Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nor da zuen Mercè Rodoreda?

Nor da zuen Mercè Rodoreda?

xme 2014/11/04 14:58

Bi aste falta dira azaroaren 9rako, eta egun horretan denok egongo gara Kataluniara begira, han zer ikusiko, handik zer ikasiko. Ni, berriz, orain dela hiru aste izan nintzen Bartzelonan, Xabier Montoiarekin batera, Tigre de Paper argitaletxe gazteak gonbidatuta, katalanez plazaratu baitute euskal ipuinen antologia bat, Pomes perdudes izenekoa, Daniel Escribanok hautatu eta itzulia, eta hainbat idazle biltzen dituena: Txomin Peillen, Jon Mirande, Joseba Sarrionandia, Patxi Zubizarreta, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Koldo Izagirre, Harkaitz Cano, Uxue Apaolaza, Xabier Montoia, Katixa Agirre eta Iban Zaldua (ni neu, hitzaurregilea izan naiz).

Liburu horren inguruan kazetariekiko zenbait elkarrizketa eta jendaurreko zenbait aurkezpen egin genituen, egonaldi labur bateko agenda betean. Solasaldi horietako batean, unibertsitatean euskara ikasten ari diren ikasleekin, hauetako batek, gure kulturaren berri eskasa zeukala aitortuz, galdera bat bota zuen, bere jakin-minaren adierazgarri: “Adibidez, nor da zuen Mercè Rodoreda?”.

Gure ezjakintasuna katalanei buruz haiena gureaz bezainbatekoa izango denez, argitu dezagun, labur bada ere, nor zen Mercè Rodoreda: 1900ean Bartzelonan jaiotako idazlea, gerra zibilaren amaieran erbestera alde egina, eta bere herrian bezala nazioartean fama eman zioten eleberrien egilea. Horietako bi euskaraz irakur litezke: Ispilu hautsia, Antton Olanok euskaratua, eta Diamantearen plaza, Maite Gonzalez Esnalek itzulita (Esnalek berak euskaratu zuen haren ipuin hautatuen sorta bat ere).

Rodoredaren antzekorik ez genuela aitortu behar izan genion: belaunaldi horretako nobelistarik, halako kalitate eta traszendentzia izan zuenik, emakumezkoen bizimoduaren eta kezken berri hain barrutik eman duenik. Aldiz, erantsi genuen gure eskasia hori nolabait konpentsatzeko, azken hamarkadan euskal letretan aldaketa esanguratsu bat egon bada, hori emakumezko idazleen etorrera indartsua izan da. Lehendik ere bazeuden on askoak –erantsi genuen–, baina gutxiengo nabarmenean beti. Azken urteetan, ordea, kuotaren bila joan gabe, ez trumilka baina mordoxka bat plazaratu dira eta nor direla erakutsi dute, inoren bedeinkazioaren zain egon beharrik gabe.

Baieztapen hori borondate oneko aldarria ez zela frogatzeko, adibide bat paratu nien: nik lan egiten dudan argitaletxean, aurten helduen literaturako bilduman, zortzi euskal autore kaleratuko ditugu; zortzi horietatik sei, emakumezkoak dira; eta sei horietatik lauk, gainera, lehenengo liburua izango dute; Bartzelonan ez nituen esan izenak, deituren zaparradapean inor ez itotzeko, baina hemen banan-banan aipatuko ditut, ez baitira edonolakoak estreinakoz plazaratu dituzten lanak: Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen, Danele Sarriugarteren Erraiak, Ana Jakaren Ez zen diruagatik, eta Alaine Agirreren Odol mamituak. Katalanek ez ezik, euskaldunek ere deskubritzea merezi dutenak.

(Ortzadar gehigarrian, 2014-10-25ean argitaratua)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.