Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Nik baino hobeto esanda

Nik baino hobeto esanda

xme 2008/01/09 10:41

Gaia jorratzeko gogorik ez, batetik, isilik pasatzen ere utzi nahi ez, bestetik. Mina ematen dit aipatze hutsak, lehendik ere esan ditudanak errepikatuko nituzkeela sentitzen dut, eta gainera ez dudala ezer konpontzen laguntzen.

Eta hala ere zauri zaharrak azkura ematen, eta hatza hara...

Nik ahalko nukeena baino hobeto adierazi ditu esan nahi nituenak Imanol Murua Uriak, Berria-ko bere analisian:

Lanerako metodoa

Hiru orrialdeko mediku txostena eta Barne ministro baten kontakizuna. Ez dago besterik. Baina ez da gutxi.

Badakigu guardia zibilek kolpatu dutela Igor Portu ETAko ustezko kidea, saihetsa apurtu eta birika zulatzeraino kolpatu ere. Eta badakigu, bertsio ofiziala egiazkoa balitz, birika zulatu ondoren hamazazpi orduz medikutara eraman ez omen zutenez, Porturen bizitza arriskuan jartzerainoko jokabidea izan zutela guardia zibilek. Baina badakigu bertsio ofizialak hutsune nabarmenak dituela, eta kontraesanean dagoela, adibidez, Lesakako miaketetan Portu nekatuta baina onik ikusi zutenen lekukotzarekin. Eta badakigu, bertsio ofiziala egia ez bada, Igor Portu torturatu egin dutela.

Ez dakigu Mattin Sarasola zertan den. Atxilotu zutenean guardia zibilei aurre ez ziela egin adierazi zuten aurrena Barne Ministerioko iturriek, lesiorik ez duela argitaratu zuen atzo, besteak beste, El Pais-ek. Baina Perez Rubalcabak atxiloketaren unean Sarasola ere zauritu egin zutela adierazi izanak ez du arrasto onik ematen, eta El Mundo-ren informazioak ulergarriago egiten du ministroaren bertsio berritua: «iturri judizialen» arabera, «gogor kontusionatua» heldu zen Sarasola Madrilera.

Dakiguna asko da -hiru orrialdeko mediku txostenari esker, funtsean-, baina ez dakiguna gehiago, Porturen eta Sarasolaren testigantzak etorri bitartean.

Donostiako Auzitegiak ikerketa zabaldu du, ospitalera indarkeriak eragindako lesioekin eramaten dituzten guztiekin egin ohi duen legez. Eta gertakizunak ikertu egin behar direla esan dute denek, baita Angel Acebesek ere.

Mediku txostena dago oraingoan, eta gerta liteke auzia azkeneraino argitzen saiatzea epaileren bat. Gerta liteke. Baina salbuespena litzateke. Unai Romanoren auzian argazkiak ere bazituzten, eta artxibatu egin zuten. Frogarik ez zegoen.

Atxilotua ospitalera eraman behar izan dutela eta mediku txostena zabaldu egin dela da orain arazoa, ez besterik, Guardia Zibilarentzat, Rubalcabarentzat eta PSOErentzat.

Igor Portu eta Mattin Sarasola Guardia Zibileko ETAren aurkako talde bereziek atxilotu dituzte, Landa Ekintzako Taldeek (GAR), duela hilabete Gorka Lupiañez ETAko ustezko kidea atxilotu zuten berberek. Makila batez bortxatu egin zutela eta poltsarena behin eta berriro egin ziotela salatu zuen, baita kolpe ugari eman zizkiotela ere. Baina Lupiañezekin, nonbait, kontu handiagoa izan zuten: ez zioten saihetsik apurtu, ez zioten ageriko zauririk utzi, ez zuten ospitalera eraman behar izan, ez dago mediku txostenik.

Ez dago arazorik.

Igor Porturen auzia ikertuko dute, edo ez dute ikertuko. Eta ikertzen badute, guardia zibilak zigortuko dituzte edo ez dituzte zigortuko. Eta zigortzen badituzte, indultatuko dituzte edo... Baina Guardia Zibilaren egoitzetan eta bestelako polizi etxetan funtzionario publikoek lanean jarraituko dute, ohiko lan metodoekin, atxilotuei informazioa ateratzeko betiko bitartekoekin. Eta, orain arteko jokabidean aldaketarik ez bada behintzat, Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailetako arduradunek elkarlanean jarraituko dute, informazioa normal trukatzen, Porturena salbuespena balitz bezala.

Eta ez da.

Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuko agintea hartu zuen urtetik aurrerako datuak ondo esanguratsuak dira: 57 tortura salaketa 2004ean, 52 hurrengo urtean, hiru besterik ez su-etenaren urtean, 2006an, eta 42 salaketa iaz.

 

 

etiketak: tortura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.