Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Meatzariak gure etxean

Meatzariak gure etxean

xme 2012/07/11 10:01
Egunotako meatzarien protestek gogora ekarri dizkidate gai horrekin egindako abestiak: "Nel pozu Maria Luisa" epiko eta erreibindikatiboa, "Soy minero" hunkigarri eta neurri batean alienatua, Victor Manuel asturiarrak bere aitonari eskainitakoa... Meatzaritzak gure familian izan duen eragina landu nuen, besteak beste, orain dela urte batzuetako liburu batean: "Arbelaren gainean". Hango pasartetxo bat dakarkizuet hona.

Hamalau urte bete zituenetik ezkondu zen arte (1951tik 1963ra) arbelgintzan lanean aritu zen gure ama. Ez pikatxoiarekin harrobian, ezpada arbela mozten, eskolan garai batean erabiltzen ziren pizarra txikiak eta halakoak egiteko. Fabrikako lana zen hori, ez noski meatze barrukoa.

Meatzari-meatzaria, aitona izan nuen. Hau ere esan gabe neukan orain arte, baina ez datua ezkutatzen ibili naizelako, esateko beharrik edo aitzakiarik ez zegoelako baizik. Orain bai. Meatzari nuen aitona, hitz horrek zer esan nahi zuen oso ondo ez banekien ere: telebistakoak edo egunkarietakoak izango nituen lanbide horri buruzko lehenengo berriak, hango edo hemengo meatzari-kontuak agertzen zituztenekoak, Asturias aldekoak segur aski: grisu-leherketa bat eta hildakoak, silikosia, zulo barruko ilunpea eta klaustrofobia... Aski epikoak eta tragikoak denak ere. Ziurtasunez gogoratzen dudan estreinako erreferentzia kulturala, nolabait deitzearren, Antonio Molina kantari espainiarraren abesti bat izan zen, “Soy minero” izenekoa, Segura Irratiko kantu eskainien tartean ia egunero entzunarazten zutena; ondo gogoan dut haren doinu flamenkoa, ahots zoli berezia, baina hala ere, txikitan behin eta berriz entzunagatik, hitzak ez nituen inoiz ikasi, batetik ulertzen ez nituen berba arraroak zeudelako, eta bestetik tarteka hitzak luzatu eta luzatu egiten zituelako, Molinak ohi zuen gisan, desitxuratzeraino. Buruan betiko iltzatua daukat ordea harrotasunezko amaiera hura, meatzaritza zerbait handia eta sekulakoa zela pentsarazten zuena: “... Repetirle al mundo entero yo, yo soy minero”.

Oso bestelako mezua zabaltzen zuen beste kantari espainiar batek: Victor Manuelek bere aitona meatzariari eskaini zion kantu hunkigarri bat, aspaldikoa izan arren nik garai hartan ezagutu ez nuena (Segura Irratiko programazioan sartu gabe zegoelako-edo). Molinarenak ez zuen esperientzia pertsonalaren usainik, bere borondate onenarekin kantatuko zuen akaso baina meatzari zapalduak kontentu edukitzeko egina zirudien abestiak, frankismoko politika alienatzailearen barruan. Bestea, berriz, asturiarra zen behintzat, eta pentsatzekoa zen, beraz, egiazki ari zela. Haren kantaren hitzak itzulita, apala da baina ez itsusia geratzen zaigun poema:

 

Ate aurrean eserita
zigarro-mutur itzalia ezpainetan
txapela buruan, eta eskuan
hurritz makila urduria.
Zer oroitzen ote du bere kopeta zabal-argiak?
Udaberri hostogabetua agian,
bolbora bustiaren usaina
edo ikatzaren gustua, pikatzen ari zela.

Pikatzailea izan zen aitona
han, meatzean
eta ikatz beltza erauziaz
erre zuen bizia.

Eskaileran eseri da aitona
goizaldeko eguzki epelaren zain
begia mendian iltzatuta.
Huraxe du lagun zintzoena, ziririk sartuko ez diona.
Eskua dardarka patrikara darama
tabako eta paperaren bila
eta azkenean beti bezala marmarka
Mariak tabakoa ezkutatzen diola eta.

Pikatzailea izan zen aitona
han, meatzean
eta ikatz beltza erauziaz
erre zuen bizia.

Ander
Ander dio:
2012/07/11 10:40
En vez de pico, metralleta / en vez de casco, un embudo...

http://www.youtube.com/watch?v=4FcP9HaFFUE
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.