honekin oposizioa egiteko erabili den modua, itsusia ez ezik, kaltegarria ere bada luzera begira. Boto batzuk lortzeko atzerritarrekiko beldurra eta gorrotoa bultzatzea jokabide desegoki eta miserabletzat jotzen dugun bezala, aitortu beharko genuke zaborren gaian, pertsonok barruan dugun alderdirik txarrena xaxatu dela: zibismoaren, arduraren eta auzolanaren ordez, berekoikeria, alferkeria, zikinkeria. Botoetan ondo funtzionatu duela-eta, estrategia egokitzat jotzeko tentazioa egon liteke, baina agintariak pentsa beza, herritar insolidario eta narras horiexekin ez dela erraza inongo herrigintzarik egitea.
(Goiberri astekarian, 2015-06-12)